Hartzekodunen lehiaketan egon da azken urtean Koxka enpresa bi proiekturen arteko borrokan, eta paper artean aurkitu dugu Ramon Salinas Garrido. Koxkako langile ohia da eta beren enpresa izandakoari aterabidea emateko proiektua prestatu dutenetako bat. Gaur esku artean dauzkan orri horiexen artean pasa ditu azken hilabeteak Salinasek beste zenbait kiderekin batera, enpresaren bideragarritasun plana eta enpresa modeloa garatzen. Langileak lehen lerroan jarrita eta kooperatiba eredu bezala hartuta egin dute lan-sozietate baten aldeko apustua.
2014an behea jo zuen lantegiak eta berrehundik gora langile geratu ziren kalean. Hartzekodunen lehiaketara pasa zela eta inork hartu ezean txatarrerako geratuko zenaren beldurrez, langileek Koxka berreskuratzeko aukera ikusi zuten. Urte gorabeheratsuak igarotakoak dira: 2009an EEEan sartu zirenetik 2014an azken errematea jaso zuten arte, ikusi behar izan dituzte kaleratzeak, gainerako langileak enpresa funts putre deituriko AYAC taldearen esku geratu izana, eta hau zorra zorraren gainean nola ari zen pilatzen. Koxkaren irabaziekin poltsikoak bete eta Gizarte Segurantzan 7 milioi euroko zuloa utzita alde egin zuen AYACeko zuzendaritzak. Zor horrek zaildu du hartzekodunen lehiaketa, 2014ko irailean indarrean sartu zen legeak baitio zorra hurrengo hartzaileak ere jaso beharko duela. Interesa zuten zenbait enpresari atzera bota zituen pisu ekonomiko horrek, eta langileek euren proposamena aurkeztu zuten.
108 kideren babesa
Paper eta txostenen artean dantzan, atera digu Salinasek administrariari aurkeztu zioten lehen zirriborroa. 108 kideren atxikimenduarekin adierazi zuten horietako bakoitza prest zegoela buruko 25.000 euro jartzeko –kalkuluak kobratuko zuten langabeziaren araberakoak ziren– eta diru horrekin Koxka berriz ere martxan jartzeko. “Hasierako zirriborro hartatik hona izugarri ikasi dugu” dio barrez Salinasek txostenari begira, “gure helburua nola edo hala proiektu bat aurkeztea zen, baina gu ez gara enpresariak, eta egun batetik bestera lantegi baten bideragarritasun plana osatzea ez da batere erraza”.
Zuzendari ohiak izan dituzte parean, ordea, beste enpresa proiektu batekin, eta langileak hitz egiteko prest agertu badira ere, ezezko erantzuna jaso dute beti.
Ekonomia sozialaren baloreetan oinarrituta, SAL (lan-sozietate anonimo) bat sortzeko enpresa proiektua aurkeztu zuten langileek. Proiektua bera osatzeko prozesu guztia kideen onarpenarekin eta gardentasun osoz egin dutela diote harro, eta bidea hori dela iritzi diote. Ez dira, baina, proiektuan idatzitako hitz hutsetan soilik geratu, Salinasen arabera zerotik eraikitako balizko enpresa horretako baloreak hasieratik jarri nahi izan dituzte praktikan.
Enpresa erosteko txatarrerako balioko lukeen kantitatea eskaini zuen langile taldeak, nabeen benetako balioa hori zela argudiatuta, eta langile bakoitzak bere poltsikotik jarri beharreko dirua, aldiz, enpresa martxan jartzeko litzateke. Zenbait hornitzaileren onespena eta babesa ere lortua zuten eta bezero batzuk ere prest zeuden berriz ere hartu-emanetan hasteko.
Administrariari ez zaio, ordea, nahikoa diru eskaini dutela iruditu, eta zifra altuagoa eskaini duen zuzendari ohi taldeari eman dio enpresa. Diruan egongo da koxka.
Non dago: Iruñea (Landaben poligonoa).
Zer egiten du: Saltoki handietarako hozkailuak.
Egoera: Hartzekodunen lehiaketan 2014tik.