argia.eus
INPRIMATU
Estatuen biktimak
Zauriak zabal-zabalik dira
  • Euskal Herrian azken hamarkadatan bizi izan den gatazka politikoak mota askotako biktimak eragin ditu. Giza Eskubideen Behatokiak estatuen hainbat biktima elkartu zituen 2014ko hondarrean, haien sufrimendua azaleratu eta kontzeptu-mapa batera eramateko. Gerra zikinaren biktimak, presoen senideak eta torturatuak bildu zituen taldeka, sentimenduak partekatu eta gizartean ikusgarri egiteko helburuarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko irailaren 24a
Gerra zikina, tortura eta presoen senideen sufrimendua azaleratzeko Giza Eskubideen Behatokiak egindako talde dinamikak bideratu zituen Xuban Intxaustik.
Gerra zikina, tortura eta presoen senideen sufrimendua azaleratzeko Giza Eskubideen Behatokiak egindako talde dinamikak bideratu zituen Xuban Intxaustik.Dani Blanco

GALek hildako Ramón Oñederra Kattu-ren gurasoak elkarrizketatu ditugu, Pruden Oñederra eta Arantza Bergara. Iker Moreno torturatua eta torturak sakon ikertu dituen Oihana Barrios psikologoaren testigantzak ere ekarri ditugu. Izaro Arruartek anaia eta bikotea ditu espetxean, Almeria-Paris 2.000 kilometroko lerroan bidaiatzen du 19 hilabeteko umearekin.

Xuban Intxausti izan da biktima hauen bizipenen azaleratzea dinamizatu duena: barnean dituztenak mahai-gainera atera, paperera eraman eta ondoren kontzeptu-mapa bihurtu. Ekimenak balio izan zien barrenak arakatu eta esperientziak partekatzeko. Horrez gain, Intxaustiren esanetan, “oso garrantzitsua da sufrimendua gizarteratzea” eta horretan jardun dute hainbat hilabetetan hainbat hedabidetan. Biktimez inoiz baino gehiago hitz egiten den garaian, herritar askok sufritzen jarraitzen du oraindik. Pertsona zehatzen bidez, haien egoeraren printza bat eskaini nahi izan da LARRUN honetan.