Katalunian independentzia lortzeko aukerak Espainiako Gobernuan alarma piztu du, baita espainiar alderdien –eskuineko nahiz ezkerreko–, Konstituzio Auzitegia moduko erakundeen eta euren terminal mediatiko guztien artean ere. Jadanik benetako gerra zikinean sartuta daude denak, katalanen eta euren ekonomiaren kontra. Erabili dituzten argudioak asko dira: enplegua, ogia, pentsioak, aurrezkiak, zerbitzu publikoak, enpresen deslokalizazioa, eta abar. Gerra zikina sustatzen ari direnen arabera, independentzia aldarrikatuko balitz kaosa nagusituko litzateke Katalunian, hondamendia, langabezia eta pobrezia ere haziko lirateke, pentsioak ezin ordainduta, Europa eta gainerako mundutik isolatutako herrialdea litzateke. Beldurra eragiteko argudioak dira, herritarrek botoa askatasunean emateko duten eskubidea murrizteko saiakera larria.
Badaude, ordea, arrazoiak pentsatzeko Katalunia independentea ekonomikoki bideragarria izango litzatekeela, ongizate gehiago ekarriko lukeela eta merkatuek konfiantza handiagoa izango luketela Kataluniarengan, Europako herri aberatsenetako moduan segituko bailuke. Hori ez dute katalanek soilik esan. 1992ko eta 2004ko Ekonomia Nobel saridunek, Nazioarteko Moneta Funtseko zuzendari ohiek, Eurostatek, Suitzako Bank Credit-ek eta Bundestag banku alemanak, Financial Times, The Wall Street Journal eta beste hainbat hedabidek… Horiek guztiek Kataluniaren independentziaren aldeko datuak eman dituzte.
Ondorioz, desiragarria litzateke guda zikina baztertu, mehatxuak egiteari utzi eta hondamendia iragartzen duten argudioak eman ordez, herritarren artean eztabaidatzea kontrako eta aldeko argudio ekonomiko serioak, bai Kataluniarentzat, baita Euskal Herriarentzat ere. Hor daude, adibidez, Josep Borrell eta Joan Llorachek esandakoak Los cuentos y las cuentas de Cataluña liburuan, dirudienez TV3n betoa jarritakoak –telebista kateak dio elkarrizketa proposatu diela egileei hauteskundeak igaro ondoren–. Herritarrek eskubidea dute zehaztasunez jakiteko aldeko eta kontrako argudio ekonomikoak zein diren. Eta behin bozketa eginda, denek errespetatu dezatela hautestontziek diotena, eta kasu honetan, hobe erreferenduma balitz.