argia.eus
INPRIMATU
Karrikak sutan
Itxaro Borda 2015eko irailaren 09a

Bat baino gehiago ohartu da udaran, laborariek autobideak eta hiri handietako karrika zenbait blokeatu zituztela. Edo pastenarreak eta baratzekariak suprefeturen atarietan barreiatu, ekintzak askotan kontrolik eta neurririk gabeko biolentziaz bukatzen zirela. Arratsetako zortzietako berrietan, Lance Armstrongen zorionak erdietsiz Christopher Froome txirrindulariaren elkarrizketaren aurretik, ikusten ziren FNSEAko arduradunak haserre eta malkotan.

Behi haragiaren prezioen apala salatzen zuten, banatzaile handiek atzerrietatik zitzia are merkeago sartzen dutelako –Argentina ala Zeelanda Berritik honako hegazkin garraio gastuak barne– eta osasuna zaintzeko printzipioaren izenean baldintza sanitarioak gero eta zorrotzagoak direlako Europa zakarrean: ez dira libre nahi dutena, nahi duten bezala egiteko, hau da, herritarrak arraiki pozoitzeko eta hormonaz emokatzeko.

Harrigarriena zera da: nekazari sindikatu ofizialeko afiliatuenganako inpunitatea. Edozein langile taldek edo sasi-hirietako gazte mukizuk laborari horiek eragin kalteen laurdena egin izan bazuten, kartzela eta nazio bilduaren irainak jasanen zituen.