argia.eus
INPRIMATU
Hautagaitza bateratu baten alde
Jon Alonso 2015eko irailaren 09a

Hauteskunde orokorrak daude horizontean, eta badirudi aski bereziak izango direla, besteetan ez bezalakoak. Batzuek “bigarren trantsizioaz” hitz egin izan dute, azken urte hauetan bizi dugun giro politikoa definitzeko. Izendapena gehiegizkoa da, beharbada; hala ere aitortu behar da badagoela zerbait horretatik, “meloia ireki” beharko dela uste duelako askok. Hitz korrektoagoekin esateko: gehiegi da prozesu konstituziogile bati buruz mintzatzea, baina denek dakite oso litekeena dela 1978ko konstituzioa ukitu, aldatu, erreformatu behar izatea. Arrazoi bat baino gehiagoarengatik, baina, batez ere, gertatzen dena gertatzen dela, ezer ez delako berdina izango irailaren 27tik aurrera.

Hori horrela, bakoitza bere estrategia prestatzen ari da, orain hartzen diren hautuak epe ertain-luzean indarrean egongo direla jakinik. Zeri esaten zaion ertain-luzea, politikan, eta gauzak gero eta agudoago gertatzen ahal direla jakinik; baina, konparazio baterako, 78koak 37 urterako eman du.

Hala, PP-UPNk laugarren iragankorra kenduko dutela diote, eta zentralismoa areagotzeko beste neurri batzuk hartu. PSOEk federalismo hitza erreskatatu du, itxura batean guardasolaren gisa erabiltzeko, eta EAJk, ohi legez, denetarik esaten du, nork non: oraingoan Ortuzarri egokitu zaio bertsio abertzalea zabaltzea, erabakitzeko eskubidearen alde eta beste; Urkulluk, aldiz, bertsio “errealista-pragmatikoa”: estatutuaren erreforma, beti ere PSOEri zeharka begiratuz, zer gerta ere.

Inkognita asko dago airean, eta denak zuhur dabiltza, hauteskundeetan zer gertatuko zain. Gauzak horrela, zer espero dezakegu egiazko aldaketaren eta erabakitzeko eskubidearen aldekook?

Trantsizio garaian haustura demokratikoa deitzen genuen haren alde geundenok, beste aukera bat eduki genezake, hausturarik gabeko trantsizioa iruzur bat izan dela konturatu diren belaunaldi gazteagoekin bat eginda. Hiru ardatz argi hauen inguruan bat eginik: erabakitzeko eskubidea (hasteko, noiz erabakiko dugu zerbait gure estatusari buruz inoiz ezer erabaki ez dugun nafarrok?), politika ekonomiko neoliberal, austerizida eta desberdintasun-eragilearen aurka, eta bizikidetza baketsuaren eta biktimen erreparazio justuaren alde.

Orain ez dute balio trantsizioaren aitzakiek (indar korrelazioa, armada, indarkeria...).

Bakarka joanda emaitza hobeak espero dituenak azaldu dezala zer aritmetika baliatzen duen, zertarako nahi dituen emaitzok, norekin bat egiteko asmoa duen, zer helbururekin.