argia.eus
INPRIMATU
4.000 urteko hiria itsaspean
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko irailaren 09a
Greziako Kultura Ministerioa

Brontze Aroko hiri bat aurkitu dute Egeo itsasoan Genevako Unibertsitateko, Suitzako Arkeologia Eskolako eta Greziako Antzinate Saileko ikerlariek. K.a. 2000-3000 urteen inguruan hiriak garrantzi handia izan zuela uste dute, aztarnategiaren tamainan eta aurkitutako babes elementu ikusgarrietan eta harresi sendoetan (argazkian) oinarrituta. “Garai horretako halako babes egiturarik ez da aurkitu gaurdaino Grezian”, Julien Beck Genevako Unibertsitateko kidearen hitzetan. Oraindik ez dakite hiriak zer tamaina zeukan, eta oraingoz 1,2 hektarea aztertu dituzte –bi futbol zelaitik gora, komunikabideek gogokoen duten azalera unitatean adierazita–. Aurkikuntza oso lagungarria izango da Brontze Aroko merkataritza ibilbideak hobeto aztertzeko.