argia.eus
INPRIMATU
Ur azpian bustiko ez den materialaren bila
Joxerra Aizpurua Sarasola 2015eko irailaren 03a
Uretan siku mantentzen den material batek ontzietan animaliak itsastea eragotzi lezake.
Uretan siku mantentzen den material batek ontzietan animaliak itsastea eragotzi lezake.www.maritime-executive.com

Euri urak bustitzen ez duen gainazalen inguruko berria aipatu izan dugu sail honetan. Oraingoan, are zailagoa dirudien zerbait aipatuko dugu: ur azpian ere lehor mantentzen den materiala.     

Northwestern Unibertsitateko (AEB) Neelesh A. Patankar ingeniariaren lantaldearen arabera, gainazalak ur azpian lehor manten daitezen itxura eta ezaugarri bereziak behar dituzte. Garrantzi handia du zimurtasunak; zimurretan dauden “haranen” diametroak mikroia, hots milimetroaren milarena, baino txikiagoa izan behar du, horrela lortzen baita haran horietan ur lurrina pilatzea ur likidoaren ordez. Ezaugarri hori hainbat ur-intsektuk dute, beraz naturan existitu egiten da jada.     

Horrelako material batek abantaila itzelak eskain ditzake. Itsasontzietan, esaterako, oso ohikoa da ur azpian dauden aldeetan animalia ugari itsastea; horrek urarekiko erresistentzia handitu eta erregai kontsumoa handitzen du. Ontziaren gainazala lehor mantentzeak arazoa saihesten lagundu lezake.