argia.eus
INPRIMATU
Lehorretik
Edu Zelaieta Anta 2015eko irailaren 02a

Lehorretik ari da begiralea, haurrek igerian ikas dezaten. Igerian irakasteko metodo bitxia. Busti gabe. Pedagogia ezaguna dugu, edonola ere: egizu nik esaten dudana, ez egiten dudana. Historikoki apez frankok praktikatu izan dute halako ikasbidea, bai eta (bestelako) agintari batzuek ere, bereziki botere-gune nagusien inguruan aritu direnek.
    Lehorrean egin du saio guztia begiraleak, mahuka motzeko kamiseta bat jantzia duela. Eta hala jardun du egunero, ikastaroa bukatu arte. Busti gabe, instrukzioak eta aginduak ematen ozenki, tarteka zakar antzean, soinean daraman kamiseta bereizgarri: bainujantzian ez dagoen pertsona bakarra bera da. Gogoan hartu, baina, ez dela bereizgarri bakarra: igeri egiten ez duen bakarra igerian irakasten duen begiralea da. Lehor hasi, lehor jardun, lehor bukatu.
    Lehorretik abiatu da ikasturte berria, Kataluniako hauteskundeak atarian daudela. Izan ere, Madrilen, igeriketa ikastaroan bezala, lehorraren legea da nagusi. Ikuskizun dago orain zein jarrera hartuko duten ur mugituetan sartuko diren boto-emaileek, eta nori eginen dioten kasu ez itotzeko.