argia.eus
INPRIMATU
Esnea ez dator iturritik
Juan Mari Arregi 2015eko irailaren 03a

Hala da, esnea ez dator iturritik. Horixe da euskal esneki-esplotazioetako langileek eta Espainiako Estatukoek Nekazaritza ministro espainiarrari esan berri diotena. Eta gauza bera esan diete arduradun foral eta autonomikoei. Esneak, aurretik lan bat eskatzen du, esplotazio egoki bat. Horrek prezio bat dauka, gutxieneko kostuak bertan hartuko dituena. Baina merkatuak, industriek eta saltoki handiek ez dute hori onartu nahi, produkzio kostuen azpitik dauden prezioak ezartzen ari baitira. Horrek sektorearen agonia sorrarazi du; azken urteetan ehunka ustiategi itxi behar izan dituzte eta milaka lanpostu galdu dira. EAEn esnea produzitzen duten baserriak azken hamalau urtetan 3.274 izatetik 735 izatera pasa dira; behi kopurua ere erdira jaitsi da: 2000. urtean 40.434 behi zeuden, 2014an berriz, 20.565. Egoera honen aurrean, abeltzainek mobilizazioak hasi dituzte, eta akordio batera iritsi ezean jarrera gogortzeko aukera zabalik utzi dute.

Zein da arazoa? Abeltzainak babesgabe daude, inolako araudirik ez duen merkatuaren aurrean. Industriak ezarritako prezioek askotan ez dute produkzio kostuak ordaintzeko adina ematen. Ohikoa da prezio hori esne-litroko 0,24 eta 0,28 eurotan egotea, baina kostuak ordaintzeko gutxienekoa 0,35 euro dela kalkulatu dute arduradun sindikalek. Zenbait baserritan 0,15 baino ez zaie ordaindu! Horrela ezin da lanik egin, ateak ixten ari dira. Esnetarako behia desagertu egin daiteke, enplegurik sortu ez, landa eremuak abandonatu, eta ingurumena galbidean jartzeraino.

Mobilizazioen aurrean, Espainiako Gobernuak 300 euroko diru-laguntza iragarri du behi bakoitzeko, produkzio kostua ordaintzeko gai ez den abeltzainarentzako. Ez dirudi nahikoa denik. Sindikatuek eskatu dute jatorritik datorren esneari salmentarako gutxieneko prezio bat ezartzea. Euskal Herriko enpresa eta foru erakundeek, baita administrazio autonomikoak ere, ezin dute esnearen sektorea hiltzen utzi, bertatik bizi direlako milaka familia, eta arriskuan daudelako nekazaritza guneak eta ingurumena bera ere.