argia.eus
INPRIMATU
Egin ditzagun film kaxkarrak!
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre 2015eko irailaren 03a
Ekoizpen handien bertsio merke eta txarrak: horra The Asylumen arrakastarako formula.
Ekoizpen handien bertsio merke eta txarrak: horra The Asylumen arrakastarako formula.

Sharknado, Mega Shark vs Mecha Shark, Abraham Lincoln vs. Zombies, Mega Python vs. Gatoroid, Crocosaurus… Ziur azkenaldian eta behin baino gehiagotan entzun dituzula izenburu xelebre hauek. Interneten gora eta behera dabiltza pelikulak eta bertako trailer eta bideoak sare sozialen bitartez, izugarri biralizatzen dira. Jakin, zentzugabeko izenburu horien atzean izen bat dagoela: The Asylum.     

Azken urteotan, Hollywood-etik etengabe bonbardatzen gaituzte, remake, reboot, prekuela eta originaltasun falta larria duten ehunka ekoizpenekin. Baina, The Asylumek aireratzen dituen filmekin konparatuz gero, sormenaren gailurrak dirudite.     

Eta zer da zehazki The Asylum? Ekoizpen eta banaketa lanak egiten dituen konpainia zinematografiko amerikar bat, ezaugarri nagusi batzuk dituena: aurrekontu eskaseko filmak direla, aurretik existitzen diren hainbat blockbusteren plagio parodiko-okerrak, zuzenean DVD/Blu-ray merkatura irteten diren fikzioak. Harrigarria dirudien arren, gehienetan oso errentagarriak izaten dira, jatorrizkoak zinema aretoetan estreinatu baino lehenago aireratzen baitituzte, denbora-errekor guztiak hautsiz, filmen kopiak (Mockbuster deiturikoak). Pacific Rim iragarri zutenean adibidez, Atlantic Rim errodatu zuten segituan. Gehienak lau hilabetean errodatu dira.     

Merkezurreko eta gaizki eginiko efektu berezi horiei gehitu behar zaizkie azken-lerroko aktoreen zerrenda kaskarra, edo aktore ezagunen senideak. Ez-dakit-noren anaiaren lehengusua, beste horren semearen osaba eta abar. 1980ko eta 90eko hamarkadetan telesail arraroetan irtendakoek ere badute lekua fikzio hauetan: Power Rangersen lan egindakoek, adibidez edo ostrazismoan galdurik dabiltzan beste batzuk, Steve Urkel (Jaleel White) besteak beste.     

Eta nondik dator arrakasta? Konpainia 1997 urtean sortu zen eta hasieran beldurrezko filmak egiten zituzten batik bat. Baina konpetentzia zela eta, 2005. urtean hasi ziren joeraz aldatzen. Urte horretan Steven Spielberg eta Peter Jackson zuzendariek, King kong eta The War of the worlds filmak estreinatu zituzten hurrenez hurren. Nola ez, Asylumekoek H. G. Wells’ War of the Worlds eta King of the Lost World ekarri zituzten.     

Hortik aurrerakoa, parranda galanta! 2006. urtean, The Da Vinci Treasure, Snakes on the Train eta Pirates of Treasure Island (The Da Vinci Code, Snakes On a Plain eta Pirates of Caribeanen bertsioak noski); 2007an, Transmorphers eta abar. Esan beharrik ez dago, nabarmena baita, filmak oso txarrak direla, baina lagunartean barre batzuk egiteko paregabeak.     

Honi lotuta bada beste kontzeptu bitxi bat, Hollywood aldean azken urteotan geroz eta gehiago zabaltzen ari dena: high concept delakoa. Paperean tontakeriak diruditen filmak, baina sekulako arrakasta eta diru sarrera ikaragarriak dituztenak. The Asylumen kasuaren antzera, ezinbestekoa, film horren premisa, esaldi bakarrean kontatzeko modukoa izatea. Tontakeria? Ala jeinutasun hutsa? Mota honetako filmen adibide bat lehen aipaturiko Snakes On a Plane da: hegazkin bat sugez beterik. Hain erraz laburbildu daiteke, filmaren izenburua berarekin jakin baitezakegu zeri buruzkoa den. Arrakasta izan dezan, saihestezinak diren ezinbesteko hiru baldintza bete behar dira: filmak promozio bortitza eduki behar du, ahalik eta merchandising gehiena saldu eta batez ere, nerabeen artean arrakasta duen aktore lirain eta eder bat tartean sartu. Interpretazioaren prodijio hutsak diren, Taylor Lautner, Kristen Stewart ala Zac Efron, adibidez.     

Beraz badakizue, ez galdu denborarik gidoiarekin. Filma mundu guztira zabaltzeko Weinstein bezalako tipo bat kontratatu, aktore ezagun eta lirain bat aukeratu (ona ala txarra, berdin dio); kamiseta eta panpina bilduma zabala sortu eta aberastera! Oraintxe okurritu zaidan bat: Sagardorik gabeko sagardotegi batean, bi astez harrapaturik geratzen den frantses koadrila bat