argia.eus
INPRIMATU
Arrosatik gorrira
Inma Errea Cleix @inmaerrea 0000ko ren 00a

Arrosa koloreko mundua, hori agintzen zaie neskei txikitatik. Tonu arrosetan blai datoz jostailu-iragarkiak, jantzi eta osagarriak, eskola-materialak...

Ez dut gogoan arrosa kolorea bereziki gustuko izatea haurtzaroan, ez nik, ez inguruko neskek, nahiz bagenituen neska gisa bereizten gintuzten ezaugarriak: parpailez eta loredun estanpatuez betetako soinekoak, printzesen ipuinak, ezkongaienak ziruditen jaunartze- jantziak...

Baina arrosak koska bat gorago egin zuen, eta, neska txikien kolore tradizionala izateari utzi gabe –mutiko txikien urdin argiari kontrajarrita–, emakume-kolorea bilakatu zen (andreak eta haurtxoak nahita pareko?). Orain, neskatila eta emakume askok arrosa biziki maite dute, eta mutiko askok biziki arbuiatu, neskatilen kolorea delako! Eta jende askok uste du jaiotzetikoak direla arrosarekiko zaletasuna eta gorrotoa.

Arrosa kolorea emakumezkotasunaren ikur nagusietako bat izaki, ez da bakarra. Neskatilak haztean, beste baliabide batzuk dituzte eskura emakume agertzeko: jantzi iradokitzaileak, orrazkera ezin zainduagoak, takoiak, makillajea... Azkenotan, industriaren saltzeko grinak mutilentzako ere asmatu ditu halakoak, baina, gauzak zer diren, beti bezain zorrotz bereizten ditu gizonen eta emakumeen estetikak. Emakumeak, emakume, eta gizonak, gizon. Eta aukera sexual desberdinaren bat dutenek ere estereotipo horietara beraietara jo behar, beren hobespenak aldarrikatuko badituzte: genero-rolek ez dute barkatzen.

Emakume askori, ordea, arrosa gorri bihurtzen zaie, beren odolaren gorriaz tindatzen zaie agindu zieten arrosa koloreko bizitza. Maiz, bizitza izateari utzi, eta heriotzarik beltzena bilakatzen zaie.

Jende asko urduritzen da, entzuten duenean, arrosa koloreko lilurari tinko eutsita gizonen ikuspegia gizartean nagusi bihurtzen duen bereizketa sexistak bultzatzen duela genero-indarkeria. Jende askok –emakume zein gizon– gustuko ditu amets erromantikoak eta arrosaz margotutako errealitatea, ez die uko egin nahi halakoei, eta ez du ikusi nahi zer dagoen egiatan bortizkeria sexistaren atzean. Baina honezkero premiazkoa da: bortxaketa edo hilketa bat dagoen bakoitzean nola den posible galdetzen ibili ordez, gizarte honetako sexismoa desmuntatu behar dugu, attrezzo (arrosa) eta guzti, emakumeak arrosatik gorrira daramatzan bidea eteteko.