argia.eus
INPRIMATU
Sua darion txorrotako ura, eta askoz gehiago
  • Gasland
    Zuzendaria:
    Josh Fox.
    AEB, 2010. 106 minutu.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko uztailaren 29a

“Zenbateraino lagundu du Gasland filmak frackingaren aurkako herri mugimendua suspertzen?”. Horra Subilla Gasteizko Frackanpadan entzun genuen galderetako bat. Ezin erantzun zehatzik eman, baina susmoa dut Josh Fox estatubatuarrak 2010ean ondutako dokumentalaren irudi ezagunena –sua darion txorrotako ura– lau haizetara zabaldu izana erabakigarria suertatu dela haustura hidraulikoa beste ingurumen arazo batzuk baino askoz indar handiagoz itsasteko irudimen kolektiboan. Ia denok dugu frackingaren berri, eta ia inork ez dizu hitz egingo haren alde.

Filmaren ordu eta hiru laurdenak egilearen historiarekin hasten dira. 2009an, Foxek hidrokarburo ez-konbentzionalen industriarekin harremana izan zuen lehen aldiz: 100.000 dolar eskaini zizkioten bere lurretan putzuak egiteko baimenaren truk. Eskaintza oparoak zalantza piztu zuen Foxengan, eta ikertzeari ekin zion, AEBetan haustura hidraulikoa lehenagotik erabiltzen zen lekuetako testigantzak jasoz.

Barrutik egindako kazetaritza lantzat jo daiteke Gasland. Datu ugari emateaz batera, egilea saiatu da frackingak kaltetutakoen emozioak azaleratzen, eta bereak ez ditu ezkutatu. EAEn haustura hidraulikoari oztopo handiak jartzen dizkion legea onartu berri den honetan alferrekoa eman lezake filma ikusteak, baina Gasland gomendagarria iruditzen zait edonola ere, kalitatez eginda dauden lanak hala direlako beti, eta mehatxuaren aurrean ez lasaitzeko akuilu ezin hobea delako gainera.
Interneten libre dabil filma eta euskarazko azpidatziekin ikusi nahi baduzu, Argia.eus-en Multimedia atalean aurkituko duzu, Gasaren lurraldea bilatuta.