argia.eus
INPRIMATU
Komunikazioa ere politika da
  • Cómo acabar
    con el mal

    Hainbat egile.
    Virus, 2000

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko uztailaren 29a

Kontzientziak astin ditzake ekintza komunikatibo batek, hartzailearen eskemak hausteko gai bada. Diskurtso orokortua pitzatzea da gakoa, elementu berriak sartzea. Como acabar con el mal liburua oso baliagarria da gerrilla komunikazioa interesatzen zaion edonorentzat.

Politika egiteko modu berri eta berritzaileei buruzko gogoeta da. Politika egiteko modu subertsibo zuzenak, azalpen teorikoak, aukerak eta mugak besteren artean. Azken hamarkadetan egindako dozenaka ekintza jasotzen ditu Bartzelonan argitaratutako liburu honek; hainbat Euskal Herrikoak, dispertsioaren aurkako Giraldillak edo intsumisoek erabilitako teknikak kasu.

“Nola da posible gure jendarteko herritarrek horrenbesteko naturaltasunarekin onartzea egungo botere harremanak? Zergatik bizi dugu hau dena gauza normala balitz bezala, eta orokorrean, zergatik ez ditugu zalantzan jartzen? Nola sortu interferentziak eta nahasketak boterearen inguruan dagoen kontsentsu sozialean?”, galdetzen dute aurkezpen gisa. “Politika ezkertiarra egiteko moduen zabalkundean ekarpena egin nahi genuke”, diote.

Boterea, kultura, subertsioa eta irudimena ardatz, herri mugimendu subertsiboenen adibidez josia dago: Marcos komandanteordetik hasi, Bartzelonako udaletxean okupazioaren bandera jarri zutenekoa, Alemanian pilak egiten dituen enpresaren ustelkeria salatzeko ekintzak; McDonalds, Benetton, Shell, Coca Cola eta beste multinazional askoren aurkakoak; oso ezagunak izan ez arren, oso inspiragarriak gerta daitezkeen gatazka txikietako garaipen txikiak...

Luther Blisset, A.F.R.I.K.A. talde autonomoa eta Sonja Brünzels-en izenean sinatuta dago, eta interesa duenak izen hauen atzean ekintzaile irudimentsuen historia topatuko du. Nabarmentzekoa da erabili duten formatu berezia, orri bakoitza hiru heren horizontaletan banatuta idatzi baitute, letra tipo ezberdinekin bereizita goiko, erdiko eta beheko parteak. Puntuz puntu goian teoria, erdian azalpen eta gogoetak, eta behean praktikak azaltzen doaz. Ongi pentsatuta dago formatua.

Gerrilla komunikazioaren manuala. Min lokal eta orokorren tratamendurako kontsulta praktikoa. Nola amaitu gaizkiarekin, da liburuaren izenburu osoa. Eskuratzen zaila den liburu horietako bat da, baina sarean PDFan aurki daiteke.