Barakaldotik Baionara low cost bizimodua saltzen

  • Barakaldokoaren ondotik, IKEAren bigarren frankiziak ateak zabalduko ditu Baionan. Hamaika urteko aldea dago Barakaldoko eta Baionako “errepublika independenteen” artean, baina, altzari merkeez gain, bada Suediako multinazionalaren bi egitasmoak batzen dituen haria: bizimodu prekarioa. Low cost ereduak bizi gaitu.

Bizi! mugimenduko kideek Baionako erdiguneko saltegien hil-otoitza irudikatu zuten 2013ko abenduan.
Bizi! mugimenduko kideek Baionako erdiguneko saltegien hil-otoitza irudikatu zuten 2013ko abenduan.Bizi!

Abuztuaren 26a egutegian ondo markatuta izango du batek baino gehiagok, altzarien eta dekorazioaren alorrean mundu mailako ikurrak ateak irekiko baititu Baionan. Lehen hiru egunetan 40.000 bisitariren erromesaldia jasoko dute, frankiziako zuzendari Christian Kaelenen ustez. Izen ofiziala IKEA-Ametzondo izango du merkataritza-gune erraldoiak eta altzari dendarekin batera Carrefour, Mc Donald’s, Mango eta Primark moduko multinazionalek –orotara 92 markek– beteko dute. Hiriburu, Mugerre eta Baiona udalerrietako 37.747 metro koadro okupatuko dituzte eta urtero 8 milioi lagun jaso nahi dituzte. Hasiera batean frankizia berria Irunen ezartzeko asmoa zuen IKEAk, baina erakunde publikoen presio eta laguntzen bidez Baionara erakarri zuten. Alain Iriart Hiriburuko alkateak patuari egotzi zion suediarren etorrera, 2013ko abenduan saltokiaren lehen harria ezartzeko ekitaldian: “Urdina eta horia dira Ikearen koloreak, Hiriburuko armarri historikoaren berberak: elkar topatzeko eginak ginen”. Halere, “zoriak” ekonomiarekin, lan baldintzekin eta naturarekin lotutako kezkak ekarri ditu.

IKEA-Ametzondo guneak 8 milioi autoren poluzioa ekarriko du –%60 Hegoaldekoak– , Bizi! mugimendu altermundistak zabaldutako datuen arabera. A63 eta A64 autobideaksaltokitik 30 metro eskasera izateak ez du egoera hobetzen lagunduko. Ingurumenaren defentsan aritzen da Mugerreko Cadre de Vie elkartea eta ikuspegi ekologikoa eztabaidaren erdian kokatu duen taldeetako bat izan da. “Osasun publikoaren aurkako erasoa izango da IKEAren bueltan garraioak sortuko duena”, dio Martin Bouchet taldeko kideak. IKEA-Ametzondo ingurune natural baten gainean eraiki izana ere salatu dute Cadre de Vieko lagunek. “Urak erraz hartzen duen zonaldea da, eta merkataritza-gunearen inpermeabilizazioak uholde arriskua duten inguruko auzoen egoera kaltetuko du. Zonalde naturalak hormigoitzea akats larria da”, Boucheten ustez.

Merkataritza-gune handiz josita dago Baiona-Angelu-Biarritz triangelua. Biztanle eta saltoki kopuru arteko proportziorik handiena du Frantziako Estatuan, milioi erdi biztanle dituzten Estrasburgo edo Rennes moduko hirien pare. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak salatu zuen egoera hori 2012ko ikerketa batean, eta erakunde publikoei “aterabiderik ez duen eredu horri galga jartzeko” eskatu diete. Martin Bouchet ere kritiko agertu da erabakiarekin, “IKEA ezartzeko prozesuan herritarrek ezin izan dugu parte hartu, bulegoetan hartutako erabakia izan da”.

Merkataritza-guneen saturazioa ez du IKEA-Ametzondok soilik eragin, beste merkataritza-gune gehiago irekitzeko edo handitzeko prozesuan daude-eta. Landetako hegoaldean Ondres herrian Les Allées Shopping berria edo BAB2 merkataritza-gunearen handitzea, kasu. Merkataritza-gune erraldoien eraginez Baionako saltokien salmentak %25 jaitsiko dira, hirigintza eta merkataritza espezializatuaren aldeko Procos Federazioaren 2014ko ikerketa baten arabera. Nazioartean egindako azterketa askok berresten dute aurreikuspen ilun hori. David Neumark, Junfu Zhang eta Stephen Ciccarella unibertsitateko irakasleen ikerketaren arabera, multinazionaletan sortzen den enplegu bakoitzak tokiko komertzio txiki eta ertainean 1,64 lanpostu suntsitzen ditu.

Multinazionalen etorreraren alde erabiltzen den argudio sendoena lanaren sorrera da. IKEAk 300 lanpostu agindu ditu– gehi beste 800 Ametzondon–, BAB2ren handitzeak 300 eta Les Allées Shopping-ek 1.500 iragarri ditu. Ametzondoko agintariek diote lanpostuen %80 inguruko jendearentzat izango direla, baina Cadre de Vie-ko kideak marketinarekin lotzen ditu datu horiek: “Kopuru horiek egiazkoak direnentz jakiteko ez dute inolako azterketa ekonomikorik aurkeztu. IKEAk agindu dituen 300 horietatik, momentuz, 155 baino ez dituzte publikoki eskaini. Beraz, zeinek sinetsi dezake Ametzondon 800 lanpostu sortuko dituztela?.” Bizi! kolektiboko kideak ere ezkor dira erantzun gabeko galderen aitzinean: “Zer lanpostu mota eta, batez ere, zein kontratu eta lan-baldintza eskainiko dituzte?”.

Erantzunaren zantzuak 160 kilometrora aurki ditzakegu.

Barakaldoko mugimendu sozialen protestak ugariak dira MegaParkeko lan baldintza kaskarrak salatzeko.
(Argazkia: Berriotxoak)

Barakaldoko ispilu prekarioa

2004an krisi ekonomikoaren aurreko “garai zoriontsuen” testuinguruan lurreratu zen IKEA Barakaldon; zehatzago MegaPark saltoki erraldoian. Europako bosgarren merkataritza-gunerik handiena da: 440.000 metro koadro, horietatik 127.000 saltokientzat, eta urtean 18 milioi bisitari izaten ditu. Ikeaz gain, Leroy Merlin, ToysRus, Decathlon, El Corte Inglés eta Media Markt daude marka handien artean. Baionako kasuan bezala, zonalde berean ugaldu dira merkataritza-gune handiak: MegaPark, MaxCenter, Max Ocio, Carrefour moduko saltokiak… Europan komertzio eta biztanle kopuru arteko ratiorik handienetakoa du Barakaldo, Trapagaran eta Sestaoko mugaldeko eremu horrek.

IKEA Barakaldoko azken hezegune naturalaren gainean eraiki zuten eta horrek herritarren eta talde ekologisten haserrea piztu zuen. Hezegunearen izen bera du IKEA alboko Zuatzu eta Arteagabeitia auzoetako elkarteak: Ibarreta. Elkarteko kide Txiki Castañosek herritarren nahiaren aurkako erabakia izan zela azpimarratu du. “Ibarreta-Zuloko hezegunearen inguruko lurren erabilerari buruzko inkesta egin zen 1990ean eta barakaldarrek parke publiko bat aukeratu zuten alde handiz. Ez ziguten inolako kasurik egin. Horren partez, naturgunearen suntsiketa, poluzioa eta prekarietatea ekarri zizkiguten”.

Politikarien hipokrisia salagarria iruditzen zaio Castañosi, alderdi guztiek komertzio txikiaren aldeko diskurtsoa izanik ere, multinazionalen etorrera sustatu baitute. “Multinazionaletan oinarritutako eredu ekonomikoak eragin handia izan du eskualde osoan, baina okerrena da multinazionalen etorrerak ez duela etenik izan”. Mercadonak MegaParken laster irekitzeko asmoa duen saltokia gogoan, irmotasuna eskatzen dio Udalari. “Udalak berak onartzen du zonaldea merkataritza-gunez gainasetuta dagoela. 2012an Saturn saltokiak egin zuen bezala, noizbait IKEA joango balitz, egin dezatela, behingoz, merkatari txikiaren aldeko apustua eta ez dezatela beste multinazionalik ezartzen laga”.

Baionan IKEA ezartzeko argudio nagusia Barakaldon erabilitako bera izan zen: lanpostu askoren sorrera. Hasieran agindutako 500 lanposturen kopurura inoiz heldu ez den arren, pertsona askok topatu du IKEAn bere eskulana saltzeko aukera. Zer nolako lana, baina? “IKEAk eskaini duen bakarra prekarietatea izan da”. Ziur mintzo da Gotzon Mardarats LAB sindikatuko ordezkaria. Hamaika urtez, sorreratik, egin du lan Barakaldoko IKEAn eta haren ustez, egoerak urtetik urtera okerrera egin du. “Ez dugu hitzarmen kolektibo propiorik, Estatu mailakoa inposatzen digute, justifikaziorik gabeko dozenaka kaleratze agindu dituzte, baja hartzeko baldintzak murriztu dituzte, lanegunetako plusekin egin duten bezala, eta larriena, langileak zatitu nahi dituzte lanpostu finkoa eta aldi baterako kontratua dutenen arteko aldeak handituz. %30 aldi bateko langilea da eta kontratu motaren arabera, lan eta ordu kopuru bera eginda, 4.000 euroko aldea egon daiteke soldatan. Dumping soziala da, xantaia”.

Barakaldoko IKEAn prekarietateak emakume gaztearen aurpegia duela dio Mardaratsek azken datu ofizialetan oinarrituta (2012koak). 424 langileen artean 130ek gutxieneko soldata interprofesionala (645,30 euroko 14 paga) baino gutxiago kobratzen dute, eta horietatik %74 emakumeak dira. Langileen %39k baino ez dute 900 eurotik gorako lansaria jasotzen hilero.

Lan baldintzen gogortzeak ez du loturarik izan IKEAren irabaziekin. “Gaizki deitutako krisiak 2010-2011 inguruan jo zuen gogorren hemen. Ba, halere, 2011n IKEAk 11.926.000 euro irabazi zituen. Beste era batera esanda, 2008 eta 2014 artean, krisiak baldintzatutako 7 urtetan Barakaldoko IKEAk 57 milioiko irabaziak izan ditu, eta haren ibilbide osoan ez du inoiz galerarik izan”.

Eskuin-ezker: Barakaldoko alkate Tontxu Rodriguez, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Paulino Luesma eta Suediako enbaxadore Lars Grundberg, IKEAren inaugurazio egunean aulkiak muntatzen. (Argazkia: Monika del Valle))

Prekarietatearen gurpil zoroan harrapatuta

Goizeko 6etan lantokira heldu, kontratua sinatu, lanean hasi, amaitu, kontratua zakarrontzira bota eta langabezira hurrengo goizera arte. Egunero kontratu berri bat eginez eta hilean 900 euroren truke, urtebete eman zuen emakume gazte batek Barakaldoko Decathlonen. Bazterketa sozialaren aurkako Berriotxoak taldeko kide Juan Carlos Becerrak, MegaParkeko lan motari buruz galdetuta, jarritako egiazko adibidea da. Baina galdera zera da; emakume horrek, gutako askok bezala, kamisetak Zaran, telebista Media Markten, tomateak Mercadonan, armairuak IKEAn eta kirol-oinetakoak Decathlonen erosten dituela jakingo bagenu, inor harrituko al litzateke? Multinazionalek eskaintzen duten lana herritar askok prekarietatearekin eta esplotazioarekin lotzen badu ere, erosketak horrelako saltokietan egiteari uzten al diogu? Edozein asteburutan merkataritza-gune handi batera hurbiltzea besterik ez dago low cost eredua gure bizitzan zeinen txertatuta dagoen jabetzeko.

Nielsen aholkularitza enpresak 2014an egindako ikerketaren arabera, erosketak egiteko orduan herritarren %90ak lehenesten duen baldintza prezioa da, eta %65ak bigarren aldagai gisa promozioak hobesten ditu. Produktuaren kalitatea atzetik dator, eta enpresako langileen baldintzak, naturarekiko errespetua edota irabazien erabilera soziala moduko kezkak ez dira zerrendan agertu ere egiten. “Ni ez naiz tontoa” ereduak harrapatuta gauzkala dirudi, baina low cost produktuen bitartez low cost bizimodua eskaintzen digun begizta maltzurretik ateratzerik ba al da?

Alternatibak sortzeko beharra

Bizi kolektiboak apirilean argitaraturako 10.000 enplegu klimatiko Ipar Euskal Herrian txostenean, Jose Ramon Becerra ingeniari eta militante ekologistak hala dio: “Mundu mailako krisi ekonomiko, sozial eta politikoaren aitzinean, herriak behartuak dira kohesio soziala atxikiko duten tokiko eta eskualdeko estrategiak sortzera”. Logika antzekoa konpartitzen dute kontsumismoari alternatibak sortzeko erronkari heldu dioten egungo mugimendu askok.

Bizi! mugimenduko kideen aldarri honek irudikatzen du ildo partekatua: “IKEAren eredu hiperkontsumista eta finantza mundializatuari lotuta ez dugu bizi nahi. Gutako bakoitzaren eroste edo kontsumo ekintza bozka bat da”. Botere faktikoek herritar baino kontsumitzaile gisa ikusten gaituzten garai hauetan, eguneroko gure kontsumo hautuei zentzu politikoa ematea azpimarratzen dute. Hau da, ezkerrek sarri alboratu duten erantzukizun pertsonalari heldu eta arazoaren muinean dagoen gure bizimodu eredua aldatzera ekitea proposatzen dute mugimendu askok. Inoren eta ezeren zain egon gabe, gaurko kontsumo ohitura “txarrak” desobedituz, gaurdanik “ondo” bizitzea helburu.

Feminismoak ezagun egin duen “pertsonala politikoa da” ideian sakonduz –egun multinazionalen eredua ordezkatzeko formula magikorik ez dagoela jakitun– kapitalismoak aurretik prefabrikatutako erantzun erosoetara ez jotzea iradokitzen dute, eguneroko gure kontsumo ohiturez hausnartzeko gonbitarekin batera: egiatan behar al dut erosi nahi dudan hori? Hala bada, birziklatzearen bitartez lor al dezaket? Bestela, tokiko edo gertuko saltokietan lor al dezaket? Produktuak niregana heltzeko izan duen prozesuaz zer edo zer ba al dakit? “Galderak zabaltzen du bidea” leloari jarraiki, erantzunak baino galderarekin batera datorren jabekuntza eta ardura ariketari lehentasuna ematen diote.

Logika horri tiraka,“brikolaje soziala” moduko proposamenak sortu dira. Zaharkitzapen programatuaren biktima izan diren altzari eta etxeko tresna elektrikoen birziklatzea eta berrerabilpena sustatzeko ekimen kolektiboak dira. “Ados, hori guztia oso polita da, baina hurrengo astean non erosiko dut nire gelarako armairua prezio antzekoan?” esango dizu lagun ernegatuak, izen eta abizendun denda eske. Eta kopeta belztuko zaizu, diruaren logikaren itsasoan esplotazioa eta prekarietatea bazka dituzten marrazoak beti garaile izanen direla jakitun. Horregatik, hain zuzen, teoriatik praktikarako saltoa –sarri amildegia dirudiena– emateko pedagogia garatzea da gizarte mugimenduek aurrean duten erronka nagusietakoa.

Ipar Euskal Herrian, IKEA eta inguruko zenbait merkataritza-gune handien eraikuntza saihesteko beranduegi da, baina Bizi!ko kideen iritziz, saltegi txikien akabera ez dago idatzita; gure ohiturak aldatu eta tokiko kontsumoa lehenetsiz gero. “Ziur gaude hori guzia nahi dugula ikusi desagertzen? Hauta dezagun bizitzeko nahi dugun mundua”. Herritarron erantzuna batekoa zein bestekoa izan, eguneroko gure hautu txikiak gidatuko dituen logikaren araberakoa izango da geure mundua, Barakaldon zein Baionan.

Ikea eredua
IKEAk azken hamarkadan bikoiztu du bere tamaina. 6 milioi lagun dira IKEA Family-ko kide Frantziako Estatuan.(Argazkia: artefactmagazine.com)

Multinazionalaren sortzaileak Ingvar izena du (I), Kamprad du abizena (K), Elmtaryd baserrikoa da (E), eta Agunnaryd-en hazi zen (A). Hortik jaio zen munduko altzari eta dekorazio enpresarik ezagunena: IKEA.

1940ko hamarkadan sortu zuen Ingvar Kampradek ia-ia ezerezetik abiatuta –pospoloak merke erosi eta auzokideei saltzen zizkien batengana eta bestearengana bizikletan joanez–. Gaur egun 35.000 milioi euro inguruko dirutzaren jabe egin da. Multinazionalaren etorkizuna bere hiru semeen esku dago egun.

Enpresa suediarrak 3.300 milioi euroko irabaziak izan zituen 2013an. Hazkundea dute jomuga: 2020 baino lehenago salmentak bikoiztu nahi dituzte –50.000 milioi euro–. Prezio merkeak eskaintzea da IKEAren karta nagusia, baina, nola lortzen dute? Kampradek hala esan zuen bere biografian: “Salneurri baxu hauek beti daude justifikatuta, eta horrek eskaera itzelak inposatzen dizkie gure kolaboratzaileei. Gure gastuak zorrotz mugatu ezean, inoiz ezingo dugu gure misioa bete”.

Kapitalismoaren arau guztiak jarraitu dituzten enpresa orotan bezala, “arrakastak” badu haren alde iluna. Ikus ditzagun horietako batzuk historian atzera luze jo gabe:

-1994tik 1998ra bitartean, Pakistan, India, Vietnam, Errumania eta Filipinetako IKEAren hornitzaileetako lan esplotazioak hedabideen arreta bereganatu zuen. Horren haritik, jendea ez esplotatzeko jokabide-kodea idatzi zuen multinazionalak, nahiz eta besteak beste, onartzen duen 12 urteko haurrek lan egitea, baldin eta euren herrialdeetan legezkoa bada.

-2007an Le Monde Diplomatique hilabetekariak argitaraturiko ikerketa batek India, Bulgaria eta Vietnameko fabriketako egoera salatu zuen: gutxienekoaren azpiko soldatak, 12 eta 15 ordu bitarteko lanaldiak asteko zazpi egunetan, haurren erabilera, mehatxuak eta sindikatuak antolatzeko trabak.

-2008an ZDF telebista kate publiko alemaniarrak argitara eman zuen langileak espiatzeko bideozaintza sistema ezarri zutela euren dendetan, enpresa-batzordeari jakinarazi gabe.

-Olivier Bailly, Jean-Marc Caudron eta Denis Lamberten IKEAk maite zaitu: desmuntatu beharreko eredua liburuak altzarietarako egurra Errusia eta Txinako basoetan kontrolik gabe lortzen dutela salatu zuen, besteak beste.

-2012an IKEAk barkamena eskatu zuen 1980ko hamarkadan altzariak muntatzeko Alemaniako Errepublika Demokratikoko (AED) eta Kubako preso politikoak erabili zituela jakin zenean.

-2011n Suediako telebistako kazetari Elisabeth Åsbrink-en liburu batek agerian utzi zuen Ingvar Kamprad Suediako Langileen Alderdi Nazionalsozialistako kide izan zela Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte. Kampradek publikoki barkamenak eskatu zituen.

-2013an Terapia izeneko publizitate kanpainaren balio kontsumistak direla-eta, Ekologistak Martxan taldeak Premios Sombra sarietako finalista izendatu zuen IKEA.

-Aurten Network Social Responsability (NeSoVe) Gobernuz Kanpoko Erakundeak “IKEAren hipokrisia” salatu zuen. “Jendaurrean enpresa jasangarria dela dio, baina bere hornitzaileek langileen eskubideak urratzeaz gain, zergak ordaintzea saihesten saiatzen da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikea
2020-06-08 | Mikel Eizagirre
IKEAk sindikalista bati soldata murriztu diola salatu du LABek

Barakaldoko saltokian jarduten duen beharginari “kaleratzeak salatzeagatik” ezarri omen diote zigorra.


IKEAren adar israeldarrak emakumeak kendu ditu bere katalogotik

IKEA multinazionalaren Israelgo frankiziak judutar ultraortodoxoei zuzendutako kanpaina abian jarri du eta argazkietatik emakumezkoak kendu ditu.


Suediak Mendebaldeko Saharari ateak itxi dizkio, Marokon Ikeari irekitzeko

Marokok Ikeari dendak irekitzeko baimena ukatu eta Suediako produktuei betoa ezarri ostean, Suediako Gobernuak atzera bota du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa estatu gisa aitortzen zuen ebazpena.


Ikeak baso bat erosi du Errumanian

Enpresa suediarrak 336 kilometro karratuko basoa erosi du Errumaniako ipar mendebaldean, Wall Street Journalek jakitera eman duenez.


2013-12-05 | ARGIA
Ikearen lehendabiziko zementu puska, Baionako saltokien hil harri

"Ikearen etorrerak Baionako saltokiei kolpe hilgarria emango die", salatu dute Bizi! mugimenduko kideek, Suediako multinazionalak Lapurdiko saltokiaren lehen harria jarriko duenean.


2012-09-26
Grebarekin ez da nahikoa

Atzo, asteartean, goizeko 9etan kafetegi batean entzundakoak ondo laburbildu du gaur Barakaldon grebak izan duen eragina. Zerbitzaria eta bezeroa, biak berrogei urteren bueltan, emakumezkoak, barran kateatuta hitz eta pitz. Zeinen gaizki dagoen kontua, politikari guztiak... [+]


2012-05-31
Ikeak baimena jaso du Lapurdin saltokia eraikitzeko

Baiona, Mugerre eta Hiriburuko udalerriak ukitzen dituen 24.000 metro koadroko lur sailean eraikiko du Ikeak saltoki berria. Dagoeneko hiru herriotako auzapezek baimena eman dute saltokia irekitzeko, FR3-Euskal Herri telebista kateak atzo zabaldu zuenez. Proiektuak Baionako... [+]


2012-05-04
Ikeari leporatu diote 80ko hamarkadan Kuba eta Alemaniako presoak erabiltzea

1980ko hamarkadan Alemaniako Errepublika Demokratikoan (AED) eta Kuban preso politiko eta kriminalak erabili zituen Ikeak altzariak muntatzeko. Stasik (Alemaniako Errepublika Demokratikoko inteligentzia zerbitzuak) bilduta dituen txostenak atera du argitara salaketa. Lanera... [+]


2011-09-11
Bokale-Vieux Boucau: Aturriren ohe ohian

Baiona, Capbreton eta Port d’Albret-eko jendeen artean, Aturri ibaiaz jabetzeko mendeetako borroka eraman zen. Jakina, baionarrek irabazi zuten, errekaren aho berria Bokalen finkatuz. Ondresko oinezkoen blog batean aurkitu genuen lehen aldiz ibilaldi harrigarri horren... [+]


Eguneraketa berriak daude