argia.eus
INPRIMATU
Duela 14.000 urteko dentista
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko uztailaren 29a
 

Villabrunan (Italia iparraldean) 1988an aurkitutako gizaki baten arrastoak –zehazki, beheko hirugarren hagina– aztertu du berriki Boloniako eta Ferrarako unibertsitateetako ikerlari talde batek. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dutenez, haginak duen txantxarra nahita tratatu zuten; ehun infektatua garbitzeko punta mikrolitiko bat erabili zuten.

Orain arte, hortzeriaren tratamenduen frogarik zaharrenak Neolitokoak ziren (duela 9.000-7.000 urtekoak). Baina Villabrunako gizakia duela 14.000 urte datatu dute eta, beraz, Goi Paleolitoaren amaierakoa da txantxarra sendatzeko ahalegina. Horrenbestez, odontologiaren lehen mugarriak gutxienez 5.000 urteko jauzia egin du iraganera.