argia.eus
INPRIMATU
Beti zorretan bizi naiz mundu honetan
  • Debt: the first 5000 years
    David Graeber.
    Melville, 2011

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko uztailaren 29a

Occupy Wall Streeteko kide ezagunetako bat den Graeberrek munduko zorra azaltzen digu matematikaz zero dakien honek ulertzeko moduan: adibide soilekin, jakin mina pizten duten gertakizun historikoekin eta irakurketari abaila hartzen uzten dion idazkera soltean.

“Zorrak ordaindu behar dira” gure oinarri moraletako bat den hori planteatuz hasiko du liburua. Zorrak ordaindu behar izateak sortzen dituen injustiziak ez baitzaizkigu moralki hain onargarri izango. Bi urtez bizi izan zen Madagaskar jarriko du adibide: Frantziaren zordun omen den Madagaskarren 10.000 herritar hil ziren Malariak jota. Eltxoa kontrolatuta mantentzeko programa ez zen diru gehiegi kostatzen, baina Nazioarteko Diru Funtsak behartutako murrizketen ondorioz bertan behera geratu zen. Zaila da argumentatzen 10.000 pertsonaren heriotzak zentzua duela, Citibank-ek arduragabeki emandako maileguan galerarik izan ez dezan, eta nahiz eta, egia esan, bankuaren balantzean deus gutxi balio duen diru kopuru horrek.

Liburuak adibideekin azaltzen duenez, humanitatearen historiako aldi gehienetan pertsona gehienak zordun direla esan izan da. Baina erne! Zorraren historia bezain zaharrak omen dira zorpetzea kontrolatzeko arauak eta zorrak barkatzeko mugimendu iraultzaile eta legeak.

Adibidez, eliza katolikoak betidanik debekatu izan zuen dirua interes truke uztea. Eta hebrear tradizioan 50 urtero ospatzen zen Jubileua: urte horretan zor guztiak automatikoki kitoan geratzen ziren. Horrek erabat eragiten zuen salerosketetan.

Ezagutu beharreko historia eta azalpenak dakartza liburuak, Graeberrek salatzen duenez, “zorra zer den ez ulertzea, bere adierak duen malgutasuna, horixe da zorrak duen indarraren oinarria”. Frantsesez eta gaztelaniaz ere irakur daiteke, Les liens qui libèrent eta Ariel editorialetan; euskaraz, oraingoz ez.