argia.eus
INPRIMATU
Agur esan nahi ez
Kattalin Miner @MKattalin 2015eko uztailaren 29a

Denborak alde egiten digula diogu sarri, eta norberak leku berean iritzi ematen lau urte daramatzala ohartzean bat-batean gorpuzten du sentsazio hori. Lau urte, legealdi baten gisan, eta horregatik agian izenburua, nahiz eta Morauren kantu bati erreferentzia egin, agian politikariek bezala norberaren lekutxoa uztea kostatzen delako.

Baina ez, badira lekuak maitaleak direnak, badira espazioak maitatzen ikasten dituzunak, eta badira horregatik agur esan nahi ezak. Badira handi egiten zaituzten jardunak eta biharamunean guztiz txikitu eta jan ere bai. Badira hasi eta bukatu ezin dituzun artikuluak eta motz geratzen zaizkizunak. Bidali ostean paparra puzten dizutenak eta baita damuaren harrian bizkarreratu. Badira jardunak ohitura bilakatzen direnak eta ez erronka.

Horregatik, “hitz abandonatuak oharretan utziak, laburregiak dira munduko agur guztiak, maitalearentzat”.

Besterik ezean, espero dut, nire artikulu batzuekin bezala, nire agurrarekin “berandu ibili naizen arren, garaiz heldu” izana. Izan ere, niregan “bada sekula itzaltzen ez den  Argi(a) bat”.