Diseinatzailea da. Alabaina, ez nolanahiko moda du helburu. Moda jasangarria egiten du berak, Finlandian sortu eta gurean erroturik bizi den artistak.
Moda diseinatzaile eta artista plastiko zara, eta ez dakit txanpon beraren bi alde ez ote diren ere…
Sormenak biltzen ditu bi lantegiak, bi eginkizunak. Moda diseinatzailea naiz, bai, baina, bereziki, moda jasangarriaren diseinatzailea, eta horixe da nire ezaugarririk behinena, ez moda, ez diseinua, diseinu jasangarria. Hala ere, modari lotuta baino, diseinu eta arteari lotuta ikusten dut nire burua. Neure eskuen bidez gauzak sortzen eman dut bizia. Beste aldetik, artisautza eskolan lehenengo, eta unibertsitatean gero, zazpi urteko ikasketak egin nituen Finlandian, eta hango diseinu eskoletan garrantzi handia eta denbora eskaintzen diote edozein diseinu motari, dela altzariak diseinatzea, dela platerak, dela... Eta arte asignatura inoiz ez da falta izaten, beti izango da arteari buruzko ikasgairen bat: arte teknikak, artearen historia, diseinuarena… Uste dut horregatik dudala artea egiteko gaitasuna, horregatik egiten dudala artea, nahiz eta nire titulu ofiziala moda diseinatzailea izan.
Ikasketa amaierako proiektuan, feltrozko berokia egin zenuen Finlandiako artile kardatuz egina.
Bai, horixe egin nuen, baina, finean, eskultura egiteko bidea nuen feltroa, eskuz lantzea planteatzen nuen nik. Txikitandik ekarri dut materialak eskuz lantzeko abildadea. Elurretan, adibidez, horretan jarduten nuen, eskulturak egiten. Elurra, izan ere, oso da moldaerraza. Etxean ere, amak hainbat material jartzen zizkidan eskura, eta ni han ibiltzen nintzen, josten, brodatzen, bata besteari lotzen… Amona ere beti ari zen horretan, beti zuen zerbait esku artean: kakorratza, puntua… Inguruan bagenituen eskulan artistak. Bazen giro hori. Ama, berriz, laster konturatu zen nik erraztasuna nekarrela, eta sormenaren bidea bultzatu zuen nigan. Barrutik zetorkidala esango nuke. Bokazio hitza egoki dator kasurako.
Ekodiseinatzaile zarela ere irakurri dugu.
Hori oso gai zabala da, eta ez dakit nondik hasi ere! Ekosistemaren barruan hainbat gauza sartzen dira, eta nik, adibidez, upcycling-a egiten dut. Baliorik ez duen gauza bat hartzen dut –izan uhalak, izan bigarren eskuko oihalak…–, eta gauza berria egiten dut. Niri dagokidanez, ikuspegi soziala dut beti gogoan. Esan nahi dut, nik neuk egiten dut produzitzen dudana. Batzuetan, kooperatiba batekin elkarlanean ariko naiz, inorekin kolaborazioan, baina nire kolaboratzaileak ondoan ditut, auzoan bertan. “Zero kilometro” kontzeptua baliatzen dut: ez dut garraiobiderik erabili behar, oinez noa, oinez nator, neure estudioan egiten ditut produktuak, kanpora bidaltzen ibili gabe. Lehengaia ekologikoa da beti.
Nondik dator gauzak egiteko molde hori, baliatzen duzun kontzeptua?
80ko hamarkadan hasi zen mugimendua zabaltzen. Joan den bost urte honetan asko zabaldu da. Orain dela hogei urte egin nuen nik nire lehenengo ekodiseinua. Ordu arte, bigarren eskuko oihalekin edo industri hondakinekin egiten nuen lan. Aspalditik ari naiz ni horrela lanean, baina lan egiteko modu horrek ere izenen bat behar, eta “moda jasangarria” izena eman diote. “Moda ekologikoa” ere bai.
Zenbait dendaren erakusleihoetan ikusita nago industri hondakinez egindako berokiak.
Industria ere sartua dago mundu horretan, bai. Ni artisaua naiz, baina enpresa asko ikusten ditut moda ekologikoaren arloan lanean. Askotan ez dago bereizterik moda ekologiko edo jasangarria den, ala ez. Industria oso material sofistikatu eta teknologikoa erabiltzen ari da moda ekologikoa egin nahi horretan. Esate baterako, material bat, ezaguna: kotoia. Moda jasangarriaren diseinatzailea ez da kotoia erabili zalea. Izan ere, badaki kotoia prozesatzea oso gauza kutsagarria dela: ura, pila behar da prozesuan; pestizidak, ez gutxi; langileen lan-baldintzak, eskasak ohi dira. Gisa horretan kotoia erabiltzea guztiz debekatuta dago. Kotoia erabili nahi izatekotan, ziurtagiriduna behar du.
Janzteari dagokionez, zein genituzke material egokienak?
Bada, oraintxe, poliesterra omen da materialik ekologikoena. Niri ez zait askorik gustatzen, ez duelako transpiratzen, eta hori nekez izango da gauza ona inoren organismoarentzat. Hala ere, kalitate ezberdineko poliesterrak daude. Dendetan poliesterrez egindako arropa asko ikusten da. Kotoia ere hor dago, esan dudanez, baina gutxi da ekologikoa kotoietan. Indiatik ekarria da, edo Pakistandik. Dena den, moda jasangarria izan edo ez, inor ez dago bekatutik libre. Oso zaila da tranpa saihestea.
Europa iparraldeko herrialdeetan sentiberatasun handiagoa dago moda jasangarri eta ekodiseinuaren inguruan?
Ez dakit, bada. Egia da Finlandian jaso nuela kezka, baina topikoa ere bada Europako iparraldeko herrialdeen kontzientzia eta gainerakoa. Hemen oso jende kontzientziatua ezagutu dut. Ez pentsa Finlandian ere denak kontzientziatuta daudenik! Han ere, hemen bezala, batzuk bai eta besteak ez. Hala ere, Finlandian ingurumena zaintzeko mugimendu handia dagoela esango nuke. Txikitatik erakutsi digute horretan. Adibidez, artean haurrak ginela, elurra urtzen hasten zenean, irakasleek basora eramaten gintuzten udaberriro, basoa garbitzera, zaborra jasotzera! Elurrak zikinkeria estaltzen bazuen ere, zaborrik ez zegoela botatzerik erakutsi nahi ziguten. Oso ariketa interesgarria iruditzen zait, umeek ikas dezaten…
Moda jasangarriaren barruan, jantziak elaboratzen dituzu, zabaltzen dituzu, eskaintzen, arte erakusketak egiten.
Denetarik egiten dut, bai. Sasoi batean, artea besterik ez nuen egin, baina laster hasi nintzen produktuak ere egiten, eta antzerki munduan ere lanean; jantziak egiten, bistan da. Oso konbinazio egokia iruditzen zait.
Nola janzten gara hemen?
Finlandiarekin konparatuz gero, ondo, askoz hobeto! Dena den, han askoz ere nabarmenagoak dira tribuak: batean heavyak, bestean bestelakoak… Esaten dute hemen ilun janzten ote garen, eta denok berdin, baina edozein lekutan da berdin, globalizatuta dago. Kolore iluna dela-eta, adibidez, nik gehien saltzen dudan produktua kolore beltza da. Inork erabaki behar duenean, beltza aukeratzen du, edo grisa; batzuetan, gorria edo urdina ere bai, baina laranja, esate baterako, oso gutxitan. Eta horrela da leku guztietan. Diseinatzaileen lana aztertu eta horixe ikusiko duzu, denek ere oinarrizko gamara jotzen dutela, eta batzuetan, oinarrizko gama horren gainean koloreak sartzen dituztela.
Ilun eta berdin janzten da leku guztietan…
Ez hemen bakarrik! Zoaz Madrilera. Autobusean, beltza, grisa, beixa inoiz… Inork kolorea baldin badu, harrigarria ere bada batzuetan. Ni ari naiz, baina nik neuk beltza janzten dut askotan eta askotan! Kar, kar…
Eskuko poltsak ere egiten dituzu zuk, moda jasangarriaren barruan.
Bai, industri hondakinez eginak. Autoko segurtasun-uhalak baliatzen ditut horretarako, adibidez, edo autoen jarlekuak tapizatzeko larrua. Kalitatea zaintzen dut, eta ondo egiten saiatzen naiz!
Slowbag duzu marka.
Ezaguna da slow mugimendua. Orain dela hamar urte baino gehiago, proiektu artistikoa egitea bururatu zitzaidan, eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaz egin nuen: Slowfashion moda mantsoa izendatu nuen. Garai hartan ez nekien slow mugimendua modan zegoenik ere. Banekien slowfood mugimendua ere bazela, baina besterik ez! Diote 2007an sortu zela mugimendua. Bada, hiru urte lehenago slow proiektua egina nuen nik! Bizimodua lasaiago hartu behar dela, alegia, ez orain bezain korrika eta presaka. Eta berdin, moda munduan. Ez dakit dakizuen, baina, gaur egun moda industriako diseinatzaileek urtean lau bilduma ez, hilean egiten dute bat! Gehiegizkoa da. Oso ziklo azkarra da. Diseinua egin eta handik bi astera dendan prest dago janzkia!
Eroslearentzat ere azkarregi.
Bai, noski. Askotan joaten naiz birziklatze zentrora, eta galdetu izan dut: “Zenbat arropa jasotzen duzue hilean Gipuzkoan?”. Erantzuna, “Batez beste, 200 tona!”. 200 tona hilean, Gipuzkoan! Hortik atera kontuak! Eromena da! Industriak produzitzen du, guk kontsumitzen dugu, eta berehala botatzen! Ikertu dutenez, batzuetan, hiru aldiz jantzi eta bota izan du arropa jendeak. Horregatik diot, bada, eromena dela! Ez dut gurpil horretan sartu nahi, hasieratik izan dut garbi horrelako modarik ez nuela egin nahi, ez nuela moda industrian sartu nahi. Independentea naiz, eta ondo doakit, hainbat arlotan ari naizelako lanean.
1996an etorri zinen Finlandiatik Euskal Herrira. Gurean, sasoi batean, “Euskandinavia” zuten batzuek amets. Oraindik orain esan didate, berriz, Europa iparraldeko herrietan dela jendea zoriontsuen.
Ez dakit, bada! Nire senarrak esaten du hemengoak direla zoriontsuenak! Kar, kar… Eta nola neurtu behar duzu zoriona? Ikerketa batzuek esaten dute jenderik zoriontsuena Brasilen duzula, faveletan… Absurdoa iruditzen zait! Finlandiakoa, adibidez, oso gizarte iluna da, arazo asko ditu gordean, ez dira azaltzen, baina hor daude arazoak. Nik handik irten eta beste leku batzuk ezagutu nahi nituen. Eta ezagutu nituen, Donostiara etorri nintzen arte. Ordurako, artea zen nire lana. Estudio bat hartu nuen errentan Artelekun, eta feltroarekin lanean segitu nuen, hondakinak hartu eta haiekin esperimentatzen, janzki itxurako eskulturak egiten. Bestalde, osaba ere hemen bizi izana zen, Jorma Thusberg, Txuri Urdin izotz-hockey taldeko entrenatzailea izan zen, eta oso ondo hitz egiten zuen beti euskaldunen gainean. Artean Finlandian, euskaldun bat ezagutu nuen, eta horrela, “Herri hori ikusi beharra daukat nik!”, esan, eta hemen naiz harrezkero, gustura.
Hemen zara, eta euskaraz, euskaldunaren modura.
Gutxitan joan nintzen eskolara euskara ikastera. Urte eta erdi. Oinarrizko hitzak ikasi nituen, besterik ez. Gainerakoan, euskaraz entzun eta hitz egin dut, besterik ez. Hainbat hizkuntza ikasi ditut, eta, agian horrek lagundu dit euskaraz hitz egiteko beldurrik ez izaten. Gaztelania, aldiz, liburuetatik ikasi nuen, oinarrizko ikastaro batzuk egin nituen unibertsitatean eta, gainerakoan, liburuak irakurriz eta hitz eginez ikasi dut. Aukeran, nahiago dut hitz egin, besterik gabe. Familia euskalduna da, eta horrek ere hainbat laguntzen du, jakina.
Finlandia–Euskal Herria “Suomitar” elkarteko kide eta buru zaitugu 2000tik hona.
21 lagun gara, finlandieraz mintzo diren euskaldunak, eta hemen bizi garen finlandiarrak. Urtean behin edo bitan elkartzen gara, eta euskara-finlandiera, suomei-baski hiztegia izan dugu proiektu nagusia. 2012an gauzatu genuen, mila aleko edizioa egin, eta ia-ia osorik saldu genuen. Bigarren edizioa egitekoak gara orain…
Finlandiarra zaren horrek, zer duzu gurean falta?
Finlandiako paisaia, beharbada. Zoragarria da hura, hango lakuak eta beste! Isiltasuna falta zait hemen. Askoz ere zarata gehiago dago, hirian bereziki! Bestalde, Euskal Herrian mendira joan eta jendea beti! Finlandian ez, han basora joan eta inor ez! Ez duzu bakardadea besterik. Batzuetan falta zait, bai. Eta elurra, hango elurra, dena zuri! n
Tytti Thusberg (Mikkeli, Finlandia, 1969). Diseinatzaile eta artista plastikoa (www.tyttithusberg.com). Txikitatik nahi izan zuen eskuez baliatu, eta horretara bideratu zituen ikasketak Kuopioko unibertsitatean. Harrezkero, artista eta moda diseinatzaile da, erdibana. Dena den, jasangarritasuna da Thusbergek egiten duen modaren oinarri. “Tytti Thusberg” eta “Slowbag” ekodiseinu markak sortu ditu, eta sortzen bezain aktibo da bere ikuspegia zabaltzen. Bere lana omen du hori ere, eta batere estresik gabe egiten omen du, mantso-mantso. “Ezin, bada, slow aldarrikatu eta estresatuta ibili!”.
Artista hutsa dugu Tytti Thusberg. Donostiako Egia auzoan duen tailer txikian sartu orduko ageri da haren sormenaren indarraren emaitza diren eskultura, janzki eta poltsak, ekodiseinu orijinalak. Sasoi bateko artisauen gisan, bertan ematen ditu lanordurik behinenak, huraxe du laborategi, handixe irteten dira bateko eta besteko biltzar, jardunaldi, topaketa eta askotariko foroetan zabaltzen dituen ideiarik landuenak. Artista petoa.
Arropa bera luzaz eramatea ez da ongi ikusia, eskasa-edo dateke. Behin, lagun irakasle bati lizeoan ohartarazi zioten bazela ordua jaka berria eros zezan. Aspaldiko joera hori indartuz joan da. Telebistako esatari eta berriemaileek jantzi desberdinak luzitzen dituzte egunero... [+]
Erabili eta bota. Abiadura handiko modak saltokiak eta etxeetako postontziak bete ditu aspaldion, fast fashion ere esaten zaio. Baina azkarretik baino inozotik gehiago du: lan prekarioarekin hondakin mordoa sortzeaz gain, arropa garraiatzen fuel-olio kopuru izugarriak erretzen... [+]
Moda alfer klasearen denbora-pasa izatetik erabat zeharkako fenomenoa izatera pasa da. Gehienontzat Fast Fashiona eskaintzen du arroparen industriak. Aldian aldiko ustezko joeren arabera milioika jantzi sortu eta merkaturatzen dituzte, armairua etengabe aldatzeko beharrak... [+]
Diseinatzaile gisa, Letitare marka sortu zuen Irati Guarretxena Sandamianek diseinu ikasketak egin orduko. Ordura arte bezala, bizitzaren erritmoak bultzaturik eman zuen horretarako urratsa. Modaren zikloek eta azkartasunak gogaiturik, kontziente zen ez zela gustura ari... [+]
Emakume sortzaileak biltzen dituen Dinagu kolektiboak azoka antolatu du martxoaren 12an, Aiaraldeko Faktorian (Laudio). Emakume sortzaileen lana bisibilizatzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimenak sortzea helburu, “herriz herri sortzaileak batuko dituen... [+]
Errealitatetik gertuago dauden gorputzak islatzen dituzten manikidun denda eta erakusleihoak gutxiengoa dira oraindik, baina modaren mundutik bertatik dator gogoeta: gorputz itxura errealagoa duten manikietan ikusi nahi dute arropa bezeroek, identifikatuago sentitu... [+]
Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]
Mariano Camio Getariako alkate ohia (EAJ) lau urteko kartzela zigorrera kondenatu dute Balenciaga auzia dela eta. Administrazio desleiala eta merkataritza-dokumentuen faltsutzeagatik zigortu dute.
Urteak bete eta konturatzen zara bizitza erdi baino gehiago egin duzula. Etapa batzuk pasatu direla, atzean laga duzula fase bat baino gehiago, gorputza ez dela atzera ere bera izango. Emakume bazara, gainera, umeak egiteko gaitasuna desagertu dela ziurtatuko duzu.
Zelan... [+]
“Balenciaga auzia” gisa ezaguna den ustelkeria kasuaren epaiketa astearte honetan hasiko da Donostian. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du akusatu nagusia den Mariano Camio Getariako alkate ohiarentzat (EAJ).
Esnatu, leihotik begiratu, ikusi zein eguraldi egiten duen, armairua ireki eta arropa aukeratu. Ohikoa den ekintza horren atzean kasu askotan miseria eta zapalkuntza istorioak daude. Izan ere, modan dago esplotazioa.
Ingurumenean kontzientzia duten norbanako eta profesionalak biltzen ditu urtero Durangon ospatzen den Berdeago Azokak, eta seigarren edizio honetan 20.000 bisitari inguru erakartzea espero du. Azokaren jarduera paralelo gisa, arduradunek tailer eta solasaldi sorta bat antolatu... [+]
Jantziek eta janzkerak gauza asko erakusten dute norberaz. Nolakoak gara, ordea, guztiok berdin janzten garenean? Irati Salsamendi Lozanok erantzun dio galderari, Jantzigintza eta Patroigintza ikasten ari den donostiarrak. Moda, manipulazioa eta interesak aipatu ditu, besteren... [+]
Zer dio arropak hura janzten duenaz? Zer ezkutazen du armairuan dugun kamiseta edota praka bakoitzak? Nork ekoiztu eta kontsumitzen ditu? Noiz erosten ditugu beharrak bultzatuta, eta zenbatetan kapritxoz? Hainbat solaskidek ehungintza eta modaren inguruan emandako azalpenek,... [+]