Doinua: Sorterriko Koplak
1
Ez dut aurkitu kokorik,
ezta wakame algarik,
hala ere hau da gure lurra
Eta ez dugu hoberik.
2
Teseo pintzekin hartu,
Epicuro fusionatu,
bidea beti da potentziala,
beraz, irrikaz dastatu.
3
Identitateei zurrut,
eta ateratzen da Hulk,
sukaldea narrasten ikusi
ditut gazte ero batzuk.
4
Popularra ta jasoa,
champagne kopa ta basoa,
baina oraindik ez dugu argi
nork hil duen arbasoa
5
Zorrotz mantendu labana,
nahastu aita ta ama,
kontuz ibili esku artean
lehertuko zaizu flana.
6
Infusionatu tribua,
eta astindu burua,
geroak esango du zer zaren,
gurua edo babua.
7
Harria beti da harri,
ta herria du aldarri,
iragazkitik pasatu eta
bandeja batean jarri
8
Ez zazu bota azala,
kristalak gorde dezala,
E-200ik gabe mantentzen
da euskaldun naturala.
9
Irabiatu denbora,
ta sartu kobazulora,
Izan egia izan gezurra
nahi duzuna izango da.
10
Trapuaz garbitu zerra
eta arnastu eterra,
ez dugu nahi baina hori gara
finean, txorizo-burgerra.