argia.eus
INPRIMATU
Errekurtso ekonomikotik gutxi baina sozialetik asko duen ortua
Itsaso Zubiria Etxeberria 2015eko uztailaren 23a
Deustuko gaztetxean hasi ziren ortu komunitarioaren proiektuarekin, baina txiki geratuta, Aranbeitiko bizilagun baten lur zatia hartzeko aukera izan zuten.
Deustuko gaztetxean hasi ziren ortu komunitarioaren proiektuarekin, baina txiki geratuta, Aranbeitiko bizilagun baten lur zatia hartzeko aukera izan zuten.Baratza Taldea

Agirre Lehendakariaren etorbideko ke zurrunbilotik atera eta pauso gutxira, Aranbeiti auzoan, hiri handiak ezkutatzen dituen altxor berde txikietako batean dabil Saioa Bacigalupe. Aitzurra eskuan tomate ipurdiak harrotuz bere txanda betetzen ari da Deustuko Gazte Asanbladatik bideratutako ortu komunitarioan.

Baratza taldearentzako Aranbeitiko ortua produkziorako lur zatia baino gehiago da, ikasketa prozesu bezala ikusten dute. Taldean daramaten ikasketa prozesua. Gehiago dakitenek gutxiago dakitenei irakasten dietela ari dira ezagutzen hiritarrak nekazal-mundua eta ari dira beste modu batera harremanetan jartzen naturarekin, lurrarekin. Ortu horri, baina, ez diote zentzurik ikusten komunitarioa ez bada; ez dute lur zatia banatu eta bakoitzak bere baratzetxoa eduki dezan nahi. Ezagun dituzte horrelako eredu batzuk, baina ez daukate kolektiboak ematen dion indarrik. Erabakiak asanblearioak izaten dira Aranbeitiko baratzean, eta honek prozesua mantsotzen badu ere taldearen pauso bakoitza sendoagoa dela iritzi diote.

Nola egiten da produktuen banaketa ortu komunitarioan?

Barre egiten dute galdera hori entzuten dutenean ez baitaukate formula zehatzik horretarako, logika besterik ez. Kide bakoitzak badaki guztien lanak emandako fruituak guztienak direla, eta norberak kalkulatzen du zer eta zenbat bildu behar duen. Konfiantzan oinarritutako bilketa sistema deitu diezaiokegu, familia edo lagunarteko banaketa arrunt batean egiten dugun moduan.

Haziak sortu eta trukatu

Haziak erosi beharrik ez dute izaten Aranbeitin. Urtean biltzen joaten diren produktuetatik haziak gorde eta datorren urterako prestatzen dituzte, eta aldi berean beste talde eta norbanako batzuekin trukatzen dituzte beste batzuk. Zenbait hazi ingurukoen edo antzeko esperientzia ezagutzen ari direnen artean banatzen dituzte, baina badago horretara bideratutako talderik ere, Hazien Sarea esaterako. Bertakoak diren produktuak ereiten dituzte ahal duten neurrian, eta ez bakarrik baratzean, orain hilabete batzuk inguruko txokoetan Euskal Herriko zenbait fruta-arbola aldatu baitzituzten.

Lurra hobetuz doa. Lau urteotan aldaketa nabaria izan dela diote baratzezainek. Lur buztintsua dute, baina landuz doazen heinean aldatuz doa; errotazioak egiten dituzte beti produktu berdinak leku berean ez jartzeko, eta eurek egindako konpostetik ateratako ongarriak ere mejora handia egin diola aipatzen dute.

Errekurtso ekonomiko gutxirekin aurrera ateratzen den ortu honetan lanabes gehienak ere inork utzi edo emandakoak dira, eta beharrezko materiala inguruak eskainitakotik eta eskulanaz baliatuz lortzen ahalegintzen dira. 

Baratza taldea

Proiektua: Baratze komunitarioa.

Kokapena: Aranbeiti auzoa (Bilbo)

Noiztik martxan: 2011 urtetik.

Kide kopurua: hamar lagun inguru.

Helburua: Hiritarrak nekazal mundura gerturatu eta lurrarekin harreman zuzenagoa izatea.