argia.eus
INPRIMATU
Doinu hegalariak
  • TALDEA : Lain

    DISKOAREN IZENA : Tximeleta hegalariak

    Baga Biga, 2015

Joxi Ubeda Goikoetxea 2015eko uztailaren 15a

Rock erritmo indartsuak, doinu mardula eta trinkoa, eta melodia politak eta hunkigarriak entzun daitezke Lain taldearen hirugarren diskoan. Hitzetan, besteak beste, harremanak, istorio pertsonalak, gogoetak, sentimenduak eta sentipenak dituzte hizpide.

Diskoa prestatzen lan handia egin dutela antzematen da kantuak entzunez gero. Grabazio saioak Gaztain estudioetan egin dituzte, Eñaut Gaztañagarekin; Natalia Garmendia (ahotsa), Jon Arruabarrena (saxofoia), Felipe Murillo (biolina), Nerea Lasaga (biolontxeloa) eta Xabier B. Leturia (perkusioa) musikariak ere aritu dira; eta diseinu lanez Josu Torrealday arduratu da. Denen artean, oso lan ona burutu dute.

Lain taldeko kideak oso gazte hasi ziren musikaren munduan. Nerabeak besterik ez zirela hegan egiten hasi ziren. Zure doinua abestiaren bideoa Youtubera igo eta berehala arrakasta lortu zuten –bat batean 20.000 bisita izan zituen bideoak–, Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten Aukera berri bat abestiarekin 2008an, eta jendaurreko emanaldi ugari egiten hasi ziren. Toki txiki zein handietan: BBK Live jaialdian, Donostiako Aste Nagusian, hainbat herritako jaietan, Bonberenean, zenbait gaztetxetan...

Taldea urte hartan sortu zen Villabonan (Gipuzkoa). Leire Berasaluze (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Jon Altuna (bateria), Imanol Urkola (gitarra) eta Javi Rivero (baxua) izan ziren kideak 2011ra arte, eta denbora tarte horretan bi disko kaleratu zituzten, biak Elkar argitaletxearekin: Lain (2009) eta Leihoak (2011). 2011urtean Mikel Benito (gitarra) taldera batu zen, Leihoak diskoa kaleratzearekin batera. 2013an Imanol Urkolak taldea utzi eta Joseba De Arriba (gitarra) hasi zen, eta hirugarren lana prestatzeari ekin zioten buru belarri.

Oraindik gazteak dira baina ibilbide bat egina eta eskarmentua daukate. Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe abeslarien ahotsak izan dira beti taldearen bereizgarririk nabarmenenak. Hasieratik jo dituzte pop-rock kutsuko doinuak, baina bilakaera izan dute, disko berriko kantuak ez dira hain sinpleak, errazak eta gozoak aurreko diskoetako kantuekin alderatuz, indartsuagoak, landuagoak eta helduagoak dira. Doinuak bezala, hitzak ere aurreko diskoetakoak baino landuagoak daude.

Taldea sendotu egin da, bere doinua indartu, biribildu eta findu egin du, eta hasierako ilusioarekin hegan egiten jarraitzen du kantuen bidez.