Baiona, 1988. Makeako Herriko Etxeko hautetsia da. Batera plataformako bozeramailea. Hautetsien Kontseiluaren gehiengoak Ipar Euskal Herriko egitura bakarraren alde bozkatu du uztailaren 1ean. Hil honen 6an, berriz, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko lau auzapezek Kontseiluaren erabakiaren aurkako agiria plazaratu dute: “Nola ote da posible manifestaldietan parte hartzea eta orain kontra agertzea?”, erran digu solaskideak.
Herri arteko Lankidetza Erakunde Publiko (HELP) bakarra antolatzearen kontra agertu dira Miarritzeko Veunac, Bidarteko Alzuri, Bokaleko Gonzalez eta Angeluko Olive auzapezak, egitura bakarra “gobernaezina” dela argudiatuz. Nikolas Blainekin solastatu ginenean, auzapezen agiria ez zen publikatua. Baterako bozeramailearekin mintzatu gara kari horretara berriz ere: “Nola ote da posible, manifestaldietan parte hartzea Lurralde Kolektibitatearen alde, eta orain kontra agertzea? Bizi garen fasean bi jarrera hartzen ahal dira: Ipar Euskal Herriaren alde edo kontra, baina ez dago erdibiderik. Molde demokratikoan eta gehiengo zabalak adostutako bidea urratu behar da. Azken hilabeteetako eztabaidetan parte hartu dutenen jarrera hori onartezina da”. Horiexek, lau auzapezen agiriari buruzko Blainen hitzak. Horien aitzinetik ukan genuen elkarrizketa segidan.
Zertan ari da Batera plataforma? Irudi luke bere zeregina hoztu dela.
Irudi lezake, baina ez da horrela. Azken hamar hilabeteetan ez da publikoki agertu, baina barne lanetan ari gara gogotik: Garapen eta Hautetsien kontseiluekin, Merkataritza Ganbararekin eta Herrien arteko Biltzarrekin. Laster aterako gara plazara.
Ipar Euskal Herriko egoera politikoa Bateraren ildoen alde al dago?
Bai. Eta ez bakarrik abertzaleek bozetan lortutako emaitzengatik, gainerako alderdietan jakobinoa ez den ildoa nagusitu delako baizik. Jakobinoak ez dira haien karguetan, ez nagusiki bederen. Haustura gisako bat eman da. Gaur egun, 110 auzapezek Bateraren aldarrikapenak babesten dituzte, eta hauteskundez hauteskunde kopurua goiti ari da
Departamenduaren aldarrikapena egitetik Lurralde Kolektibitatea egitera aldatu zen. Orain berriz, Herri Elkargoa eskatzen da. Herritarrak jabetzen al dira aldaketen arrazoiez?
Ene irudiko, bai. 2010eko kontsultan 35.000 pertsonek parte hartu zuten. “Lurralde Kolektibitatearen alde edo kontra al zara?”, galderari baikor erantzun zioten. Bihurgunea hor eman zen. Ondoren, foro publikoetan pedagogia landu dugu biziki. Anartean, 2013an, ekimena Baionako eta Mauleko karriketara eraman genuen milaka jende bilduz. Alabaina, Jean-Marc Ayrault lehen ministro ohiak “Frantzian ez da estatus bereziko instituziorik sortuko”, erran zuen. Frantziako Gobernuak ez dio Lurralde Kolektibitateari bide eman nahi izan, ezezko biribila etorri zen Paristik. Parisekin indar lehian segitzea edo egungo zuzenbide publikoaren bidez gure eskakizunei erantzuteko dauden aukerak baliatzea aztertu genuen. Baterako kideok Herri Elkargo bakarra osatzea lehenetsi dugu Ipar Euskal Herria politikoki egituratzeko. Lurralde Kolektibitatearen xedea atxikiz betiere, egitura hori baita eskaera demokratikoena, jendearentzat ulergarriena.
Aldian aldiko gobernuek euskaldunen eginbidea oztopatzen dute.
Baikor izan nahian ere, egungo testuinguruan, Lurralde Kolektibitatea ez dugu 25 urtetan lortuko. Jean Grenet auzapez jakobinoak erraten zuenez, “lehen alderdia Frantzian ez da eskuina edo ezkerra, jakobinoa baizik”. Beraz, ez da alderdi afera. Parisko Asanblea Nazionalean jakobinoek osatzen dute gehiengoa. Euskal Herria hitza agertzen delarik bidea blokeatzen dute. Debatean ez dute parte hartzen, baina kontrako boza emateko agertzen dira Asanblean. Argi dago, ez dute Euskal Herria erakundetzerik nahi.
Herri Elkargoak Ipar Euskal Herriaren erakundetze modua ekar lezake?
Herri Elkargoa lehen urratsa da. Egitura horrek gabeziak ditu, noski. Kontzienteak gara alimaleko mugekin topo eginen dugula. Frantziako zuzenbide publikoaren ildoko egitura instituzional hauek 20 urte baino ez dute. Orain ari dira egonkortzen nolabait. Alabaina, guk instituzio gisako hori haztatu eta baliatu behar dugu. 158 herri gara eta lurralde proiektu koherentea egituratzeko gauza garela frogatu behar dugu. Hasteko, barnealdea eta itsasaldea biltzeko eta orekatzeko. Euskarak eta euskal kulturak egitura baten beharra duela erakusteko.
Uztailaren 1eko Hautetsien Kontseiluko Biltzar Nagusiaren ondoren zein da ikaspena? Zein da zeregina?
Frantziako zuzenbideari atxikiak diren eginbideak atzeman behar ditugu hemengo egitura instituzionala eratzeko. Gobernuak mandatu hori eman dio Paueko prefetari. Ipar Euskal Herriarendako bitarteko instituzionalak zerrendatzeko agindu dio Prefetari. Prefetak lauzpabost proposamen egin ditu. Horiek NOTRE legearen ildoan garatzen ari den lurralde erreforman daude, Herri Elkargoaren antolaketa bidera dezaketenak. Herri Elkargo bat osatzeko 5.000 biztanle behar izan dira orain arte. Uztailean bozkatu den testuaren arabera, 2017 urtetik aitzina 20.000 beharko dira. Hori da Iparraldearendako aldaketa nagusia. Izan ere, orain hamar Herri Elkargo daude: bi aglomerazio eta zortzi herri elkargo. Alta, hamar horietatik zazpik ez dute betetzen 20.000 biztanleren heina. Une honetan, elkargoen mapa aldatzeko lanean ari da prefeta. Gure xedea, hamar herri elkargo horien ordez, Herri Elkargo bakarra osatzea da.
Prefetak lagundu dezake horretan?
Prefetak Herri Elkargoaren bidea urratzea ontzat hartu du. Hartaz, egungo hamar elkargoak desagertuko lirateke. Ikusi beharko da datozen 5-10 urteetan nola antolatzen den sortuko litzatekeen egitura berria, egun tokian toki dauden egituretatik tanpez ez mozteko, herri elkargo horiek desagertzen joanen baitira. Herriko Etxeek osatu behar dute Herri Elkargoa, zuzenbide publikoaren arauarekin bat eginez.
Zein izan daitezke trabak edo gabeziak Herri Elkargoa osatzeko bidean?
Gabeziak edo akatsak gobernantzaren inguruan agertzen dira bereziki. Hauek dira galderak: nor izanen dira hautetsiak? Nolakoak hautetsien eskumenak. Nola antolatuko da fiskalitatea? Egun ez gaude horien erantzunak zehaztasunez finkatzeko gisan. Hautetsi batzuek ordea, xehetasun eskas horien aitzinean, kontra bozkatzen dute eta proiektua blokeatzen. Jarrera oso arriskutsua da. Beren jokamoldea ez dugu argi ez lagungarria ikusten.
Blokeatzeko arriskua dago, beraz?
Bai. Prozesuaren une erabakigarri honetan ez bada Herri Elkargo bakarraren asmoa abiatzen, beste aterabide bat bilatuko dute. Hiru Elkargo antolatzea, adibidez. Prefetak hori esan du. Gure lurraldea horrela egituratzen bada, arriskua izugarria da. Itsasaldeko aglomerazioek gaina hartuko baitute, Bordelerekiko harreman zuzena haiek landuko dute. Eztabaida arras politizatu da. Lurraldearen antolaketa biztanleen kopuruaren arabera egiten bada, kostaldeko oraingo herri elkargoek sos gehiago bilduko dute barnealdekoek baino, eta barnealdeko herri elkargoak bigarren mailan geratuko dira.
Hiru herri elkargo sortuko balira, ez litzateke instituzio bateratua izanen.
Herri Elkargoa A plana da. Hori gauzatuko ez balitz B plana legoke: hiruzpalau herri elkargo. B plana gauzatuko balitz, aglomerazioko hiri handien arteko koordinaketa gisako bat antolatu lezakete. Gu horren kontra gaude, Sindikatu Misto baten egituraren estatusa hartu zezakeelako. 2010ean baztertua izan zen bide hori. Sindikatu Mistoak ez baitu eskumenik, ez du dirua kudeatzen, ez du fiskalitaterik. Egitura hori, ahulegia delako baztertua izan zen. Gure geroa geure esku hartzeko ez dauka funtsik. Baterakoek ez dugu hori egoki ikusten. Prefetak dioenez, Herri Elkargo bakarra ala hiruzpalau herri elkargo. Arriskua hortxe dago, barnealdea –baserri mundua– gibelean geratzeko arriskua barne.
Bi aglomerazioko (Angelu/Miarritze eta Donibane Lohizune/Hendaia) auzapezak ez ziren hautetsien azken Biltzar Nagusian izan. Ez da seinale ona.
Prefetak Herri Elkargo bakarra osatzeko aglomerazioen estatutua edota estatusa baliatzea lehenesten du. Prefetak aglomerazioetako auzapezei beren estatutua eta egitura 158 herrien artean partekatzea proposatu die. Nik ulertzen dut proposamen ausart eta kaltegarria izatea gaur egun dituzten bitartekoak bestekin partekatzea. Horregatik irtenbide bat xerkatu behar da. Egituratze prozesuan ari diren adituek ez baitute baztertzen Hiri Gunea egitura antolatzea. Eta kasu, Baiona eta Donibane inguruko bi aglomerazioetako hautetsiek ez liokete aterabide horri uko eginen.
Departamenduko buru Jean-Jacques Lasserrek zabaldu den prozesuarekin dudak dituela dio. Alta, Hautetsien Kontseiluko burua izan da berriki arte.
Lasserrek ez du parte hartu uztailaren 1eko bozketan, baina han zegoen. Irudiz, Departamenduko buru izateak zailtasunak ekartzen ahal dizkio, alta, Hautetsien Kontseiluko lehendakaria izana da. Orain arteko gogoeta guztiak bere kargupean garatu ditugu. Lurralde Kolektibitatea proposatu genuenean hautetsien burua zen. Nik orain galdera hau pausatuko nioke: “Euskal Herriaren aldeko egitura bakarraren aldekoa al zara, bai edo ez?”. Dudak dituela? Azken hilabeteetan ez da Hautetsien Kontseiluko buru zelarik mintzo ohi zen bezala agertzen. Agian, orduan ez zen guztiz konbentzitua, prozesu politiko honetan interesez sartu zelako. Nolanahi ere, orain bere jarrera argitu behar du, baita, koherentea bada, lehen zeukan iritzi beraren alde agertu ere. Gaur egun jokoan dena alderdiaz haratago dago, norberaren karrera politikoaz haratago. Lasserrek gisa horretara gogoetatu behar luke. Irudiz, blokeatuta dago. Alta, zirt edo zart egin behar du.
Uda aurretik, irakasle talde batek ekimen bat jarri zuen martxan ikasleek proba euskaraz erantzun ahal izateko. Kazetak adierazi duenaren arabera, orain gertatutakoa ikertzeko prozesua zabalik dago.
Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.
Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]
Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko– EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]
Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.
Ekainaren 30ean, lehen itzulian, 11.000 boto eskas gehiago lortu zituen Fronte Herritar Berria koalizioak Batasun Nazionalaren aldean. Orain, 30.000 boz atera dizkio. Parisera joango diren hiru hautesbarrutietako ordezkariak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira.
Nafarroa Behereko zati bat, Zuberoa eta Biarnoko zati bat hartzen dituen laugarren hautesbarrutian %73ko parte-hartzea izan da (Frantziako estatukoa %65,5). Ezkerreko Fronte Popular Berriko Iñaki Etxaniz nagusitu da bozen %38,01ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko... [+]
Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.
Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri gehienetan nagusitu da Batasun Nazionala, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko prefekturak emandako datuen arabera. Nagusitasuna ia erabatekoa da Lapurdin.
Jean René Etxegaraik Peio Etxeleku baztertu du Errobi lurraldeko arduretatik. Etxeleku Kanboko hautetsia eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria da. Joan den astean Hirigune Elkargoko buruak jakinarazi zuen poloko hamaika auzapezetatik seik galdegin ziotela... [+]
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.
Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]