"Alderdiok Jaurlaritzari esan dioguna argia da: gelditu frackinga"

  • EAEn haustura hidraulikoa eragozten duen legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak ekainaren 30ean. Parlamentuko alderdiak iazko irailean Fracking Ez plataformak 103.000 sinaduraren babesarekin aurkeztutako Herri Ekimen Legegiletik abiatu dira legea ontzeko, baina jatorrizko debeku esplizitua ez da ageri onartutako testuan, bai ordea frackingari traba asko jartzen dion neurri sorta. Javi Carro legebiltzarkide arabarra izan da EAJren ordezkaria legea landu duen ponentzian. Jeltzaleak abstenitu egin ziren bozketan.

“Lege hau EAEko eskuduntzen eremuaren barruan sartzen da. Ikusi beharko da, hala ere, estatuak nola erreakzionatuko duen”.
“Lege hau EAEko eskuduntzen eremuaren barruan sartzen da. Ikusi beharko da, hala ere, estatuak nola erreakzionatuko duen”.Alex Larretxi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Adierazi duzue ados zaudetela frackingari buruzko legean jasotako babes neurriekin, baina hala ere abstenitu zineten.

Uste baikenuen aukera historikoa galdu dugula legea are hobeto osatzeko, onartu diren hiru neurri murriztaileei guk proposatutako bost eta zortzi urte bitarteko moratoria ezarriz. Abiapuntua zen estatuan izandako aurrekariak (Nafarroa, Kantabria, Errioxa...) erabateko debekuzkoak direla, eta Madrilek, Konstituzio Auzitegiaren bitartez, denak baliogabetu dituela. Fracking Ez plataformak zekarren proposamena ere halakoa zen, eta beraz bagenuen pertzepzioa hori ez zela egokiena. Ondo aztertu behar genuen frackingaren aurrean zer neurri har zitekeen. Eta uste genuen babesa handiagoa izango zela onartutakoari gure moratoria erantsiz, juridikoki segurtasun-eza handitu arren.   

Zer ekarriko zukeen moratoriak?

Lehenik eta behin, Jaurlaritza behartzea. Gero ikusiko zen –eta ikusiko da, onartu denarekin ere– estatua etorriko ote zen esatera lege honek EAEko eskumenen esparrua gainditzen zuela. Hori ez gertatzeko, moratoria proposamena beste neurri batekin osatzen zen: estatuak ere parte hartuko lukeen batzorde zientifiko bat eratzea.

Zergatik ekar zezakeen segurtasun-ez juridikoa moratoriak?

Lur azpian dagoen guztia estatuarena da. Hari dagokio, eta ez beste inori, horri buruzko legedia egitea [horregatik baliogabetu dira hainbat erkidegok emandako lege debekatzaileak]. Estatuak debekutzat har zezakeen moratoria, eta horretan oinarrituta gure legea baliogabetu; hain zuzen hori saihesteko esan dugu moratoria epe jakin baterako izan behar zela, eta estatuarekin lankidetzan.

Leporatu egin zaizue moratoria proposamena denbora irabazteko saiakera besterik ez zela.

Bai, eta hauteskunde garaia zetorrelako eztabaida moteldu eta legearen onarpena ahal beste atzeratu nahi izan dugula. Gure asmoa zorrotz jokatzea besterik ez da izan. Denbora irabaztea? Bada, bai. Kontua hartu behar da abiapuntua zein  den: EAEk sekulako dependentzia energetikoa du, %93 ingurukoa, eta ia baliabiderik ez. Ezin da aterik itxi. Frackingak orain ez dauka batere itxura onik, baina ikus dezagun nola eboluzionatuko duen teknikak. Eta zentzu horretan, hobe da energia-baliabideen kontrola esku publikoetan egotea enpresa pribatuenetan baino. Leporatu egin zaigu, baita ere, EAJk alderdi modura moratoria baten beharra argi ikusten bazuen nahikoa zela Jaurlaritzak frackinga ez sustatzea. Baina hala jokatuko bagenu beti, hemen ez legoke legerik ezertarako, eta denok gidatuko genuke gida-baimenik gabe, esaterako. Zertarako onartu dugu Etxebizitza Legea, gobernuak bere kasa har baditzake neurriak? Jaurlaritza legez behartu behar da, babesa ondo bermatzeko.

Debekurik ezin ezarrita, kontua da onartutako legeak eragotzi egiten duela frackinga. Plataforma ere pozik agertu da.

Guk ere onartu dugu legea aurrerapausoa dela, gizartea babestuago dago orain; horregatik abstenitu gara. Nik uste dut legea zer den haren izenak definitzen duela ezin hobeto: hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta frackingean ingurumena babesteko neurri osagarrien legea. Jatorrizko Herri Ekimen Legegileak zekarren izenburu bera da, eta Fracking Ez plataformak horretan bete-betean asmatu zuelakoan nago. Beste kontu bat da jatorrizko artikuluekin legeak oso bide laburra egingo zukeela, beste erkidegoetan ikusi denez. Aldiz, lege hau EAEn ere badauzkagun eskuduntzen eremuaren barrukoa da. Ikusi beharko da, hala ere, estatuak nola erreakzionatuko duen.

Demagun zuen proposamena onartua izan dela, eta bost edo zortzi urteko moratoria agortuta gaia aztertu duen zientzialari batzordeak –ikusi beharko litzateke nortzuk osatuko luketen– dioela hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko teknikak badirela seguruak. Baina legeak traba egiten dio horiek erabiltzeari.

Onartu diren hiru neurriak oso orokorrak dira. “Kutsatu ahal balu”, “kaltegarria izan ahal balitz”... Etorkizuneko teknika batek, izan frackinga edo izan frucking-a, segurua balitz, ez luke legea urratuko. Baina jakina, segurtasun hori frogatu egin beharko litzateke. Momentuz argi dagoena hau da: inon idatzita ez badago ere, gizartearen onespena izeneko gauza bat existitzen da. Eta frackingak onespen hori galdu zuen 2011ko urrian, Patxi Lopezek Texasen iragarri zuenean 60 urterako gasa zegoela hemen. Ordutik hona frackingarekiko iritzi bat zabaldu da euskal gizartean, frackingak sinesgarritasuna galdu du, eta nekez berreskuratuko du.

EAJ barruan azken hilabeteetan gaiarekiko jarrera aldaketa nabarmena izan da.

Ez dago zalantzarik 2011tik hona bizi izan dugun guztia beharrezkoa izan dela azkenean denok jarrera bat hartzeko. Begi-bistakoa da PSE eta EAEko PP, frackingari dagokionez, ez direla duela bi urteko berak [ biek bozkatu dute legearen alde]. Eta gaurko EAJ ere ez da 2011koa.

Zenbait analisiren arabera, EAJren ikuspuntutik Texaseko iragarpen arranditsu hura egitea izan zen Patxi Lopezen gobernuaren hutsegiterik handiena, Ibarretxeren garaitik isilpean egiten ari zena zapuztu baitzuen. Bestela, lehenbiziko zulaketak egiteko zorian geundeke agian.

Baliteke hala izatea. Baina hori diotenek, berriz ere, ez dute kontuan hartu arazo nagusia: gure baliabideen ezagutza zehatza behar dugu, eta horretarako ikertu egin behar da, horixe da gobernu arduratsu baten lana. Nik ez dut kritikatzen Ibarretxeren gobernuak hidrokarburoak bilatu nahi izana, eta are gehiago, gaur, 2015eko uztailean, uste dut SHESA sozietate publikoa guztiz beharrezkoa dela, trantsizio energetikoaren kontrola esku publikoetan nahi dudalako. Hori bai, Ibarretxeren gobernuak ikertu beharra zeukan, baina ez edozein preziotan. Nik gobernu hari egin diezaiokedan kritika Kuartangoko Udalaren (EAJren esku, bide batez) haserrea eragin zuen bera da: beren lurretan bi putzu egiteko proiektuaren berri buletin ofizialaren bidez jaso zutela.

EAJ Lakuara itzuliz geroztik, Jaurlaritzak aurrera eraman ditu fracking proiektuak. Zure ustez zer egin beharko du orain?

Haiei galdetu beharko zaie. Edozein kasutan, zeri begiratu behar dio Ekonomia Garapen sailak? Legean idatzita dagoen testuari, edo herritarrek agertu duten borondateari, alderdi politikoek formula honen bidez adierazi dutena beste modurik ez zutelako? UPyD ez beste alderdi guztiok esan dugunaren esanahia argia da: gelditu hau. Jaurlaritzak zer egingo duen? Ikusiko dugu.

Nekez sinetsi daiteke EAJn gaiaz eztabaidatu duzuen bitartean Ekonomia Garapen sailaren asmoen berri izan ez duzuenik.

Eta nork esan dizu ez dugula izan? Jaurlaritzak argi esan du beti: hidrokarburoak aztertzeko sozietate publiko bat dauka, eta ikertzen jarraitu nahi izan du. EAJ izan da hausnarketa egin eta gero, bost urteko moratoria proposatzeko barne-akordioa lortu duena. Eta akordio hori alderdi barruko osagai guztiak eta erpin guztiak kontuan edukita gauzatu da. Jaurlaritzak –izan Ibarretxerenak, Lopezenak edo Urkullurenak– ikertzeko beharra dauka, eta beste batzuei dagokigu mugak ipintzea, beste batzuek esango diogu “ikertu bai, baina ez edozein preziotan”.

Energia-baliabideak administrazio publikoaren kontrolpean edukitzeko beharra aipatu duzu lehen. Araban aurreikusita zeuden proiektuetan, ordea, SHESA sozietate publikoaren parte hartzea erdia baino txikiagoa zen, AEBetako enpresek zuten gehiengoa.

Europak ez du ia hidrokarburoen alorreko teknologiarik, eta alde horretatik estatubatuarren menpe gaude. Egia da parte hartze publikoa erdia baino gutxiago dela, %40 ingurukoa uste dut, baina zalantzarik ez dago parte hartze publikoak pisu espezifiko bat duela. Ipar Amerikako enpresa bat ez da hona etorriko negozioa egitera bertoko gobernuaren aurka jarrita, portzentajea handiagoa izan arren. Beraz, kontrol publikoa existitu existitzen da. Horri lotuta, badago Fracking Ez plataformak zorroztasun handiagoz analizatu beharko lukeen gai bat: estatuak hidrokarburoak ikertzeko baimenak ematen ditu, eta esklusibitatean ematen ditu. Behin ikusita leku batean badagoela errentagarritasunez ustiatzeko moduko baliabide bat, estatuak ikertu duenari emango dio ustiapenean lehentasuna, baina erauzketa erritmoa ez bada hark nahi bezain azkarra, kontzesioa kendu eta beste bati eman diezaioke. Hori beste elementu bat da euskal herritarrok esan dezagun: non egon behar da baliabide hori? Teknika egokia sortu bitartean, lur azpian. Galdera nagusia ez baita gasa ote dagoen, aspalditik dakigu gasa dagoela!, galdera da ea zenbat gas ateratzeko gai garen teknika jakin bat erabiliz. Beraz, ustiapena baldintza seguruetan egitea ahalbidetzen duen teknika batekin egin behar da ikerketa ere. Eta gaurko baldintzak ez dira egokienak, besteak beste Araban 800 putzu inguru egin beharko liratekeelako. Astakeria bat.

Ekainaren 30eko eztabaidan esan zenuen bi aukera zeudela mahai gainean: azkenean onartu zena, hau da, hiru neurri murriztaileena, eta zuena, hiru neurriok gehi moratoria. Esan zenuen ere tamalez ezin zitzaiela galdetu Herri Ekimen Legegilea sinatu zuten 100.000 herritarrei zein nahiago zuten. Uste duzu onartutakoarekin pozik egongo direla?

Ez dakit zer pentsatzen duen 100.000 horietako bakoitzak –bide batez esateko, ni bat naiz–, baina garbi dago onartu denaren espiritua  frackinga eragoztea dela. Eusko Jaurlaritzak jaramon egiten badio horri, oso argi dago zer egin behar duen: teknika hau giltzapean eduki.

Azkenerako neukan gordeta galdera baina aurrea hartu didazu. 100.000 sinatzaileetakoa zara, beraz.

Bai. Izarrakoa naiz eta hamasei urtez izan naiz nire udaleko, Urkabustaizeko, alkatea. Oso antzinako usadio eta arauei esker gorde diren akuifero izugarrien gainean dago nire herria. Horregatik sinatu nuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
AEBetako Greenpeace desagerraraz dezake Dakota Access oliobidearen enpresak jarritako salaketak

900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak AEBetako Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan porrot eginez gero, Greenpeace justizia klimatikoaren aldeko... [+]


Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


“Fracking” gasa dator, erregai fosil zikin eta suntsitzailea
Komunikabide handi batzuek saldu dutenez, teknologia berriei esker orain arte baino gas natural askoz gehiago edukiko dugu erregai. “Iraultza isila” ei dakar. Aldiz, gas “berri” hori idokitzen ari diren lekuetan ikasi dute gas berria eskuratzea ez dela... [+]

2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


PODCAST #19 | TioBad hil dute, frackingaren eta ustelkeriaren aurkako koblakaria

Rapero ezaguna zen TíoBad gaztea Sayula de Aleman (Veracruz, Mexiko) herrian eta haren oihartzuna askoz urrunago ere heldu zen, Mexikon Barrena AEBetaraino. Bertsotan salatzen zituen narkotrafikatzaileekin elkar hartzen duten agintariak, kazetari eta ekintzaileen... [+]


2019-12-19 | Z. Oleaga
Frackinga berpizteko arriskuaz eta Euskal Herriko erakundeen erantzukizunaz ohartarazi du Fracking Ez mugimenduak

Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) enpresa publikoak Espainiako Ingurumen Ministerioaren oniritzia jaso du Armentia 2 putzuan lanak hasteko. Zulaketak egiteko baimena eskuratzea Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren ardura dela adierazi du Fracking... [+]


2019-11-27 | Hala Bedi
Gasteizen gasa erauzteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

Espainiako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Kalitaterako Zuzendaritza Nagusiak egindako ingurumen-inpaktuaren azterlana aldekoa izan da Armentia-2 putzuan gasa erauzteko, txostenaren arabera zundak ingurunean ez baitu ondorio kaltegarririk eragingo. Horrenbestez, Espainiako... [+]


110 urteko espetxe eskaera AEBetan oliobide baten aurka sabotaiak aitortu zituzten bi ekintzaileentzat

Dacota Access oliobideari sabotaiak egin izana aitortu zuten bi ekintzaileren aurka 110 urte arteko espetxea eta ehunka milaka dolarreko zigorra eskatu dute. Azken hamarkadetan ingurumenarekin loturiko ekintzaileei eskatu zaien zigorrik gogorrenak dira, The Intercept... [+]


2019-04-26 | Jon Torner Zabala
Frackingaren aurkako ekintzaileentzat, Ineos (Sky) txirrindulari taldearen jabea “deabrua” da

Sky txirrindulari talde britainiarra INEOS konpainia petrokimikoak erosi duela-eta, haserrea agertu du hainbat talde ekologistak, frackingaren aurkako kolektiboek tartean. Yorkshireko Itzulian protestak egingo dituztela iragarri dute.


2019-03-25 | ARGIA
2017ko ‘Pohang’ lurrikara frackingak eragin zuela aitortu du Hego Koreako gobernuak

2017ko azaroaren 13ean Koreako hainbat herri –tartean izena ematen diona– kaltetu zituen Pohang lurrikara bertan erregaiak fracking bidez erauzteko teknikak esperimentatzen dituen estazio geotermiko batek eragin zuela aitortu du herrialdeko gobernuak, gertakizuna... [+]


2019-03-22 | ARGIA
Fracking eta petroleo zulaketak gelditu ditu epaile batek AEBetan, klima aldaketa aipatuz lehen aldiz

AEBetako epaitegi federal batek behin-behinetan gelditu egin ditu gasa eta petroleoa produzitzeko zulaketak 121.000 hektareako eremuan, Wyoming estatuko lur federaletan. Epaiak lehen aldiz aipatzen du Barne Sailak lizitazioa onartu zuenean ez zuela kontutan hartu jarduera hauek... [+]


Langileek sortzen duten aberastasunaren ia %40 enpresarien poltsikora doa

Orkestraren azken txostenak hainbat datu azpimarragarri dakartza enplegu munduari buruz; bestetik, Bizkaiko ekitaldi eta negozio erraldoi handiei lupa jarriko diegu, Pello Zubiria Argiako kazetariak frackingaren egoera EAEn aztertu du.


Eguneraketa berriak daude