argia.eus
INPRIMATU
Behin bestaldean zer?
  • Markel Ormazabal:: Hemen naiz, ez gelditzeko baina
     

    Txalaparta, 2014

Saioa Ruiz Gonzalez 2015eko uztailaren 15a

Mitxel Sarasketaren gogoeta bortitz batekin abiatzen da Markel Ormazabalen kartzelako kronika: “Preso egon denaren gogoa gartzelara itzultzen da beti (…) batzuetan faltan botatzen dut kartzela” (9.orrialdean). Inoiz Preso izan ez garenok –eta maiuskulaz darabilt preso hitza, zoritxarrez, kolektibo baten memoriaren adierazle delako– urrunetik ere ezin uler dezakegun erreflexioa da Sarasketarena.

Lisabö taldearen kantu batean oinarritzen den tituluak, Hemen naiz, ez gelditzeko baina, martxan jartzen du liburuan hezurmamituz joango den problematika nagusietariko bat. Kartzela izeneko mundu horretan, idazle preso ohiak gizarteko angelu itsua deitzen duen horretan, hizkuntzaz, izenaz eta izanaz erauzia da gizakia ez gelditzeko baina. Bestela esanda, kartzela barruan biziarazi eta iraunarazteko nor izatetik zer izatera egin beharreko ezinbesteko ariketa burutu ondoren, alderantzizko prozesuari ekiteko zailtasunari aurre egin behar dio preso ohiak: “Eta, oraindik ere kartografia horrek bizi nau. Bihotz barruan betirako kondenatua?” (11. orrialdean).     

Atal laburrek bizipen eta esperientzia pertsonal baten usaina darie “Ta estali dut ahoa, ta orain taupadak dira” (12. orrialdean), baina kolektibo baten memorian eraikitako diskurtsoa da nagusi; ziegak, pasabideak, hormak, leihoak eta orotariko erreferentzia espazialen bitartez, subjektu kartzelatu baten erabateko anulazio prozesuaren lekuko bilakatzen gaitu, “t-a eta n-a kenduz, eta r-a eta e-a kenduz aldatze hutsarekin beste izaki bat” (60. orrialdean), pertsonatik presoarako prozesuarena hain zuzen ere.

Hemen naiz, ez gelditzeko bainak collage baten itxura hartzen badu ere, hiru galderatan formulatu daitezkeen hiru atal nagusi antzeman ditut: 1) Nola egin izanaz eta izenaz erauzia izan ostean berriz subjektu izatera igarotzeko? 2) Nola egin hizkuntzak mundua esplikatzeko jada balio ez digunean? 3) Nola egin subjektu kartzelatutik kartzela subjektura igarotzeko?

Galdera irekiak, baina erantzunik gabekoak. Biltzen diren erreferentzia musikalak, agian, lagungarri suerta daitezke taupada bakoitzari melodia eransteko momentuan. Ezin da ulertu, partekatu baizik.