Uppsalako (Suedia) Unibertsitateko zenbait ikerlarik egindako azterketak lortutako emaitzak ume jaioberrien ikusmenaz zeuden susmoak baieztatu ditu. Bizpahiru eguneko umeek ez dute ikusten beraiengandik 60 zentimetro baino urrunago egiten dugun ezer, baina distantzia horretatik behera gauzak aldatu egiten dira.
30 zentimetrora, umeek ongi xamar bereizten dituzte aurpegi-adierazpenak, baina ez aurpegia bera. Hau da, aurpegiko organoen mugimendua identifikatzen dute batik bat. Hala ere, ikerlarien arabera gauza bat da ikusmena eta beste bat ikusten dena interpretatu edo ulertzea. Azken horri buruz ez dute ezer frogatzerik izan.