argia.eus
INPRIMATU
Hamarratz
Edu Zelaieta Anta 2015eko uztailaren 08a

Gasteizko XVI. mendeko euskararen berri ematen duen Landuccioren hiztegian ikusi dut “hamarratz” hitza. Arabako eta mendebaleko beste zenbait tokitan bezala “armiarma” esan nahi zuen lehengo gasteiztarrentzat. Edonola ere, hitz berak beste esanahi batzuk ere har ditzakeela ematen du: leku batzuetan “olagarro” izan daiteke, eta, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak dakarrenez, “karramarro” hitzaren parekotzat ere jotzen da.

Animaliak ez ezik, pertsonak ere izan daitezke hamarratzak, eta arestiko hiru adierak baliatuta gainera. Izan ere, zaila izaten da zehaztea animalia politiko batzuk atzeraka ari diren karramarroen antzera, garroak harrapakinari eusteko erabiltzen ari diren edota amarauna dagoeneko josia duten.

Arrazoi pertsonalengatik utzi omen du Hezkuntza Ministerioa Jose Ignacio Wertek. LOMCE lege polemikoa garatzen lagundu zion Montserrat Gomendio Hezkuntza Estatuko Idazkari ohiarekin eta orain ELGA erakundearen Parisko egoitzan ari denarekin ezkonduko da uztailaren 11n. Rajoyk azaldu duenez, Wert izan liteke ELGArako Espainiaren enbaxadore.

Hamarratz... eta hogeiesku!