argia.eus
INPRIMATU
Amaiera txalogarria
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

    Zuzendaria: Jun Märkl

    Donostiako Orfeoia

    Zuzendaria: Jose Antonio Sainz Alfaro

    Bakarlaria: Olena Tokar (sopranoa)

    Egitaraua: Madina, Poulenc eta Berlioz-en obrak

    Lekua: Gasteizko Principal Antzokia

    Data: ekainaren 10a

Montserrat Auzmendi del Solar 2015eko uztailaren 08a
Olena Tokar

Amaitu da Euskadiko Orkestraren 14/15 denboraldia, eta azkeneko saiorako gutiziaz betetako egitaraua prestatu ziguten. Saio dotore eta landu hau hain ezaguna eta ederra den Aita Madinaren Aita Gurea lan koral laburrarekin hasi zen. Argentinan 1946. urtean konposatutako otoitz sentitu honek interpretazio gozo eta soila izan zuen Orkestraren eta Donostiako Orfeoiaren eskutik.

Bost minutuko harribitxi horren ondoren, musika eliztarraren beste adibide zoragarri bat dastatu genuen: Francis Poulenc-en Gloria, konpositore frantziarraren lan ezagunenetakoa. Abesbatza eta sopranoarentzako egina dago obra hau, eta aldi honetan Olena Tokar soprano ukrainarrak bere ahots argitsua eta bere adierazkortasuna luzitu zituen lanean zehar, baina batez ere hirugarren mugimenduan, Domine deus, rex celestis izenekoan, non benetan kantu dramatiko eta sakona egin zuen.

Eta saio eta denboraldiarekin amaitzeko, musika deskribatzailearen adibide handienetakoa: Berliozen Sinfonia fantastikoa. Errusiako Nikolas I.a tsar-aren omenez, bost mugimenduz osatutako sinfonia ezohiko honetan hainbat irudipen eta amesgaizto deskribatzen dira, eta honek ematen dio sinfoniari giro berezi eta imajinatiboa. Irakurketa dinamiko eta taxuzkoa egin zuten Euskadiko Orkestrakoek. Frogatuta geratu zen berriz ere, Jun Märkl zuzendariaren eta taldearen arteko elkar ulertzea. Hurrengo denboraldiaren zain geratzen gara.