argia.eus
INPRIMATU
Ekainaren 28a: gure aldarriak ikusarazteko eguna
June Fernández 2015eko uztailaren 08a

Auzoko denda batera joan nintzen nire bikotekidearekin. Bera, S, kanpoan geratu zen. 8-9 urte inguruko neskatila bat berarekin hitz egiten hasi zen, dendariaren alaba seguru asko. Niri begira keinu bat egin zion:

– Nor da? Zure ahizpa edo zure laguna?
– Nire nobia.

Haurra zeharo harrituta geratu zen: “Hori ez da posible”. Fruta ordaintzeko txanpon pare bat falta zitzaidala ikusita, S-rengana jo nuen. Neskatilak umeek izan ohi duten lotsagabekeriaz bota zidan: “Neskalagunak baldin bazarete, froga ezazue: elkar musukatu!”. S-ri masailean musu bat eman nion. “Ez, ez, A-HO-AN”, esan zuen. Aho batez ezetz esan genion. Ordaintzera itzuli nintzen eta berriro kalera ateratzean, neskatilak temati jarraitzen zuen: “Benga, mesedez. Eman musu elkarri!”. “Baina ez al dakizu neskak neskekin eta mutilak mutilekin maitemindu ahal direla?”, itaundu nion. “Bai, baina ez dut nire begiekin halako zerbait inoiz ere ikusi”. Tira, azkenean halako pikito arin bat eman nion S-ri. Haurra poz-pozik garrasika hasi zen. Antza, berarentzat ikuskizun zirraragarria omen zen. Ziztu bizian dendara sartu eta albistea oihukatu zuen: “Bi emakume elkar musukatzen ikusi dituuuut!”. Handik ihes egin genuen, atzetik dendaria aterako ote zitzaigun beldurrez, bere alaba perbertitzen ari ginelako edo.

S-k kontatu zidan ni erosketak egiten ari nintzen bitartean umeak galdera pila egin ziola. “Baina bera zure neskalaguna baldin bada, gizonezkoa al zara zu? Baina, zergatik ez duzu nobiorik?”. S-k “lesbiana naizelako” esan zuenean, umearen begiak asko-asko ireki omen ziren; “eta zuri ez zaizkizu neskak gustatzen?” galdetu zionean baita ere.

Dendariaren erreakzioari buruzko jakin-minez geratu ginen. Jakin-minez eta kezkaturik. 8-9 urteko haur batek homosexualitatea hain arraro sumatzen baldin badu, argi dago ez duela sexu aniztasunaren aldeko girorik arnastu. Orduan, zer esango zuen bere aita/osabak edo dena delakoak? Haserretuko zen? Haurrari oso serio esango zion hori bekatua dela edo “lesbiana” hitza ez dela ezta aipatu behar? Eta hala bada, neskatilak sinetsiko zukeen? Zer eragin izango du S-rekin izandako solasaldiak haren sentipenetan eta bere garapen afektiboan? Berehala dena ahaztuko du ala heldua denean gogoratuko du hori izan zela kontzienteki lesbiana batekin hitz egin zuen lehen aldia?

Espainiako Estatuan homosexualen arteko ezkontza eskubidearen onarpenaren 10. urteurrena ospatzen da aurten, uztail honetan. Gay aktibista bati entzun nion aurrerapauso horren ondorioz belaunaldi berriak aukera hori existitzen dela jakinez hazten ari direla. Alde batetik egia da, legeek badaukate eragin pedagogiko bat. Baina neskatilaren erreakzioa ikusita, argi dago normalizazioa ez dela oraindik lortu. Haurrek badakite familia eta sexualitate eredu anitz daudela, baina uste dut gehienentzat errealitate anekdotiko bat dela, euren biografiarekin, euren etorkizunarekin, loturarik ez duena.

Gertakari hau LGTB harrotasunaren egunaren bezperan izan zen. Heterosexual gehienek ez dute ulertzen armairua zer den. Duela gutxi zendutako PSOEko politikari eta gay aktibista Pedro Zeroloren esaldi bat bidali didate ekainaren 28an WhatsApp-en bidez: “LGTB harrotasuna, egunero entzun behar dituzun astakeriak jasateko tamainan –hankek dardar egin gabe– eduki behar duzun auto-estima da”. Ekainaren 28a gure gorputzak eta aldarriak ikusarazteko data beharrezkoa da, baina aktibismoaren esparru nagusia ez da hori, fruta-denda, bulegoa edota taberna baizik; heterosexismoaren arauak hausten dituztenentzat, borroka existitze eta ikusgai izate hutsa da.