argia.eus
INPRIMATU
Doktoretza tesi baterako gaia
Jon Mintegiaga Oiarbide 2015eko uztailaren 08a

Xabierrek 19 urte daramatza espetxean, beti lehen graduan, oso urrun. Kalean zuen neskalagun berarekin jarraitzen du eta 40 urteak pasata dituztelarik ez dirudi beren harremanetik kimu berririk sortuko denik. Azken urteetan vis a visak burutzeko izan dituzten zailtasunak ez die batere lagundu, epe motzean egoerak ez zuela irtenbiderik izango barneratu ostean, erlojuaren aurkako borrokan umeak ekartzeko hartu zuten erabakiari. Etsiturik, antsietateaz, harremana mantentzen dute.

Gorka ere Xabierren adinaren bueltako da baina egokitzen zaion zigor luzearen lehen urratsetan dabil oraindik. Neska laguna espetxean egin du. Bere moduluko kidea bisitatzera etorritako lehengusinari begia bota zion, hari berriz grazian erori zitzaion eta lehengusua normalean baino gehiagotan bisitatzen hasi zen egiatan Gorka bisitatzeko. Gutun apasionatu eta opari nerabeak gurutzatu ondoren, vis a visa gozatzen hasi ziren, denborarekin bikote bihurtuz.

Aitor gaztea da eta bere harremana bezala ondu gabea. Hezurretaraino maiteminduta egon gabe atseginez hartzen du kalean jadanik neskalaguna zuenaren bisita. Maite du, bizitza handia ematen dio. Beste bideak ez ditu baztertu erabat ordea; gutunez lardaskan dabil aspaldiko amorante batekin.

Andonik ez zuen bikoterik harrapatu zutenean. Bisitan etortzeko lagunen zerrendarekin batera herriko neska ugari lagun bezala vis a visetara etortzeko prest zeudela esan zioten etxekoek. Zalantzaz, gehien preziatzen zuenaren partez tarteka liatu izan zen militante politikoa hautatu zuen, eta “gerlariaren atsedena” goxatzen dion txorta-laguna dauka.

Joxek bi ume ditu, koxkortuak, espetxe zigorraren gainean zama handitzen diotenak. Larunbat eguerdira arte luzatzen diren amaren lan ordutan aitona-amonek betetzen dute haren falta, ez gutxitan, vis a visak igandetan eskatu beharrean izaten direlarik hilean bizpahirutan, atseden egunak aprobetxatuz.

Asierrek espetxera sartu orduko neska ezezagun baten gutuna jaso zuen. Bere atxiloketa mediatikoan maiz azpimarratu zuten mendizale eta eskalatzaile trebatua zela eta hura ere zalea zenez aitzakia harekin idatzi omen zizkion animoak bideratzeko lehen lerro haiek. Denboran, bikote harremana hastea pentsatu zuten eta egun, familia osatzeko erabakia hartua dute.

Ainhoak … Ainhoak ere badu bikotea, Joxe, beraiekin batera atxilotu zuten militantea. Bolada batean geografiako punta banatan atxikiak izan ondoren behin ezkon paperak sinatuta espetxe berean elkartu zituzten. Astean behin, kristala tarteko, 40 minutuko bisita dute. Vis a visa hilero.

Ez da bereziki begi zorrotza izan behar euskal presoen bikote ereduez jabetzeko. Gehien gehienean heterosexuala eta jendarte patriarkarrak markatua, emakumezko euskal presoek apenas kaleko bikoterik duten.

Bestela esanda, beren burua independentista, sozialista eta esplizituki feminista kontsideratzen duen mugimendu hartako gizonezkoak, salbuespenak salbuespen, ez daude prest milaka emakumek hartutako konpromiso berdinari eusteko. Horrek, zer pentsatua eragiteaz gain, doktoretza tesi baterako ematen du.

* Oharra: Argia.eus webgunean, Txabolotik blogean daude irakurgai artikulu hau eta egilearen gainerakoak.