argia.eus
INPRIMATU
Maitasuna
Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2015eko uztailaren 02a

Presa handia izan dute EAJ-PNVkoek matrimonio eraberriturako ezkontide zaharberrituari proposamen lizunak egiteko. Ez dute zalantzarik izan. Sentimenduak sentimendu dira, benetakoak eta bihotz-bihotzekoak. Elkar maite dute. Izango dituzte desadostasun eta haserreak (Andoain eta Gasteiz), baina zer dira zirtzilkeria horiek, ezkontideen arteko sentimendu eta elkarri dioten errespetuaren aldean?

Ezkontideetako ausartenak (PNV) elizarako abiada bizia hartu du, inork ustekabeko eskaintzarik egin aurretik (EH Bildu). Bestela ere, bigarren aukera honek ez die egonkortasunik ematen. Matraka zaleak dira gainera, itun, hitzarmen eta negoziazio gaietan trebatu gabeak. Zaborra zabaldu nonahi, horixe egiten baino ez dakite. 

Dena den, kariñoa-edo eragiten die bihotzondoan. Eta (Gure) eskutik oratuta ere ikusiko ditugu tarteka-marteka. Baina ezkutuan edo, lotsatuta baleude bezala. Izan ere, etxekoak dira eta. Baina kalezale zalapartari demonio ere bai. Eta, gainera, bezatu barik daude, domestikatu barik, eta arlo domestikorako nahiago dute ogiaren, patataren eta esnearen prezioa zertan den dakitenekin bat egitea. Esaterako, Abiadura Handiko Trena arazo domestikoa ei da, helburu politiko ekonomiko huskeriazkoa. Espainiaren besoetara bizkorrago eramango gaituena, negarretan goazenean legeak agintzen dituen eskumenak aldarrikatzera. Sosak EAE nazioarte mailan jarriko duen jarduera domestiko horietan xahutu behar dira. Edo Pasaiako portutzar berrian: Liberty of de Sesa-Royal Caribbean itsasontzian Euskalerriratuko diren turistek dibisa mordoa utziko baitute La Bella Eason, esaterako. Eta errausteko labeak, biribilguneak eta zeharbideak, tunelak eta zubiak eraikiko dituzte, eta Elantxobeko goi-partea moilarekin lotuko duen eskailera mekanikoa jarriko dute, turisten mesederako.

Eta jakin dugu (ez esan inori) baldintza bakarra jarri diola ezkontide espainiarrak egonkortasun matrimonialak iraungo badu: Espainiako marko juridikoa eta barruan daraman Espainiako bandera errespetatzea. Eta PNVk (Urkullu) baietz, markoa aldatu gabe egin daitezkeela aldaketak, barruko bandera ez dela oztopo.

Zer egingo diogu, ba! NAN genetikoa berriztatu baino ez dute nahi PNVkoek ezkontzarekin. Zeren azken batean geneetan daramaten sentimendu penintsularrari ezin baitiote muzinik egin.