"Ez dizkiot jainkoari adarrak jarri, baina gustatzen zait adarra jotzea"

  • Altza, 1948. Hogeita lau urtez idazle profesional moduan aritu zen, Elkar argitaletxearen bitartez. Ordea, 2013ko urrian, osasun arazoak zirela eta, erretiroa hartu zuen. Joan Mari Irigoienek esklerosia pairatzen du eta jarduna gutxitu behar izan du. Hala ere, idazten jarraitzen du. Bi urtetako kronika fakultatiboa liburua horren froga.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zer da Bi urtetako kronika fakultatiboa liburua, zure idazle ibilbide oparoa kontuan hartuta?

Liburu berezia da, bizi izandako oinaze bizi baten marka darama. Bestetik, nire libururik laburrena da, baina baita urrutien iristen dena ere, beharbada, halakoa izan baitzen gaitz hark ireki zidan zauria, neure izatearen hondorik gabeko amildegi beltzik beltzenetan zehar eraman ninduena.

Liburuaren azala, ohi bezala, Imanol anaiak egin dizu. Ba ote duzu horri buruz zer esanik?

Bai, azal bikaina egin dit anaiak. Baina gauzak zer diren... Anaiaren estudiotik pasatzen naiz noizbehinka, haren obra ezagutzen dut trazoz trazo eta marraz marra. Esan behar baitut ni, liburu bat bukatutzat jotzen dudan bakoitzean, harengana joaten naizela, ea azala egiteko zerbait bururatzen zaion. Hala, egun batean joan nintzaion; azaldu nion liburu berriaren gai nagusia depresioa zela, adierazi nion, halaber, koadro ezin ilunago bat nahi nuela, baita argiaren taupada xume bat ere, esperantza gisa. Eta berak, hitzetik hortzera: “Horretarako ez ote da egokiena, nik estudioan dudan koadroa, gauak hartutako hiria gai nagusi duena?”. Berehala ulertu nion. Nik ere ongitxo ezagutzen bainuen anaiaren koadro eder hura; koadroak bazuen gainera, edo badu argi mehe bat, dorreen ilunetik ateratzen dena eta espazioa labana batek bezala ebakitzen duena, bidean aurrera egiteko, giza itzal bat besarkatzen duen arte. Hantxe genuen, beraz, irtenbidea, eta halaxe erantzun nion anaiari: “Bai horixe! Hire koadro hori egoki izan daitekek”.

Ataka latza ezagutu duzu.

Depresioak itxuragabe gutxitzen zaitu, psikikoki batez ere. Entzuna nuen gaitzaren berri jakiteko, gaitzak azpiratu behar zaituela noizbait. Egia biribila. Gaitzak astindu aurretik, izan ere, ondo sentitzen zara, normal. Zer da, baina, normaltasun hori? Niretzat, funtsean, lur egonkor bat da, zeinaren gainean, inongo arazorik eta buruhausterik gabe, eraiki baitezakezu zeure nortasunaren etxea. Halako batean baina, zeure burua ahul sentitzen hasten zara, ahul eta arraro, edo zeure buruarekiko arrotz. Azpian zenuen lur egonkorra, berriz, garuneko hainbat neurotransmisoreren jarioaren faltaz –serotonina izenekoa inportanteena– dardarka hasten da, halaber, zure nortasunaren etxea, baita nor zinena desnor izateko bidean jarri ere. Eta bat-batean, izugarrikeriaren atarian sentitzen zara, ez baita batere erraza bizitzan aurrera egitea, mendean zauzkan lurrikara existentzial baten gainean zauden bitartean. Eta ahul eta gaixo nengoela, galderarik gaiztoenak –amoralenak, alegia– zetozkidan burura, auto-suntsipenerako dei... eta hura euli bat begian edukitzea bezala zen: hantxe eulia nire begi-inguruan beti, aldian behin liztor ere bihurtzen zena, asiar liztor krudela! Gaitz baten jostailu ezdeusa nintzen, beraz: bihotza sentitzeko ahalmenik gabe, burua ere batere argitasunik gabe.

Baina atera zara.

Hori ere egia da, buruan nituen argi-hondarrekin bai bainintzen zerbait ikusteko gai: gaitzaren eraso guztien erdian, adibidez, neure burua objektibatzeko gai ere banintzela ohartu nintzen halako batean, eta horrek ikusarazi zidan ni ez nintzela gertatzen ari zitzaidanaren erruduna, beste alde batetik erruduntasun sentimendu inkontziente batek gupidagabeki urratzen eta higatzen ninduen arren. Baina ene barne-borroka hartan, bai, garrantzi handikoa izan zen buru-argitasun txiki haren aurkikuntza, nire gaitza gero eta hobeto ulertzera eraman ninduena.

Jainkoa aipatzen duzu liburuan behin edo behin, eta jakin nahi nuke nola ulertzen duzun kontzeptu hori.

Ez dut jainkoa aipatzen, ustez, Misterio Bizi-sortzailea baizik. Baina berdin da. Hara: errealitate infinituaren presentzien eta ausentzien artean, garbi esan dezaket sinestunagoa sentitzen naizela ez-sinestuna baino. Arrazoiak bilatzen hasiz gero, derradan ezen nire gurasoak –aita bereziki– oso zirela erlijiozaleak: katolikoak, noski, eta ni ere halakoa izan nintzen, nerabezarora bitartean. Orduan, krisi bat izan nuen. Izan ere, gure apaizek –gure heziketaren borrero eta biktima, biktima eta borrero, aldi berean– esaten eta baieztatzen zuten ezen sexuari eta seigarren aginduari lotutako egintza guztiak bekatu mortal zirela. Egun batean, amets erotiko bat izan nuen, isuri batekin amaitu zena: atseginaren erdian, ordea, sekulako kezka sentitu nuen, bekatu egiten ari nintzen ala ez, zerua ala infernua jokoan. Joan nintzen apaiz batengana, eta hark are zalantza handiagoak sorrarazi zizkidan, nik areagotzen nituenak, nik ere sekulako abilezia baitaukat argudioen gainean beste argudio batzuk eraikitzeko, logikaren edo sasi-logikaren bideak erabiliz betiere, harik eta ebanjelioa neure kabuz irakurtzea erabaki nuen arte: irakurketa hark erabat aldatu ninduen; izan ere, ebanjelio osoan ez nuen aurkitu hitz bat bera ere sexuari buruz! Jesusek, aldiz, noiznahi erabiltzen zituen ahoan justizia eta maitasuna bezalako hitzak, eta noiznahi ibiltzen munduko gabetuekin: pobreak, publikanoak, putak. Irakurketa hark, beraz, guztiz aldatu ninduen, baita, berandu gabe, Gandhi eta Martin Luther Kingen teorietara eraman ere.

Elizaren garai esanguratsua ezagutu zenuen.

Bai. Garai horrek kointziditu zuen Elizaren aggiornamentoarekin, kontzilioaren aire berriak bitarteko. Eliza modernizatu behar zen, Jesusen mezua gaurkotu. Handik aurrera, berriz, bide gero eta pertsonalago bati ekin nion, zeinak Erromako Elizaren dogmekin haustera eraman baininduen –ez zaizkit dogmak interesatzen, are gutxiago idazlea naizen aldetik, askatasun eremua zaintzea lehen obligaziotzat duena–, halako eran, non, azkenean, muinarekin bakarrik geratu bainintzen: Jesus poeta bizizale bat zen, herri xehearekin bat egin zuena, eta nahikoa eta sobera nuen horrekin. Garaiko gazteak ez bezala, beraz, egun batetik bestera santujaleak izatetik marxista-leninistak izatera heldu zirenak, nik neure bidean jarraitu nuen, Elizak mendetan zehar zabaldutako errituak eta aparatu ideologiko guztia bazter utzita, hori bai, are bazterrago utzi nituena Venezuelako esperientzia bizi ondoren, askapen teologiaren jarraitzaileekin harremanetan jarri bezain fite.

Mundu hau zuri ere sinesgaitz gertatzen zaizu.

Ba, horixe. Hain da harrigarria inguratzen gaituen errealitate misteriotsua, mikromundua eta makromundua... ez nintzatekeela harrituko, alegia, beste mundurik balego, edo munduan egoteko beste era bat. Askotan pentsatzen dut, halaber, mundualdi honen ondoren ezereza izango dugula sari: hori ere, baina, ez da nolanahiko saria; niretzat, izan ere, oinazea da infernua, eta ezerezak ez du minik ez oinazerik, ez du sufritzen. Bitartean, hemen nago Misterio Bizi-sortzailearekin hizketan, biraotik –galdera potoloak eginak dizkiot jainkoari, oraindik erantzun ez dizkidanak– maiteminera eta maiteminetik biraora. Bueno, tarteka ere baditugu geure barrealdiak. Hitz-joko bat eginez, zera ere esan dezaket, nik ez dizkiodala Jainkoari edo Dena Delakoari adarrak jarri –oraindik ez behintzat–, baina gustatzen zaidala, bai, aldian behin Hari adarra jotzea: maitasun handiz diot, gezurra badirudi ere.

Aldatu al zaizu bizitzarekiko kontzientzia?

Funtsean, ez. Baina aitortzen dut azken bolada honetan pairatu ditudan nire bi gaitz hauen zafraldiak ahuldu eta higatu nautela, maila batean. Maila dexentean ere bai. Baina, nagoen bezala nagoela, aurrera egiteko moduan nago, gero gerokoak.

Bilobatxoa tarteko, zer moduz hartu dute familiakoek liburua? Eta lagunek?

Nik ez dut dudan jartzen maite nauen jendeari –lagunei eta senideei, baita hainbat irakurleri ere, ausaz– min egingo niola liburu honekin. Baina maite nauen jende hori, halaber, pozik egongo da, beraiek atera bainaute putzu beltzetik, azken batean, beren egiteak eta ez-egiteak –bakean uzteko esaten nienean, bakean uzten ninduten– bitarteko. Jaso ditudan e-mailak, gainera, guztiak dira adore-emaileak eta ulergarritasunaren bahetik iraziak, laudoriozkoak ere ez gutxi, baita aleka batzuk ere, amodiozko gutuntzat ere har litezkeenak. Bilobatxoari dagokionez, berriz, nik uste dut zeharo poztuko dela liburuxka inoiz irakurtzen badu –adin batetik aurrera, jakina–, gaixoaldiaren unerik txarrenetan haurraren begiak –eta inozentziarenak, azken batean– izan baititut itsasargi, izan ditut jarraibide, izan ditut salbabide.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka iristear da

Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.


Euskarazko literatur sorkuntza sustatzeko doako idazketa tailerra antolatu du Euskal Idazleen Elkarteak

Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-08-05 | Behe Banda
Barra warroak |
Argazkirik ez, mesedez

Beti daramat kamera bat gainean, zorrorik gabe poltsan galduta edozein aitzakiapean ateratzeko. Dena argazkitzen pasa dut azkenengo urtea, nire leitmotiv akademiko-politikoa denbora librerik ez den heinean, frenesi basatian zerbait hilezkortu edo. Pilatze ariketa bat izan da,... [+]


Arrats dibertigarria

"Arrats arrunt bat zen. Zapoarentzat”. Arrats hori da Maite Mutuberriak album honetan kontatzen diguna. Oso testu gutxi du liburuak, eta irudiek ederki kontatzen digute istorioaren nondik norakoa. 

Hasieratik ikus dezakegu ilustrazioetan zapo handi eta lasaia,... [+]


Eguneraketa berriak daude