argia.eus
INPRIMATU
Sorpresa atsegina
  • Pello Añorga

    Irudiak: Jokin Mitxelena

    Denonartean, 2014

Xabier Etxaniz Erle 2015eko ekainaren 24a

“Behin batean, herri txiki batera iritsi zen familia bat: ama eta alaba Yumma”. Honela hasten da Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren artean eginiko ipuin hau. Eta hasierak adierazten duen ipuin klasikoen usain hori mantentzen da narrazio guztian; antzinako kontakizunen egitura du liburuak eta antzinako kontakizuna izan zitekeen asmatu berria ez balitz.

Yumma txikia dugu ipuineko protagonista; herrira iritsi, amaren heriotza, honek ematen dion objektu magikoa (urrezko bola), objektua galtzean dituen arazoak, herritarren maitasuna, nola aurkitzen duen berriro urrezko bola, eta amaiera guztiz zoriontsua. Proppek proposatzen zituen ipuinetako funtzioak nabarmenki agertzen dira –herri ipuinetan ohikoak direnak– eta horregatik du kontakizunak istorio klasikoen traza, egitura, usaina. Protagonistak galera bat du hasieran –deserriratuak dira eta ondoren ama galtzen du–, eta hainbat froga gainditu behar ditu –inork argitzen ez duena gaixotasuna sendatzeko modua, batik bat–, amaieran zoriona lortzeko: “–Gora gure erregina –deiadar egin zuten denek. Yumma, orduan, loriatuta, salatik atera eta ibiltzen hasi zen herrian barrena, oinutsik, zoriontsu, urrezko bola bezain argi, maitagarri eta distiratsu”. 

Liburu hau ipuina dela esan dut, ipuin ilustratua dela esan beharko genuke eta ez albuma, testua irakurriz –edo entzunez– argumentua jarraitu ahal delako eta Yummaren garapena, estutasunak edo poza ezagutu ditzakegulako; baina ezin da albo batera utzi Jokin Mitxelenaren lana ilustrazioen aldetik. Argumentuaren haria irudien bidez jarraitzeko baliabide egokia eta aberasgarria izateaz gain, Jokin Mitxelenak ederki erabiltzen ditu koloreak ipuinaren tonua indartzeko; areagotzeko Yummaren egoera, bidaia, larritasuna; eta era berean, urrutiko paraje batean kokatzeko, janzkerek, etxeek eta gainerako elementuek mende batzuk atzera eramaten baikaituzte.

Alde horretatik, Pello Añorgaren eta Jokin Mitxelenaren artean egindako beste lan eder baten aurrean gaudela esan dezakegu. Irakurleak Yumma neskatoa, herritarren maitasuna bereganatu eta “printzesatxoa” izendatzen dutena, ezagutuko du; berarekin bat egin eta heldutasunera iristeko bidaiaren lekuko izan. Gure sortzaile hauen lanak ezagutzen dituztenentzako sorpresa atsegina da liburua, estilo aldetik aldaketa nabari delako; baina, era berean, Añorga eta Mitxelena tandemaren beste adibide bat da. Bai eta liburu ilustratuak eta albumak poliki-poliki gure artean hartzen ari diren indarraren eta kalitatearen adibidea ere.