Milioika iheslari bizi dira miseriara kondenaturik II. Mundu Gerraz geroztik gertatu den lekualdatze krisirik larrienagatik. Amnesty International erakundeak eman ditu egoeraren xehetasunak txosten beldurgarri batean, zeinetan kritikatzen baitu munduko liderrek gai honetan darabilten utzikeria. 50 milioi pertsona kasik laguntzarik gabe abandonaturik.
Imajinatu 624.800 errefuxiatu dauzkagula Euskal Herrian azken hiru urteotan iritsiak, zazpi probintziotan bizi garen 3.124.259 lagunetatik bostetik bat. Gipuzkoan sartu 142.000 errefuxiatu kolpetik. 213.000 errefuxiatu Bizkaian. Edo 128.000 Nafarroan, 65.000 Araban, Iparrraldean 56.000... Proportzio horretako eromena bizi dute gaur Libanon, non pilatzen baitira Siriako gerrari ihesi joandakoetatik asko. Bonba bat Europako atarian.
Datuok eta askoz gehiago eskaini ditu Amnesty Internationalek (AI) bere “The Global Refugee Crisis: A Conspiracy of Neglect” (Mundu mailako errefuxiatu krisia: utzikeriaren konspirazioa) dossier gordinean. Munduan etxetik ihes eginik noraezean dabiltzan 50 milioi jendeen tragedia kontatzen du, II. Mundu Gerraz geroztik planetak ezagutu duen exodo masiboenaren kopuruak, zergatiak eta ondorioak aurkeztu ditu AIk eta hauek arintzeko berehala hartu beharreko neurriak proposatzen.
Txostena krisiaren epizentroan, Beiruten, aurkeztu du Salil Shetty Amnesty Internationalen idazkari orokorrak: “Geure begiz ikusten dugu aro honetako errefuxiatu krisirik okerrena, milioika andre, gizon eta ume bizirauteko borrokan gerra izugarrien, pertsonekin trafikatzen duten sareen eta gizalegezko errukia erakusteko ordez interes politiko berekoiak zaintzen dituzten gobernuen artean”.
Une honetan larrialdi nabarmenena Siriatik ihesi joandako lau milioi errefuxiatuek bizi dute. Horiek dira muga zeharkatu duten herritarrak, zeren eta mugen barruan lekualdatu direnak kontaturik siriarren erdia omen dabil oraintxe bertan nor bere sorterritik alde eginda.
Atzerriratutako siriarren %95 inguruko herrialdeetan dago blokaturik. Libanok gaur dauzkan bost biztanletik bat siriar errefuxiatua da. Libano, Turkia, Irak, Jordania eta Egiptok beren gain daramate jendeok nola edo hala aterpetzeko zama zeren eta, ekainaren 3ko datuak kontatuz, AIk dioenez Nazio Batuen Erakundeak ezin izan du %24an baino gehiagotan ase errefuxiatuontzat eskatu zaion laguntza eskea.
Munduko gainerako herrialdeek soilik 8.442 siriar hartzeko eskaintza egin dute... NBEn errefuxiatuen babeserako erakundeak zentsatuta dauzkan eskarien %2,2! Nazioarteak iheslarion behar humanitarioak konpontzen aski lagundu ez dutenez, jendetza izugarri hori etxean hartu duten estatuak hasi dira horiei sarbidea oztopatzen.
Baina beti dago gauzak okerragotzeko aukera. 2015 honetan NBEren elikadura programak herrialde horiei %30ean murriztu die laguntza. Libanon 1,2 milioi siriarren artean egoera ahulenean bizi diren 900.000 iheslarietako bakoitzak orain hilean 19 dolarreko laguntza jasotzen du, lehen eskuratzen zituzten 27en ordez. Jordaniako hirietan babestutakoei hileko 14 dolarretara jaitsi diete janaritarako laguntza. Bizirauteko, goseak gelditzeaz gain, herrialdeotan aurkitu ditzaketen lanik txar eta arriskutsuenetan jardun beste biderik ez dute.
Afrika da AIrentzako bigarren kezka iturri nagusia. Hiru milioi errefuxiatu dabiltza noraezean Sahararen hegoaldean. Horietako asko azken urteotako gerretatik ihesi joanak dira: Hego Sudan, Nigeria, Burundi, Afrika Erdiko Errepublika, Kongo, Somalia... Munduko errefuxiatu kanpaleku handiena Keniak dauka, Daab izenekoa.
Hala ere, Afrikako iheslariek ez dute mundu aberatsaren arreta handirik pizten, ez behintzat ez badira iristen patera eta antzeko ontzietan itsasoz Europako itsas hegiraino. NBEk errefuxiatuak direlakoan proposatutako babes eskaeretatik oso gutxi lortzen ditu, %10 inguru. Iheslariok Afrikan bertan eraso xenofoboak jasan dituzte.
Ahal izan duten iheslari afrikarrak Mediterraneo itsasoraino heldu eta hau zeharkatzen ahalegindu dira, azken hilabeteotan famatuak egin diren txalupetan. AIk argi eta garbi dio Mediterraneoan gertatu diren hondoratze eta itotze masiboen erantzukizuna dagokiola Europak eta Italiak itsasoan galduentzako zeukaten Mare Nostrum operazioa ezabatu eta operazio txikiago batez ordezkatzeari.
Afrikako eta Siriako krisiekin alderatuta kopuruetan txikia dirudien arren Asian Bengalako golkoan 2015ean gertatzen ari dena, AIk hau ere nabarmendu nahi izan du gaur mundu osoko agintariek erbesteratuen aterpetzeko derrigortasuna zangopean zein erraz erabiltzen duten adierazgarri. Rohingya etniako 25.000 jende ibili dira Myanmar eta Bangladeshetik ihesi Tailandiara iritsi nahian, itsaso zabalera kondenaturik, inork ez zituelako etxean hartu nahi.
Maiatzean bertan oraindik 8.000 zeuden Tailandiako kostako parean txalupetatik lehorreratzea galarazita. Batean 800 pertsona bapore zahar batean, bestean 300, ez janaririk, ez urik, ez erregairik, are gutxiago sendagairik. Tailandia, Indonesia edo Malaisiako armadek gehienez ere bizirauteko jan-edanak eman dizkie, baina kostara hurbiltzeko baimenik ez. Migrazioen Munduko Erakundeak sarkasmoz maritime ping-pong bataiatu duen taktikaz.
Amnesty Internationalek dossierrean nabarmendu du Mediterraneoan, Afrikan eta Bengalako itsasoan gertatzen diren heriotza ikusgarriak ez direla inolako gatazkaren ondorio, nazioarteko erakundeek eta estatuetako agintariek aurreikusi eta prebenitu zitzaketen gertakizunak baizik.
“Errefuxiatuen krisi handi hau –dio AIren txostenak– ezin da aurkeztu giza trafiko eta kontrabando arazo bat bailitzan, beren huts egiteak ezkutatzeko gobernuek egiten duten moduan”. Gatazken garrantzitik harago, nazioartea ari da huts egiten arriskuan dauden iheslariei babesa emateko orduan.
“II. Mundu Gerraren amaieran nazioarteak antolatu zuen NBEren Errefuxiatuei buruzko Ituna, etxera itzultzerakoan jazarpena eta desmasiak jasan zitzaketen herritarrak laguntzeko”. AIren ustean Itun horrek babesa eman die dozenaka milioika jenderi geroztik. Itunak oinarritzat dauka nazioartearen erantzukizuna eta kosteen konpartitzea, ulertuz errefuxiatu krisiak ez dituela bere bizkar hartu behar herrialde bakar batek edo bakan batzuek. “Itunaren oinarri honi gaur egun ezikusia egiten zaio, horrek dakartzan ondorio beldurgarriekin. Iheslarientzako nazioarteko babes sistema txikituta dago gaur”.
2020a artean urtero 300.000 errefuxiatu aterpetu beharko omen dira. Aurretik nazioarteko itunak biziberritzen ez badira, legez ezinean legez kontra sartu beharko dute.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]
Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.
Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]