1
Apirilak hamazortzi
behe-lainodun basoak
ikasgelan pausoak
ta hiru politikari
gaur heterodoxoak
otzandutako otsoak
esan zutenari buruz
jarri ditut bertsoak
gordez diskrezioak
isildutakoei buruz
beste sorta oso bat.
2
Egiguren sozialistak
maite du historia
landu du teoria
alderdirik zaharrenaren
Eibarko memoria!
mailuen prosodia
klandestinitatea zein
lagunen hilobia
liberalen noria
aurreikusiz abertzaleen
ametsen galzoria.
3
Ibarretxe jeltzaleak
poz ilusioz gainez
Jose Antonio Agirrek lez
AEB-tan “Basque Case” landuz
sortu du mila interes
euskara zein ingeles
Michael Kittyng, Helen Clarck ta
John Adamsen babesez
mintzo da askapen bidez
zergatiak argi ditu
baina zelan egin ez.
4
Xabier Zubizarreta
hirugarren aingura
euskal hiztun modura
irrati barruko abadeen
garaiez oroitu da
euskalgintza purpura
hizkuntzaren osasuna
gizarte kontestura
mugatzea du gura
norbanakoei kentzeko
zama horren ardura.
5
Domekaz Lorea Agirrek
Korrika deseraiki
eskatuaz zenbaiti
“bazterretik plazan zehar
erdigunera jaiki!
ahaldunduz emeki
bagara nor ahizpa maite
eginez izan beti
taldetasun aterki!!”
galderak erantzun dira
bihurtzean olerki.
6
Bakoitzak bere iritzi
bere tra(d)izioa
bere obsesioa
bertso bidez laburtzea
zen nire misioa
testu honen zioa
objektibotasunak du
bere objekzioa
falta du pasioa
nire bertsoena, noski,
da nire bertsioa
nire dibertsioa.
Doinua: Biribila da lurgaina