argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
Giotto: egunez margotu, gauez zizelatu
2015eko ekainaren 24a

Giotto di Bondone (1267-1337), Giotto izen hutsez ezaguna, Berpizkundeko artista nagusietakoa izan zen. Itxuraz, bere autoerretratua han eta hemen sartzeko joera zuen, baina adituek ez dute haren freskoetan artistaren aurpegia identifikatu. Garaiko kroniken arabera, Giotto itsusia izan arren, emakume eder bat maitemintzea lortu zuen eta seme-alaba mordoa izan zuen, aita bezain itsusiak, Dante Alighieriri jaramon eginez gero behintzat. Kopuru zehatza ez dakigu, hiltzean sei bizirik zeudela besterik ez.

Behin, Florentziako noble bat Giottoren tailerrera joan zen enkargu bat egitera. Haur andanak harrera egin zionean, “maisu, zein dira haur hauek guztiak?” galdetu omen zion margolariari. “Nire seme-alabak dira, jauna”, erantzun zuen. “Guzti-guztiak? Ezinezkoa dirudi”. Orduan, Giottok honelaxe esan zion: “Jauna, nik egunez margotu egiten dut, eta gauez zizelatu”.