Ingalaterrako hego-ekialdeko kliman aldaketak eragin zituzten Bigarren Mundu Gerran eremu horren gainetik igaro ziren milaka hegazkin aliatuek, Birminghameko Unibertsitatearen azterketa baten arabera. Jakina da hegazkinen lorratzak kliman eragiten duela, baina urte haietako kontzentrazioa ez da sekula berdindu, eta adibide ezin aproposagoa da eragin hori neurtzeko. 1944ko maiatzaren 11n 1.400 hegazkin britainiar eta estatubatuar irten ziren Ingalaterratik kontinentera bidean. Lainoak ugaritzea eta tenperatura jaistea eragin zuen horrek; base militarretan, zehazki, 0,8 ºC-tan egin zuten behera termometroek. Ikerlanaren ondorioak International Journal of Climatology aldizkarian argitaratu berri dituzte.