argia.eus
INPRIMATU
Aviron
Itxaro Borda 2015eko ekainaren 18a

Tenperatura hozka gorenera hupatu zen BAB aldean duela aste pare bat. Alabaina, Aviron Bayonnais eta Biarritz Olympique rugby taldeen ezkontza egiaztatzeko ordua etorri zela erran zuten presidenteek: diru gehiago, indar gehiago, irabazi gehiago. Eta marrubia zut: Baionak zurgatuko zituen Miarritzek, handinahiz, sorturiko zorrak.

Egoera idealari itzal egin zieten ordea partzuer edo socios delakoen aburuek: hiri bietako oinarrizko sostengatzaileek ez zuten horrelako fusiorik begi onez ikusten. Baionan, milako batek manifestatu zuen Jean-René Etxegarai auzapezaren leiho pean eta Jaun Merak zortzi egun eskatu zituen sakon hausnartzeko. Auzia trenkatzeko zaila zen. Bil Ta Garbikoek Hazketako deskargaren urtebeteko luzamenaren erabakia errazago hartu zuketeen.

Ustezko kirola eta balizko sos aipamenak saihestuz, istorio horretan gauza bat geratzen da argi, gainera eztabaidari kutsu unibertsala ematen diona: arduradunek eta sponsorrek ez dute jendearen iritziaz axola zipitzik, benetako demokrazia ukamenaren adibidea hedatzen zaigula egunkarietako lehen orrialdeetan.
Horretan datza larritasuna!