Euskaraz eroso aritzeko entrenatzen

  • Helmuga: Lutxi borda, Donazaharre (Nafarroa Beherea). Bidaiariak: Nafarroa Behereko eskualde guztietako 36 euskaldun (kontzientziatu). Bidaiaren helburua: egunerokoan gure hizkuntzarekin erosoago eta gaituago ibiltzea, beste hitz batean esanda, ahaldunduago aritzea. Gidariak: Emuneko aholkulari diren Larraitz Madinabeitia eta Ainhoa Lasa. Bidaiaren izena: Telp tailerrak.

     

Egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko eta euskaraz ari direnean erosoago sentitzeko bideak landu zituzten Lutxi bordan elkartu ziren baxenabartarrek.
Egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko eta euskaraz ari direnean erosoago sentitzeko bideak landu zituzten Lutxi bordan elkartu ziren baxenabartarrek.

Azken Korrikatik euskalgintzan bolo-bolo ibili dira ahaldundu, jabetu eta boteretu kontzeptuak. Izatetik egitera eta egitetik izaterako bidean. Baina aspaldi hasi ziren batzuk bide horretan. Eta horren lagin Ipar Euskal Herrian gure haragitan bizi izan dugun ahalduntze ariketa praktiko bezain kolektiboa.

Donazaharreko Lutxi borda zen topaleku. Hara bertaratu ziren 36 lagun. Amikuze, Aldude, Irisarri eta Oztibarreko euskara elkarteek –Zabalik, Adur, Har´eman eta Laminosine, hurrenez hurren– elkarrekin antolatu zuten lehen ekimenerako zen hitzordua: Ipar Euskal Herriko barnealdean garatu diren lehen Telp atelierrak.

Saio bietan probatu, jolas eta irri egin genuen. Hizkuntza-asertibitatearen bidean lehen urratsak ematen ikasi eta bi saioen artean lehen pausoak eman. Esate baterako, bi saioen artean parte-hartzaileetako batek bere senarrarekin hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea hasi zuen. 0tik 100era tarteko bide asko daudela erakutsi zigun horrela.

Beste hainbat partaide ere hasi ziren saiotik saiora probak egiten. Adibidez, haietako bat oporretan lagun batekin joan zen. Lagun horrek euskara ulertzen du, baina hitz egiteko ahalkea du. Opor horietan, biek aldez aurretik hala erabakita, telplariak euskaraz egin zuen beti –besteak berariaz eskatu ezean– eta bere lagunak frantsesez. Hasieran, kostatu zitzaien ohitzea, baina egunek aurrera egin ahala, gero eta erosoago eta gero eta finago aritu ziren.

Hori bai, handik egun batzuetara, jai egun baten karietara, askoz gehiago kostatu zitzaion berari euskarari eustea. Izan ere, ahalduntzea luzea da, inoiz amaitzen ez den prozesua da eta entrenamendua eskatzen du. Batzuetan helburuak lortuko ditugu eta beste batzuetan askoz zailagoa izango da.

Hemen eta han, han eta hemen berbak asko erabili genituen bi saiootan. Lehenengo saioan ziurrenik gehiago bigarrenean baino. Izan ere, ezberdintasunak dauden arren, funtsean bizipen antzekoak ditugu ezarritako mugaren alde bietan. Lehen kolpean iruditzen zaiguna baino hurbilago daude gure bizipen, sentimendu eta emozioak.

Etengabe hautatu beharra

Parte-hartzaileetako batek kasurako, bere lankideekin hasi zuen (eusk)ahalduntze prozesua. Haietako batzuekin euskaraz aritzen da buruz burukoetan, baina talde osoan frantsesez. Gauzak aldatzen hasi da, ordea: bazkalorduan euskaldunekin euskaraz egiten hasi da eta besteekin edo guztiekin frantsesez. Hasieran uste zuen txarto hartuko zutela, baina inork ez du ezer esan, inork ez du aurpegi arrarorik jarri, inork ez du gaizki hartu.

Beste alde batetik, euskaldunon hizkuntza ibilbideak gero eta bihurriagoak dira: ez dira linealak, ez dira etenik gabekoak. Hiztunok bizialdian zehar hizkuntzak ahaztu, galdu, berrikasi edo berreskuratu egiten ditugu, gero eta gehiago.

Arrunt zaila izan da ibilbide lineala duenik aurkitzea parte-hartzaileen artean. Askok etxean ikasi eta karrikan edo eskolan edo bietan erdi-ahaztu eta geroago berreskuratu. Beste batzuek, ordea, etxean jaso ez eta euskaltegian ikasi, espazioak irabazi eta batzuetan zerbait galdu. Beste batzuk kanpotik etorri eta bere egin. Denetarik. Gero eta gehiago. Gero eta bihurriago.

Horrek, zuzen, hautura eramaten gaitu. Ia euskaldun guztiok noizbait deliberoa hartu behar izan dugu, azken finean, guk baino ezin dugulako erabaki zer egin, elebakarrek ezin dute. Kasu batzuetan identitateagatik, beste batzuetan esan eta egiten dugunaren arteko koherentziagatik, beste batzuetan giroak edo estetikak bultzaturik. Denetariko arrazoiak. Baina beti deliberoa, beti hautua.

Bestela, inertziaren itsasoak badakigu nora eramaten gaituen ia oharkabean: erdaretara. Alde bietan kasu honetan ere. Guraria behar da, uneak eta guneak bilatu behar dira, lagunak eta aliatuak aurkitu behar dira.  

Adibidez, Telp tailerren bigarren saioa amaitu orduko, parte-hartzaileetako batzuk Garazira joan ziren ostatu batera. Hasiera batean, ostatu euskaldun baterako plana zuten, baina iritziz aldatu, eta denak batera ostatu ez-euskaldunera jo zuten, Telpetan ikasitakoak praktikan jartzera. Kolektiboki. Elkarri lagunduz.

Elebitasun sistematikoaren tranpak ere agerian geratu dira. Alde bietan, euskara beharrezko egitea inportantea da, funtsezkoa, ezinbestekoa, aurrera egin nahi badugu. Euskarak funtzio propioak eta esklusiboak izango dituen espazioak, uneak eta guneak sortzea eta elikatzea beharrezkoa dugu alde bietan.

Bestela, elebitasun sistematikoak ez du sekula lortuko erdaldunei ikusaraztea zerbait ari direla galtzen. Ez du sekula lortuko gureak baino indartsuago eta sendoago diren komunitateen aurrean gure burua tente izatea.

Esate baterako, telplarietako bat hautetsia da. Herriko Etxean ez dute itzulpen sistemarik, eta orduan berak bere burua itzuli behar du egiten dituen jendaurreko berbaldietan. Orain arte batzuetan euskaraz egiten zuen, baina ez zen eroso aritzen, urduri jartzen zen. Telp saioen ondoren, ostera, irribarrea ahoan eta alai egin ditu euskarazko adierazpenak eta gero poliki-poliki eta laburtuz frantsesezko itzulpena. Dotore eta tente.

Izan ere, Telp tailerretan geure buruari euskara plana egitea galdegiten zaigu. Praktikak helburu dituen euskara plana beti ere. Non erabil dezaket orain baino gehiago? Nola erabil dezaket hizkuntza orain baino erosoago?

Lotsak eta plazerak, denak batera

Alde bietan beldurra, frustrazioa eta lotsa sentitzen ditugu, plazera, gozamena eta harrotasuna ere sentitzen dugun arren. Bi sentimendu mota horien arteko dantzan aritzen da euskaldun kontzientea.

Parte-hartzaileetako batek, adibidez, aipatzen zuen berarekin jende askok euskaraz egiten zuela, baina horiek eurek bera ez bazegoen frantsesez aritzen zirela lasai arraio. Horren aurrean, berak beti sentitu izan du ezinegona. Saioen ostean, aipatzen zuen orain gauzak beste begi batzuekin ikusten dituela. Bere burua lagunarte hori euskalduntzeko eragiletzat hartzen hasi dela, hain zuzen ere.

Baina, tira, ibilaldi hau hasi baino ez da egin. Prozesu luzea da ahalduntzea eta tailerra abiapuntua baino ez da. Hala ere, azken ariketan ikusi genuen modura, pertsona batek jarrera aldatzen badu, bere ingurua ere aldatzen du neurri batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


Euskararen herria harrera herria

Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.

Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]


2025-01-08 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, besteren artean, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Euskaltzaleen Topaguneak ‘Taupa' mugimenduari eman dio lekukoa

Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez,... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


“Irungo Udalera joango gara euskaldunekiko duen jarreraz hitz egitera, ez ekitaldi bat erdaraz egin izanaz”

Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
“Euskararen Errepublika” aldarrikatu du EHEk Durangoko mobilizazioan

Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]


2024-12-04 | Julene Flamarique
Baionako Epaitegian euskara aldarrikatzeko ekintzagatik atxilotutako EHEko kideak askatu dituzte

Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Euskalgintza apolitikoari deia

Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


Eguneraketa berriak daude