argia.eus
INPRIMATU
Nondik dator Oz izena?
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko ekainaren 10a
AEBtako Kongresuko Liburutegia
 

Ozeko aztia Judy Garland protagonista duen 1939ko filmagatik da bereziki ezaguna, baina Ozeko irudizko mundua lehenago sortu zen, 1900. urtean, Lyman Frank Baumek (1856-1919) Ozeko azti miragarria haurrentzako liburua argitaratu zuenean. Gerora beste hamahiru liburu idatziko zituen unibertso berean kokatuta eta guztiek “Oz” hitza zuten izenburuan. Baina nondik dator “Oz” izena?

Askotariko azalpenak eman zaizkio izenaren jatorriari: Percy B. Shelleyren Ozymandias izeneko poematik datorrela; Oz ontza hitzaren laburdura izaki, urrearekin lotuta dagoela, eta obran agertzen den baldosa horizko bideak urrea sinbolizatzen duela... Baina Baumek berak 1903an eman zuen azalpenik sinpleena (eta fidagarriena egileari sinesten badiogu, behintzat): “Bulegoan artxibatzeko armairutxo bat daukat, mahaiaren parean. Istoriorako izenburua pentsatzen ari nintzen, eta dagoeneko ‘azti’ hitza sartzea erabakita neukan. Begiak hiru tiraderatan idatzitako hizkietara joan zitzaizkidan. Lehenak A-G, ziren, hurrengo tiraderan H-N jartzen zuen, eta azkenekoan, O-Z. Eta ‘Oz’ aukeratu nuen”. n