argia.eus
INPRIMATU
Nepaldarren Euskal Herriko komunitatearen txanda
  • Milaka hildako utzi dituen lurrikarak Euskal Herrian bizi diren nepaldarrak aktibatu ditu. Hainbat herritan kalera atera dira herritarren atxikimendu eta babes ekonomiko bila. Eibar, Mendaro eta Elgoibarren lanean ibili direnekin mintzatu gara.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko ekainaren 10
Nepaldarren komunitatea bere herrialdea laguntzeko lanean ari da. Bizilagunen elkartasuna eskertu dute.
Nepaldarren komunitatea bere herrialdea laguntzeko lanean ari da. Bizilagunen elkartasuna eskertu dute.

Bere jaioterri Nepalen lurrikara izan zela jakin zuen 8:00ak bueltan Binod Barailik. Eibarren bizi da emazte eta semearekin orain urtebetetik. “Nepalen ohikoak izaten dira lur mugimenduak, eta betiko txiki horietako bat izan zela pentsatu nuen”, dio ahots apalez. Richter eskalan 7,8-ko maila zuen ordea, eta apirilaren 25 hartako desastre naturalak 8.600 lagunetik gora hil zituen, 23.000 zauritutik gora utziz. Nepal munduko herrialderik garaiena da, laguntza bideratzeko zailtasun handiak dituena, eta aurretik ere, herritar asko pobrezian bizi den lekua. Herrialdea lur jota utzi zuen.

Euskal Herrian Nepaldik etorritako komunitatea bizi da. Orotara zenbat diren ez badakite ere, Eibar, Elgoibar eta Mendaron, adibidez, 70 bat nepaldar bizi dira. Barailik kontatzen duenez, hasiera batean, inork ezin zuen herrialdeko lagun eta senideekin harremanetan jarri, ziurrenik azpiegiturak hondatuta zeudelako. Facebook bidez ikusi zituzten jaioterriko irudiak, jendea ospitaleetan nola zegoen, oinarrizko laguntza eskatzen ari zirela herritarrak gobernua bera ere iristen ez zen guneetatik. Etxean negarrez egon zela dio. Barailik lagun bat galdu zuen.

Lehen uneko beldurrak eta saminak nola hala gaindituta, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten. Nepal herrialde txiroa da, eta Binod oso kritikoa da gobernuarekin. “Aurretik arazo mordoa bageneuzkan, gobernu txarra barne, orain gehitu egoera horri milaka pertsona hil dituen lurrikara ikaragarri bat”.

“Orain arte ez geunden antolatuta, eta hemendik aurrera lanean jarraituko dugu”, dio boluntario lanak betetzen duela dioenean. Hainbat udalek emandako laguntzaz gain, herriko plazetan bizilagunen laguntza jasotzen ibili dira, ahalik eta azkarren Gurutze Gorriaren kontu korrontean sartuz (Euskadiko Kutxa: ES90 3035 0050 7105 0004 6056). Eibarko Immigraziorako Udal teknikariaren laguntza bereziki nabarmendu du Binodek.

Eibar, Mendaro eta Elgoibarko komertzioz komertzio eta etxez etxe ibili da aipatu   komunitatea. Ipuruako partiduan ere diru bilketa egin zuten eta aurrerantzean ere laguntzen jarraituko dutela argi dute.

Herritarren elkartasuna nabarmendu du, eta bizilagunei esker moduan, artikulua ilustratzeko hautaturiko otoitza egin zuten, beren herrialdearen izena kandelekin idatziz.