XX. mende hasieran Maria Montessori hezitzaile italiarrak sortu zuen eredu pedagogikoari buruzko masterra bukatzear da Estitxu Elgorriaga lesakarra. Haur Hezkuntzako irakasle hau Mexikon izan da hilabetez, han gertutik ezagutu ditu aspalditik Montessori ereduan oinarritzen diren hiru ikastetxe, eta ikasitakoa bere gelan ari da lantzen, iazko maiatzetik.
Goxotasuna antzeman du Elgorriagak Mexikoko Montessori eskoletan, etxe kutsua, eta dena dago haurren beharretara, ahalmenera eta neurrira moldatuta. Izan ere, giro egokitua da eredu honen oinarrietako bat: behar bezala egokitutako ikas-inguruari esker, haurraren autonomia bilatzen da, irakaslearekiko menpekotasuna ezabatzea eta nolabait umea bere heziketa eta garapenaren jabe egitea. “Irakaslearen zeregina da behatzea eta behaketa horren bidez gela atontzea: zerbaitek ez badu ikasgelan funtzionatzen, abiapuntua ez izatea haurraren errua dela pentsatzea, baizik eta ohartzea gela ez dagoela ondo antolatua edo materiala ez dela egokia. Adibidez, haurrak jostailua lurrera botatzen badu, ez dakielako egiten eta frustratzen delako, beharbada material hori ez da aproposa ikasgela eta adin horretarako. Ongi egokitutako giroa lortuz gero, irakasleak ez du apenas esku hartuko, eta halaxe egiaztatu dut Mexikon”.
Irakasleek haurrenganako duten jarrera, hori izan da lesakarrarentzat deigarriena. “Irakasleen formakuntzan asko lantzen dute umearenganako hurbilketa pedagogikoa. Hemen ikasleekin izan ohi duguna baino kontaktu gutxiago dute, ez dituzte hainbeste besarkatzen edo besoetan hartzen, baina maitasun handia arnasten da gelan; eskua emanez, begiradaren bidez… errespetu handiz tratatzen dituzte haurrak, eta beti oso jarrera kontzientea du irakasleak, esku-emate eta begirada kontzienteak dira. Hemen presaka bizi gara eta jarrera hori transmititzen diegu haurrei, baina han irakasleak ez dio ‘ixildu!’ oihukatuko ikasleari, gerturatu egingo da, haren mailan jarri eta tonu apalean mintzatuko zaio. Haurrek eredutzat gaituzte, tonua jaitsi eta berdin arituko dira. Goxotasunez hitz egiten die eta umeek hala barneratzen dute, euren artean errespetuz aritzen dira, elkarri lagunduz, giro lasaian…”. Eta umea urduri baldin badago, “gelditu” esan beharrean bestelako estrategiak erabiltzen dituzte, urduritasun hori jardueraren baten bidez kanalizatu dezan, adibidez gelatik atera eta lorategira landareak ureztatzera lagunduko al dion galdetuko dio irakasleak.
Bisitaturiko eskoletan, adin ezberdineko umeak daude gela berean nahastuta (0-3 urte, 3-6…), 25 bat ikasle eta bi heldu gelako: batetik, Montessori gida (umearen bidelaguna) eta bestetik, laguntzailea (materialen bat falta denean bila joango dena, adibidez). Lau gune nagusitan banatzen dira gelak: “Bizitza praktikoa” gunean, eguneroko tresna errealak dituzte, koilarak, pintzak, giltzak, edalontziak, erratza… eta besteak beste, horiek manipulatuz eta horiekin jolastuz esku eta hatzetako motrizitatea lantzen dute, inkontzienteki gero idazketarako baliagarri. “Gune sentsoriala” zentzumenak lantzera dago bideratuta (ukimena, entzumena, dastamena…). “Matematikak” txokoan, denean bezala, konkretutik eta errealetik abstrakturako bideak agintzen du: “Guk lehenengo ikasi izan dugu 2+2=4 dela, baina alderantzizko eredua da Montessorirena, umeak lehenengo ukitu, bizitu egin behar ditu zenbakiak, abakoak… eta gero egingo du abstrakziorako saltoa; Lehen Hezkuntzako ikasturte aurreratuagoetan hartuko die zentzu matematikoa Haur Hezkuntzan jolasean osatutako kubo eta abarrei”. Berdin “Hizkuntzak” atalean, konkretutik abstraktura: benetako sagarrak dituzte Montessori ikastetxeetan, alboan sagarraren irudia marraztua, eta hortik izena ikasiko du umeak. Idazketa eta irakurketa ere sentsorialki abiatzen ditu haurrak, hatzekin lixa edo paper-latzetan hizkiak irudikatuz (hizki horrek duen hotsa eta ahoskera esango dio irakasleak), gero hondarrean errepikatuz, klerarekin arbelean eta arkatzaz azkenik. Gune horiek guztiak “Hezkuntza Kosmikoa” deiturikoak biltzen ditu (Lurra, landareak, animaliak, gizakiak… hizpide).
“Hemen jostailu eta material pila bat erabili ohi dugu, eta han gauza gutxi dituzte gelan, baina ezer ez dago soberan, denak du helburu bat”. Ume denek aldi berean materialen bat izateko prestatuta dago gela, baina material bakoitzetik bakarra dago, eta errespetatzen ikasteko modua ere bada hori: umeak badaki gaur beste batek duena bihar erabili ahalko duela. Kristala, egurra eta material naturalak erabiltzen dituzte, plastikoa apenas, eta pisu, forma… jakinak dituzte, haurrak sentitu eta bizitu ditzan. Materialek akatserako kontrolak dituzte gainera: alegia, irakasleak ez du kasik esku hartzen eta umea autonomoki aritu daiteke horiekin. “Gelako materialekiko errespetua eta zaintza ere handia da; irakasleak kontu handiz, poliki maneiatzen dituenez, halaxe egin behar dela barneratzen dute umeek. Zerbait puskatzen bada, segituan ordezkatzen dute, umeak ikusten badu zuk puskatuta dagoen liburu bat darabilzula, pentsatuko duelako puskatu dezakeela”.
Irakasleak materiala edo tresna hartu eta umeei aurkeztuko die nola egingo lukeen berak, eredua izan dezaten. “Esaterako, koilara nola hartu erakutsiko die, baina gero umeak nahi duen moduan egingo du. Hizkuntza edota matematikekin berdin, eredua eman, eta gero libre utzi. Eredutik eta bizitakotik ekitea da abiapuntua eta hori barneratua dutenean, autonomia garatzen dute haurrek, helduonganako menpekotasuna gutxituz. Ni han nengoela, 4 urteko ume bati edalontzia lurrera erori eta puskatu egin zitzaion. Bada, inortxok ere ez zuen burua altxatu (irakasleak ere ez), haurrak bere tamainako erratza hartu eta apurtutakoa jaso zuen”.
Goizeko 8etan sartzen dira haurrak, material bat hartu eta beren kabuz, bakarka edo taldetxotan, jardunean hasten dira. Bakoitzak bere alfonbratxoa du, lurrean jarri eta ariketa hor eginez euren gunea markatzeko eta errespetatzeko, baita kontzentratzeko ere. Bizpahiru orduz aritzen dira horrela. “3 urteko haurrentzat denbora gehiegi zela iruditzen zitzaidan hasieran, baina gustura egoten dira, askatasuna dute erabakitzeko hizkuntzak landu nahi ote dituzten, matematikak, erratza pasa nahi al duten…”. Ondoren, hamaiketakoa prestatzen hasten dira, hau ere beren kabuz (2 urtekoak barne), “adibidez tortak eraman eta frijoleak prestatzen dituzte, platerak, labanak… euren neurrira egokituta daudelako”. Gero ontziak-eta garbitu eta jolastokira aterako dira, eta ondoren berriz ere ariketaren bati helduko diote, edo musika edo ingelesa landuko dute.
“Gerta daiteke haur batek inoiz ez gogorik agertzea matematikekiko. Ni egon nintzen eskolan irakasleak esan zidan bere egitekoa izango litzatekeela haur horrek dituen interesak bilatzea, esaterako biologia atsegin badu biologiaren bidez matematikak lantzera eramateko. Edo batzuetan lagundu egin behar zaie zuzenean: ‘Gramatikan uste dut oraindik hau pixka bat gehiago landu dezakezula, eta elkarrekin lantzen badugu?’. Baina oinarria da norberaren interesen, motibazioaren eta jakin-minaren eskutik bideratzea haurraren garapena, ez ditzan gauzak derrigortuta ikasi, irakurtzera behartu dugulako ez dezala irakurketa gorrotatzen bukatu”.
Mexikotik bueltatu eta Montessoriren materialik gabe ikasgelan aldaketa gutxi egin ahalko zuela pentsatu zuen hasieran Estitxu Elgorriagak, “baina esentzia mantenduz, behatuz eta haurrenganako hurbilketa egokia eginez, gauza asko alda daitezke. Jarrera, tonua, ikuspegia… aldatu ditut, hitz gutxiago erabiltzen eta haurrei apalago hitz egiten saiatzen naiz, bestelako errespetuz”. Behaketaren lehenengo pausoa norberaren burua aztertzea da: “Astelehenez etorri eta agian nekatuta nago, bada horretaz ohartu, ‘nola dauden gaur haurrak!’ ondorioztatu beharrean. Norberak kontzientzia hori hartzea, barneratzea eta bide horretan ekitea aurrerapauso handia da jada. Lehengoan adibidez, konturatu nintzen isiltasunean zeudela, bakoitza berera, eta nik ez nien isilik egoteko agindu, baina nire jarrera ere halakoa denean, hori transmititzen diot gelari. Ezin diozu umeari exijitu lasai egoteko, zu urduria zarenean eta urduritasun hori kontrolatzeko neurriak hartu ez dituzunean”.
Pixkanaka, Montessoriren filosofia forma hartzen ari da Elgorriagaren gelan. Lehen gela materialez eta jostailuz beteta zegoela dio, eta askok lurrean botata bukatzen zutela; orain material gutxiago dituzte, baina helburu zehatzekin. Gainera, kontu handiz erabiltzen ditu, eta haurrek ere hala barneratu dute, gehiago zaintzen dute dena. Gelan kristalezko materialak nolatan sartuko zituen esan zioten, umeek berehala apurtuko zituztela; bada, osorik diraute. “Edota lehen nik zerbitzatzen nien ura ume guztiei eta nahiko kaotikoa zen; orain pitxerra dute, eta edalontzi bana, eta norbera moldatzen da ura edateko. Lurra bustitzen dela? Badakite non dagoen zapia eta lehortu egiten dute”.
Aztoramendurako beharra ez al dute, ordea, haurrek? “Umeak isiltasuna ere behar du. Uste dugu garrasi batean bizi direla, baina lasai eta gustura ikusten ditut bakarrik edo talde txikitan jardunean”. Azken finean, sarri kontrakora ohitu ditugu, estimuluz inguratuta eta helduon bizi-erritmoaren estresak kutsatuta.
Etorkizunera begira, Montessori eredua hezkuntza publikoan txertatzea da Elgorriagaren helburua, eta egingarria ikusten du. “Haur Hezkuntzako curriculumak dioena eta Montessoriren filosofia bat datoz: autonomia lortzea, sozializazioa…”. Haur Hezkuntza irekiagoa dela eta askeago aritzeko abagunea ematen duela aitortu digu, baina gogoratu duenez, Batxilergora arte Montessori eredua jarraitzen duen eskola ugari dago munduan. “Euskal Herrian eredu alternatibo eta pribatu gisa zabaldu da, baina inguruan ikusi dut irakasle eta gurasoen artean gogoa eta interesa badagoela; zergatik ez zabaldu hezkuntza publikora?”.
Hezkuntza bi arazo handik zeharkatzen dutela adierazi dute IAk: "ideia erreakzionarioen" gorakadak eta "ikasleen egoeraren okertzeak". Mobilizazioaren deialdia hedatzeko, goizean errepide mozketak egin dituzte Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Bilbon, Euskal... [+]
Iruñeko haur eskoletako zuzendariek, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNren arteko akordioa kritikatu dute. “Murgiltze ereduaren alde egin dugu beti, baina inoiz ez da gure iritzia kontutan hartzen” salatu du Euskalerria Irratian, Garikoitz Torregrosa... [+]
Zinez txalogarria, eskolako irakasle talde jakin baten borondatez, eta zenbait gurasoren inplikazioz, A ereduko ikastetxe estigmatizatu bat D ereduko eskola bilakatzeko abian jarri duten prozesua Gasteizko Judimendi auzoan. Honela, posible egiten ari dira Araba, Bizkaia eta... [+]
2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi baino bi aste lehenago, Hezkuntza Saileko arduradunengana jo genuen, itunpeko eskoletako gelen ituntze maila ez delako egokitzen demografiaren jaitsierara eta indarrean dagoen lege esparrura.
Hiri gehienetan arazo orokorra... [+]
Eskolako zenbait gurasok euskalduntzeko egindako ahalegina ikusarazi, eta hezkuntza komunitatean euskararen aldeko jarrerak piztu. Helburu horiekin bultzatu du Autobiografia Linguistikoak ekimena Ramon Bajo ikastetxeko Basartea gurasoen elkarteak, Gasteizko Alde Zaharrean. Pozik... [+]
Martxoaren lehenengo lanegunarekin batera, komunikabideetan azalduko ez diren aldaketak etorri dira EHUn. Azken Lan Publikoko Eskaintzaren ondorioz, ehunka langile –arlo tekniko eta administrazio zerbitzutakoak– orain arte okupatzen zuten lanpostutik atera eta beste... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]
“Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.
Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]
Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen.
Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.
Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]