argia.eus
INPRIMATU
Telesailak, gizartearen ispilu
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre 2015eko ekainaren 04a
Zer harreman dute telesailek sortu diren herrialdeko gizartearekin? Herrialde bakoitzean asmatu dituzte formulak egoera soziala pantailara eramateko. Argazkian Black Mirror telesail britainiarra.
Zer harreman dute telesailek sortu diren herrialdeko gizartearekin? Herrialde bakoitzean asmatu dituzte formulak egoera soziala pantailara eramateko. Argazkian Black Mirror telesail britainiarra.

Neighbours telesail Australiar ezagunak 30 urte bete ditu aurten. Bertan, Erinsborough izena duen fikziozko aldiri bateko bizilagunen egunerokoa ikus dezakegu: eskola, ospitalea, tailerra, hotela, denda, taberna... bertako gizartea islatzen da azken finean. Interesgarria iruditzen zait, oso, nola lantzen diren gizarte gaiak gaur egungo telesailetan. Gai konkretu batzuk zer erraztasunekin jorratzen diren leku batzuetan, eta gai berbera, beste herrialdeetan aipatze hutsa ezinezkoa bihurtzen den. Askok estereotipoetara jotzen du, baina besteak aldiz, gizarte horren trapu zikinak aireratzeko erabiltzen dute, baita kritika mundu osora zabaltzeko ere.

Argi dago, gaur egun, telesailak mugarik gabeko fenomeno globala direla. Genero eta gai desberdinak ahalik eta ikusle-sorta gehiena harrapatzeko asmoarekin lantzen dira. Eta nola egiten da hori? Gakoetako bat, gidoiaren barneko pertsonaia eta kokalekuak lantzerako garaian, ikuslearengan enpatia sortzea da, identifikatuak sentitzea alegia. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zait trama poliziakoaren azpian, fantasiazko munduen barruan edo beldurrezko pasarteen muinean, gizarte-gaiak lantzea. Modu sotilean herrialde konkretu horren erradiografia erakustea, alegia.

Borgen, Bron/broen, Forbrydelsen, Äkta människor eta herrialde nordikoak

Lau telesail hauek erakusten dute gaur egungo egoeraren kritika zorrotza telebista produktu zentzudun eta entretenigarri baten bitartez egin daitekeela. Lau ekoizpenetan, argi eta garbi ikus dezakegu, guztien begietatik idealizaturik dauzkagun gizarte nordiko horietan ere, badela ustelkeria. Bertako gizartearen alderdi ezkutu horri buruzko hausnarketa sakon bat egin daitekeela, estereotipoetara jo gabe: klase borroka, diskriminazioa, xenofobia, maitasuna, bakardadea, zahartzaroa, adiskidetasuna eta gizakia beraren definizioa bezalako gaiak, maisutasunez uztartzen dituzte.

Black Mirror, Happy Valley eta Erresuma Batua

Hasteko, bi telesail hauek, bertatik datozkigun ekoizpenak kalitatezkoak, motzak eta biziak direla frogatzen duten bi adibide nabarmen dira. Baina, batez ere, istorio entretenigarri bati gizarte kritika zorrotza gehitu diezaiokegula erakusten dute. Alde batetik mundu osora estrapolatu daitekeen teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Eta bestetik, trama poliziako eta bahiketa baten aitzakiarekin, drogen inguruko eta horien ondorioei buruzko hausnarketa errealista eta gordina egin daitekeela.

The Wire, Breaking bad, True detective eta AEB

Louisiana, Baltimore eta Albuquerque, horiek dira hiru telesail hauek lantzeko erabili dituzten hiriak. Hasieran aipatu dudan erradiografia hori maisutasunez landu dute, hiriak eurak tramaren barneko pertsonaia bihurtuz. Ez dut uste kasualitatearen eragina izan denik drogak, ustelkeria, gaixotasuna eta krimena bezalako gaiak leku konkretu hauetan garatzea.

Goenkale eta Euskal Herria

Ezer gutxi esan daiteke adibide horri buruz, nabarmena baita zer eragin izan duen telesail honek euskaldunontzat. Kasu honetan, Arralden gertatzen dira gorabehera guztiak, Euskal Herriko kostaldean kokatzen den fikziozko herri arrantzale txikian. María Luisa, Txapas, Joxe Mari, Boga Boga eta Barsobia gure kultura telebisiboaren zati bilakatu dira. Egunerokotasun handiko telesaila izan da, errealitatearekin kontaktuan egon dena, modu batean gizartean bizi dugun normalizazioa islatu duena. Eragin hori antzemateko, bitxikeria moduan, duela urte batzuk harakin elkarteak, faltsututako haragiaren inguruko trama bat kentzeko eskatu zuen eta auzia Parlamentura iristeko zorian egon zen.