“Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea...”.
Frantzian, Apt-en, hasten da zure gidoia.
Hego Euskal Herritik joandako bi emigranteren semea izan arren frantsesa da ongi hitz egin dudan lehen hizkuntza. 1960ko hamarkadako frantses eskola publiko arranditsuan ikasi nuen, kultura arnastu eta edan... Frantses kulturak izugarrizko pisua du nigan. Hala, 1969an Iruñeko Eskolapioetan lur hartzea izan zen gogorra: uniformea jantzi, kredoa gogoz ikasi... “Espainola” nintzen Frantzian eta “gabatxoa” Iruñean. Ez naiz sekula nagoen tokikoa izan. Gerora, Donostiara mudatzean ere, “nafarra” deitzen zidaten. Hastapenean mingarria da, erraiak sutzen dizkizu, baina ez da talaia txarra munduari erreparatzeko. Bizi zaren jendartearekiko distantzia ematen dizu, bertakoak heltzen ez diren txokoetan kamera pausatzeko gaitasuna.
Aldea dago, alta, kamera pausatzeko txokoa ikustetik kamera atzeko lanak egitera.
Frantzian bizi ginela ikusi nuen L'Adieu aux Armes, I. Mundu Gerrari buruzko film bortitza, haur frantsesei alemaniarrak sasikumeak zirela pentsa zezaten jartzen zietena. Harrapatuta gelditu nintzenez, oinarrizko ikasketak bukatzean zinemarekin zerikusia zuen zerbait ikasteko ahalegina egin nuen. Alferrik, ordea. Inguruan ez zegoen antzeko ezer eta gurea bezalako familia xumean pentsaezina zen zinema ikastera kanpora joatea. Gogogabeturik ekin nion beste karrera bati, soldaduska egokitu zitzaidan eta poesia idatziz asetzen nuen nire sortzaile grina. Halako batean, poema bat izateko luzeegia zen pieza arraro bat sortu, film bat izan zitekeela otu, eta gidoi bat nola idazten zen arrastorik izan gabe irabazi nuen lehiaketa bat. Zoriak itzuli ninduen zine mundura, zoriak eman zidan labur pare bat egiteko aukera. Aski izan zen zuzentzen idazten baino dorpeagoa nintzela ohartzeko. Berezko ofizio bat da gidoigintza, beste ezertara ez dedikatzeko bezain eder eta konplikatua.
Zer da gidoigile on bat?
Idazle batek bezala idatzi eta zinegile baten gisan pentsatzen duen norbait. Idazten duzun orok izan behar du irudi. Horretarako, autoexigentzia itzela eta autoexigentzia horri bizirauteko gaitasuna behar dituzu. Haustea eta berriz hastea da gure egunerokoa. Esku batean sedazko izara batekin eta bestean zorroztutako aizkora batekin idazten da gidoi bat. Biak dira ezinbestekoak istorio bat iruditan ordenatzeko. Ezin zara autokonplazentzian erori, garbi ukan behar duzu pelikularen onurarako ari zarela, filma zure mesedetara jarri ordez. Ofizioak irakatsi dit segurtasuna datzala goizegi “akabo!” ez esatean, beti bila ibiltzea dela sekulakora iristeko sinesmena. Buruarekin eta eskuekin ez ezik, ipurdiarekin ere idazten dira gidoiak.
Nolakoa da gidoigilearen begirada?
Pelikulak egiten ditugunok eta filmak ikusten dituztenek eremu zabala elkarbanatzen dugu: bizitza. Hori da gure guda-zelaia. Nola islatzen den tristura? Kalean goibeldu zaituen irudia disko gogorrean grabatu eta gidoiak tristura eskatzen dizunean erabiliz. Sentimenduak eta irudiak elkarri lotuta xurgatzen dituzten belakiak gara. Horregatik da sormena jarrera bat. Noiz-zer arrantzatuko duzun ez dakizunez, beti zaude arrantzarako prest. Gure ama hilzorian zegoenean, autobusean joaten nintzaion ospitalera bisitan. Otsaila zen, eguraldi gaiztoko negu betea, eta nire aurreko 7 urteko neskatilak kristal lurrunduan K.K idatzi zuen bihotz batean barnebilduta. Neskatilaren xalotasuna, gure amaren heriotza, nire tristuraren baitako irribarrea... Sabelak buelta eman zidan, eta gauzak zer diren, urte batzuk berantago film batean sartu nuen irudia. Keinuak, hitz egiteko manerak... Beti egon behar duzu adi. Nik ez dakit bonbilla bat aldatzen edo iturria konpontzen, kasurik egiten ez diedalako haserretzen zaizkit lagunak, baina bizitzaren detaile zinematografikoak nekez eskapatzen zaizkit.
Detaile zinematografikoez ari gareno, nola sortzen da pertsonaia bat?
Arketipoetatik eta bizitzaren obserbaziotik abiatuta, istorioaren beharren arabera pertsonaia ñabarduraz janztea da gakoa. Edozein egoeraren aurrean zure pertsonaiak nola erreakzionatuko lukeen, zer sentituko eta nola jokatuko lukeen irudikatu behar duzu. Bere psikologia garatu eta zeure egin. Badira istorioaren bilakaerarako traba izan ez dadin pertsonaia gehiegi garatzen ez duten gidoilariak, baina niri pertsonaian oinarrituta idaztea gustatzen zait. Ez da kasualitatea [Enrique] Urbizuk eta biok egin ditugun lanetan protagonistek gure adina izatea. Denek dute gure zerbait, gure zeharkako arrasto bat edo beste. Alabaina, psikologia irudi bihurtzea da giltza, zer agertu eta zer gorde garbi izatea. Esaterako, trajez beztitutako gizon bat ageri bada treneko leihoaren aurka lo, eta planoak behera egitean, oin bakoitzeko behatz lodiaren parean, galtzerdietan bi zulo baditu, zer pasatzen da ikuslearen burutik? Collage lana da zinema, topikoekin jolas egitea. Gidoigileok ez gara egitura teoriko batentzat ari, zerebeloarentzat baizik. Arrazoiaren eta intuizioaren arteko orekan datza arrakasta. Zenbat eta oreka gehiago, orduan eta aukera gehiago ikusleak etxera eramango duen film sakon hori egiteko.
Arrazoitzeaz eta intuitzeaz harago, emozioak idatzi daitezke?
Emozioak transmititzen dituzten irudiak idatzi daitezke. Intuitu zenezake non egingo duen jendeak negar, noiz lehertuko den barrez, baina lan bat aurkezten duzunero zara jendearen erreakzioaren beldur. Uste zenuena gertatzen da batzuetan, baina gidoilari gehienok hartu ditugu susto eta disgustu galantak. Zure lanarengandik askatzen ez zareno, ez dakizu zehazki zer egin duzun. Horregatik da eskola bikaina zine-aretora zure pelikula ikustera joatea. Jendeak filma ikusten duen bitartean, jendearen filma ikusten dut nik. Hala ere, ez da ahaztu behar muntaia-mahaian bukatzen dela gidoia, casting txar batek gidoi on bat izorratu dezakeela, zuzendaritzak... Aldagai askok eragiten dute gidoiarengan. Horregatik diote maisuek gidoi on batekin film on zein txar bat egin daitekeela, baina gidoi txar batekin ez dagoela zereginik.
Inspirazioak ere ez omen du zereginik, lanik eta ofiziorik gabe.
Zinema egitea ekoizpen industriala da, zuzendari edo ekoiztetxe batentzat egiten duzu lan, eta zure burutaziorik txepelenak milioi bat euroko kostua du. Uste duzu hori orrialde zuriaren aurrean zigarroari zupadak emanez zer etorriko zain jartzearekin bateragarria dela? Ez diot lekurik uzten norbere burua engainatzea baizik ez den inspirazioaren mistikari. Bide horretan, deskubrimendua izan zen Giani Rodari-ren La Gramática de la Fantasía liburua.
Ordurako ohartuta nengoen nire irudimena laua bezain errepikakorra zela, eta irekidura hezten lagundu zidan. Geroztik, egitasmo berri bat hasten dudanero, argazkiekin, hitzekin, abezedarioekin edo eremu semantikoekin ariketak egiten ditut berez sortuko ez litzaizkidakeen ideiak akuilatuz. Ez dago besterik, zure irudimena kutsatu ezean, beti urratzen dituzu bide berdintsuak, fite bihurtzen zara aspergarri.
Sinesgarritasuna da aspergarri ez bihurtzeko baldintzetako bat?
Sinesgarritasuna eraiki daitekeen elementu oso teknikoa da. Kontatzen duzunak sinesgarritasuna kanporatzeko poroak behar ditu, ikusleak bere egiteko moduko benetakotasuna. Hori bai, denak ez du zertan erabat sinesgarria izan. Filmak tratu bat ixten du ikuslearekin eta, datorrena erakargarria zaiolako edo besterik gabe, ederki pasatzen ari delako, ikuslea prest dago sinesgaitza sinesteko. Uneoro zenbateko exijentzia maila duen neurtu behar du gidoilariak, non lotu behar dituen detaileak estu, noiz jokatu dezakeen lasaiago. Horregatik ez du film baterako ikerketa lanak zertan obsesiboa izan. Leprosoei buruzko pelikula bat egiteko ez duzu bi hilabetez leprosoekin bizitzera joan beharrik. Film hiper-errealista baterako ez bada, hegazkin bidaia batean ondokoa bi orduz entretenitzeko beste ikertu behar duzula dio errefrauak, ez gehiago, ez gutxiago.
Kritika beti da hiper-errealista?
Badakit kritika garrantzitsua dela, irakurtzen dut, baina errespetu gutxi diot. Nolatan jar diezaioke film berari 0,5 nota batek eta 9,5 besteak? Subjektibismoaren alardea da hori, ez kritika. Hori gutxi ez, eta lotsagarria da besteen lana komentatzeaz bizi den norbaitek beste norbaiten azken bost urteetako hil ala biziko lana komunetik behera bota ahal izatea pulpitutik jaitsi gabe. Kritika bat agertzea aski da pelikula horri buruz esan beharreko guztiak esanda daudela pentsatzeko. Ez zait serioa iruditzen. Are gehiago, egun horretako iragarkiaren tamainaren arabera kritika hori luzeagoa edo laburragoa denean, zure hedabidearen komunikazio talde bereko enpresak ekoitzi duen filma larrutu ezin duzunean... Denek ez dugu gauza bera jokoan. “Egurtzen zaituztenean kasurik ez, baina laudatzen zaituztenean ere ez!” dio gidoilari amerikar batek. Agian, sarientzako ere balio du formulak. Oso arriskutsuak dira gazte ematen badizkizute. Erabat nahastu zaitzakete, zure arrastotik desbideratu. Zorionez, nik 50 urte beteta irabazi ditut irabazi ditudanak. Bizilagunek gidoilaria nintzela baieztatzeko balio izan didate. Ordutik lasai agurtzen naute, ez naiz etxetik erosketak egitera soilik ateratzen den ustezko arma trafikatzailea.
Kritikak, sariak, beti bigarren lerroan egotea... Nolakoa da gidoilariaren egoa?
Oso berezia. Gidoigintzatik bizitzeko apustuak ego indartsua eskatzen du, baina garbi izan behar duzu besteentzat egiten duzula lan, zure lekua ez dela alfonbra gorria. Gidoilaria eta gidoilariaren estiloa ikusezinak badira, hainbat hobe. Nik badakit familia ugari bat atera behar dudala aurrera, ordaintzeko faktura mordoxka metatzen zaizkidala hilabete hondarrean, eta zorionez, ez zait lehen lerroa gustatzen. Nire hondar-aletxoa duen pelikula bat ikustera noanean bost axola zait inork nire berri ez izatea. Pentsa, gehiegi agertzen naizela iruditzen zait, ukan beharko nukeena baino ospe handiagoa dudala. Ederki nago nagoen lekuan. Fokupean bizi nahiko banu neuk egingo nituzke filmak.
Fikzioa ere ederki zegoen ETBn, baina...
ETBrentzat lan egiten nuen sasoian, mahai-bueltako programa baten aukera iradokiz gero, “telebista egin behar dugu, ez txorakeriak!” asaldatzen zitzaizkizun. Orain, miseria baizik ez dut ikusten. Bilboko egoitzak CNNrena dirudien arren, baliabideak falta dira, baina batez ere, ez dago gure indarguneak neurtzeko gaitasunik. Zergatik ez da inbertitzen sormenean eta talentuan? Arriskatzen ez deno, gero eta telebista okerragoa izango dugu, gero eta grisagoa, bere sinesgarritasuna bere izatea kolokan jarri arte higatuko duena. Bi urtez ikerketa eta kreatibitatearen aldeko apustu itsua egingo balitz, ordea, audientziek gora egingo lukete agian, beste telebistei programak saltzeko aukerak sortuko lirateke akaso... Vaya Semanita-rekin ez al zuten merkatua puskatu? Baina ez, bizitzako azken helburutzat ETBko zuzendari izatea dutenak jartzen dituzte agintzen, eta jende horrek ez du telebista bat zuzendu nahi, telebistako zuzendari izan nahi du. Ez dauka zentzurik. Talentua dutenak egunero lepoa jokatzen ari dira, eta jubilaziora arteko lanpostua ziurtatuta duten asko inolako pasio eta atxikimendurik gabe. Arriskatu behar dutenek arriskatu dezatela, behingoz.
1959an sortu zen Apt-en (Frantzia). Film labur eta telebistako zenbait saio zuzendu baditu ere, gidoigilea da ofizioz. Bereak dira, besteak beste, Julio Medemen Behiak, Enrique Urbizuren La Caja 507 eta La Vida Mancha, Aitzol Aramaioren Txokolate apur bat, Rodrigo Roderoren El Idioma imposible, edo Iñaki Elizalderen Baztan filmetako gidoiak. 2012an gidoi onenari dagokion Espainiako Goya saria eman zioten No habrá paz para los malvados-en egindako lanagatik. Horrez gain, gidoigintzari buruzko master zein ikastaroak ematen ditu Espainiako Estatuan eta lau poema liburu kaleratu ditu: Las aventuras de Máximo Tiratti, Banderín de Perversión, Ternura Blindada eta Moscas en los incunables.
“Ikasleak ‘telebistako gidoigintzako maisuak ikuslea tontoa dela esan digu’ hurbiltzen zaizkidanean, ‘eta bera sasikume bat!’ haserretzen natzaie. Ikuslea ez da tontoa. Alderantziz, gero eta jantziagoa da. Jaio denetik ari da irudiak irensten, irudiaren jendartean bizi da, inkontzienteki irudi horiek analizatzeko gero eta gaitasun handiagoa du. Nola ez dut sinetsiko ikuslearengan? Ikuslea arditzen eta astotzen duten elementuak badaudela? Ados, horregatik sartuko nuke zinema ikasketa programetan. Irudiak irakurtzen ikasteak heziko gaitu, eta heziketak bihurtuko gaitu ikusle exijente”.
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]
Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]
Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]
Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]