argia.eus
INPRIMATU
Sasoiko itzuli dira
  • Same old

    Bonberenea ekintzak, 2015

Joxi Ubeda Goikoetxea 2015eko ekainaren 04a
Cabeza voladora, Same old

Indar handia transmititzen dute Same Old taldearen kantuek. Rock progresibo aireak, kutsu epikoko giroak, eta pasarte iradokitzaileak eta hunkigarriak entzun daitezke Cabeza voladora lanean –binilozko disko bat eta CD bat–. Taldekideek indar handia erakusten dute musika tresnak jotzeko eta kantatzeko garaian. Karlos Osinaga arduratu da diskoaren grabazioaz, nahasketez eta ekoizpenaz, eta lan ederra egin du Bonberenea estudioetan.

Doinuak ongi osatuak eta apainduak daude. Rock kantuak dira, mid tempo erritmoak, baina kantu pare batek –Cabeza voladora eta Frente comun– erritmo biziagoa dute. Gitarren marrazkiak, ñabardurak eta xehetasunak kantuetan nonahi entzun daitezke, eta teklatuen notek eta akordeek ederki janzten dituzte kantuak.

Hitzak oso landuak dira. Harremanak, aske sentitzeko, bizitzeko eta izateko nahia, eguneroko bizimodu petraletik eta betiko ohitura aspergarrietatik ihes egiteko gogoa, koldarkeria, zabarkeria, zikoizkeria, zurikeria, itxurakeria eta beste hainbat kontu dituzte hizpide.

Same Old taldea Gasteizkoa da. Gaztelaniaz eta euskaraz kantatzen dute. Jose C. Porras (ahotsa), Dani Arrizabalaga (bateria), Jesus Villalabeitia (gitarra), Danilo Foronda (gitarra), Francisco Orlando (teklatuak) eta Federico Egiluz (baxua) dira taldeko kideak. Danilo Foronda taldeko musikari berria da, lehendik jadanik gainerako taldekideen laguna zen, eta Miguel Angel Cle gitarra jotzailearen ordez hasi da taldean.

Cabeza voladora lana duela aste batzuk argitaratu du Bonberenea Ekintza zigiluak, apirilaren 22an, hain zuzen. Taldeak beste bi disko dauzka kalean Contrafacto (2007) eta Traidor, inconfeso y martir (2010). 2012ko urriaren 12an taldeak Traidor, inconfeso y martir diskoko 4 kantu zuzenean grabatu zituen Westline estudioetan, Juan Blas teknikariarekin, audioan eta bideoan, eta Ramon Marc Bataller saxo jotzailearekin.

Same Old duela hamabi urte inguru sortu zen. Cabeza voladora argitaratu aurretik bi urte inguru isilik eta geldirik egon da, baina ilusio, gogo eta indar handiz bueltatu da. “Orain, gure bizi lerroak berriz ere elkartu dira, eta gehien atsegin duguna egiten dugu berriz ere, jo, jo eta jo, asmo handirik gabe”, taldekideen hitzetan.

Taldea indarberriturik itzuli dela eta sasoian dagoela nabari da Cabeza voladora laneko kantuak entzunez gero, eta hori sumatuko dugu han eta hemen egiten diren jendaurreko emanaldi bat ikusten badugu.