argia.eus
INPRIMATU
Baionatik Parisera, 5.000 kilometroko Alternatiba Tourra
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko ekainaren 04a

Ekainaren 5ean abiatuko da Baionatik pelotoia, Alternatiba Tour, baina hilabete lehenago Ingalaterrako Todmorden herrian burutu du prologozko etapa: maiatzaren 3an, “Alternatiba Todmorden”, non eta mundu osora Transition Town eredua zabaldu duen hartan. 2013an Iparraldeko Bizi! Mugimenduak Baionan antolaturik, klimaren krisia gainditzeko borroken ikurretako bat bihurtu da Alternatiba Europan.

Azken prestaketetan ari dira, dagoenekoz dozena erdi bat bilkura zabal antolatuta Frantziako Estatuko 50 hiritatik iritsitako ordezkariekin. Ekainaren 5, 6 eta 7an Euskal Herriko lurretan ibiliko dira itzuliko txirrindulariak, ardatz dauzkatela Baionan eta Donostian egingo diren Alternatiba herrixkak. Eta hortik irailaren 26an Parisko helmugara iritsi artean, jira eta bira 5.000 kilometrotan zehar, herritarrak berotzen udazkenean hiriburu hartan klimaren krisiaren inguruan burutu beharreko COP21 gailurrean munduko agintariei presio egin diezaieten.

Lehendik lanean ari ziren talde ekologisten aldamenean estilo ezberdina eta lanerako indar berria ekarri ditu Bizi! gazteak, Manu Robles Arangiz Fundazioaren babesarekin. Baionan duen talde nagusiaren aldamenean lekuko txikiagoak sortu ditu, tartean Larrun, Barnealde eta Zuberoakoa. Azken udal hauteskundeetan eztabaidatzeko “Lan Tresna Kutxa” interesgarria zabaldu ostean, hautetsien hiru laurdenek trantsiziorako oinarrizko neurriak onartzea lortu zuen.

Frantziako Estatu mailan, Baionako Alternatiben Herrixkak adina oihartzun emango zion Hexagono osoko kamioilariak eco-taxe edo kutsaduragatiko zerga pagatzearen kontrako matxinadan ari zirenean Bizi!-k horrelako zerga baten beharra defenditu eta kamioi bidezko garraioaren salaketa ausarta egin izanak.

2014an, Lapurdiko Zokoan egindakoaren parean, Alternatiba izenez (euskarazko “b” hizki eta guzti) 35 gehiago antolatu ziren Frantziako Estatu osoan barrena, urrutienekoa antipodetako Tahitin. Orain izen bera eramango du Parisko klimaren gailurrean bildu agintariei ausardia eta irmotasuna eskatuko dien Europako mobilizazio handietako batek. Trantsizio klimatikoaren aurtengo irudi nabarmenetakoak izango dira hiru eta lau txirrindulariz osatutako tamden erraldoiak.