argia.eus
INPRIMATU
Koloreak
Joanes Etxebarria 2015eko maiatzaren 27a

Berria ez zaizue @euskalmet-en txio bat bezain laster helduko, baina euria ari du Maulen. Gure etxeko terraza bustia da, eta txoriak basamortuan balira bezala ari dira janaria bilatzen teilatu grisetan. Halere koloreak baditugu terrazan liliak ezarri genituenetik. Ez nuen pentsatu egun grisak alegeratzeko balioko zutenik, baina hala da. Gainera, koloreak ederragoak dira iluntasunean.

Goizeko zigarreta finitu eta kafe beroarekin ordenagailu aitzinean jarri naiz, egun oroz bezala. Firefox ireki eta lotura begibistakoa egin zait; koloreak agertu zaizkit iluntasunaren erdian, oraingoan Gasteizen. Liliak zeru grisean nola, ile-faltsuen koloreek eta tixerta laranjek kontrastatzen dute ertzainen beltzarekin.

Gasteizko irudiek ez badute ere baratzegintzarekin konparazio posiblerik, landareek, arduraz eta maitasunez zainduak direlarik, grisari gaina hartzen diote beti. Hosto bat kentzen bazaie hemen beste bat aterako da han. Hiru hosto kendu, eta gehiago aterako dira. Egunak grisetik goibelera tiratzen duenean, zein onak diren koloreak... eta kantua jin zait gogora “taupada bakoitzaz, koloreztatu zuri-beltza”.