argia.eus
INPRIMATU
Immigrazioaren sorburuari egin eraso
Juan Mari Arregi 2015eko maiatzaren 26a

Mediterraneoan 800 etorkin hil ziren naufragiotik hilabete igaro denean, Europar Batasunak baiezkoa eman dio trafikanteen jarduna deuseztatzeko operazio militarrari. Aurrekaririk ez duen misio horretan, Europako ejertzitoetako gerraontziak eta hegazkinak Libiako kostaldean ibiliko dira, herrialde hori baita etorkinen abiagune nagusia. 2014an 170.000 lagun iritsi ziren itsasoz Mediterraneoaren alde honetara. Aldi berean, zenbait albisteren arabera, 7.000 lagun daude itsasoan noraezean Bengalako Golkoan, batez ere Birmaniakoak. Badirudi 100 pertsona hil direla jadanik itsasontzi horietan, janaria lortzeko etorkinen artean sortutako liskarren ondorioz. Laster ur gaineko hilerri bihurtuko dira. Indonesia, Malaysia eta Thailandia irtenbide bila ari dira.

Gobernuentzako errazena operazio militarrak egitea da, etorkinen kontra aritu eta trafikatzaileak eraso. Azkeneko hau kontuan eduki behar da, baina ez da irtenbidea Mediterraneoko eta Asiako hego-ekialdeko immigrazioa konpontzeko. Jatorriko arrazoiak eraso behar dira. Horregatik, konponbideak ekonomikoa eta politikoa behar du izan. Europak eta Ipar Amerikak badakite hori, baina… Soluzio ekonomikoak behar dira inor ez dadin migratzera derrigortua izan bizirauteko. Etorkinak esportatzen dituzten herrialde horiei lapurtu eta ustiatutakoa itzultzea izan liteke hasiera on bat. Espoliazioan parte hartu duten NDFk eta Munduko Bankuak bertara bideratu ditzakete euren diru-funtsak. Eta soluzio politikoak ere badaude gerran ari diren herrialdeentzat. Badakigu gatazka horietako asko zenbait herrialde aberatsek sustatzen, bultzatzen eta ordaintzen dituztela.

Kudeatzaile politikoek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibilak berak ezin dute geldirik egon; larrialdi humanitario honi irtenbidea eman behar zaio. Ezin dugu utzi munduko itsasoak etorkinen hilerri izaten segitzen. Denok gara erantzule.