argia.eus
INPRIMATU
Etxauz: Axular eta Chaplin lotzen dituen haria
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko maiatzaren 26a
Etxauzko gaztelua gaur egun.
Lamplight Drivel

Baigorri (Nafarroa Beherea), 1555. urte inguruan. Grazian Etxauz Baigorriko bizkondeak gaztelua eraikiarazi zuen. Hurrengo urtean jaio zen Bertrand Etxauz, Grazianen biloba, eta leinuko kide ezagunenetakoa. 1599an Baionako apezpiku izendatu zuten Bertrand, eta 1617an Tourseko gotzaintza lortu zuen.

1643an Pedro Agerre Axularrek Gero argitaratu zuenean, liburua Bertrand Etxauzi eskaini zion, eskerronez; 1600ean, Sarako erretorea erretiratu zenean, Etxauzek Axularri eman zion kargua. Eta, itxuraz, Axular ez zen izan gotzain baigorriarraren laguntza jaso zuen idazle bakarra, Joanes Etxeberri Ziburukoak ere Elizara erabiltzeko liburua eskaini baitzion urte batzuk lehenago, 1636an.

Gaztelua etxauztarren eskuetan egon zen Amouko Caupenne familiak 1732an eskuratu zuen arte. Frantziako Iraultzaren ondoren, Jean Isidore Harizpe mariskal baigorriarrak erosi zuen, baina handik mende erdira beste sendi ezagun bat sartu zen gazteluan: Abbadie D’Arrast familia.

Antoinen anaia Jean Charles d’Abbadiek erosi zuen etxea 1850eko hamarkadan. Eta haren biloba Harry d’Abbadieri esker, gaztelua Hollywoodeko hainbat izarren ostatu izan zen XX. mendearen lehen erdian.

Harryk, Argentinan jaio arren eta Hollywooden zinema zuzendari eta gidoigile aritu arren, denboraldi luzeak ematen zituen familiaren gazteluan eta tarteka zine munduko lankideak gonbidatzen zituen. Douglas Fairbanks, Mary Pickford eta Gloria Swanson izarren laguna zen, baina bereziki Charles Chaplinekin zuen harreman estua. Maisuaren The gold rush (Urrearen sukarra) filmeko zuzendari laguntzailea izan zen 1924an, eta Chaplin behin baino gehiagotan izan zen Baigorriko gazteluan. Aktore eta zuzendari ezaguna ez omen zegoen gustura gazteluko telefonoarekin eta, horrenbestez, bisitaldietako batean ondo funtzionatzen zuen telefono bat eraman zuen Baigorrira.

Harry d’Abbadiek ingurukoak liluratzen zituen xarma omen zeukan, baina baita galbidera eramaten zuen muturreko urguilua ere. Azkenean, Chaplinekin haserretu zen eta The gold rush filmaren bertsio berria aurkeztean, 1942an, Chaplinek Harryren izena kredituetatik ezabatu zuen. Baina hark ekarritako telefonoa Etxauzko gazteluko liburutegiko mahaiaren gainean dago oraindik.