argia.eus
INPRIMATU
Erresistentzia baketsurako eskubidea
Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko maiatzaren 26a

Gasteizen herri harresi esperientzia berri bat bizi izan zen hilaren 18an. Egoera injustu bati erresistentzia baketsuaren eta desobedientzia zibilaren bidez erantzutea zen protestaren muina. Espainiako Estatuak joan den hamarkadan finkatutako “dena da ETA” eta haren ondorioei gaurko ikuspegi eta estrategiekin erantzutea. Hori da orain eta eta hori baino gehiago ere izan liteke etorkizunean.

Gasteizkoa aztertzerakoan klabea da ‘erantzuna’ berba, hori baita azken finean, horren basati eta injustuki zigortutako gazteak egiten ari direna, haien jardun politikoagatik jarritako urteetako kartzela zigorrei erantzutea. Erantzun Auzitegi Nazionalari, erantzun Espainiak gezurrean eta torturan finkatutako estrategia errepresiboari.

Horregatik da bitxia, esaterako, halako tituluak irakurtzea: “La izquierda abertzale desafía a la Ertzaintza con otro ‘muro popular’” (Deia, maiatzak 18). Funtsean protesta ekintza den honetan desafiorik egotekotan, herri harresietako gazteek Auzitegi Nazionalari egiten diotelako desafio, Estatuari, eta ez Ertzaintzari.  Jakina, Ertzaintza kasu honetan Estatuaren polizia denez, egoera zaildu egiten zaio, berau agintzen duen Eusko Jaurlaritzari ere zailtzen zaion moduan. Kontraesanak  ageriago azaleratzen dira.

Edo ez al da kontraesana Estatuaren ilegalizazio estrategiarekin bat ez datorren Jaurlaritzak agindutako poliziak bete behar duela Auzitegi Nazionalaren agindua? Beste kapitulu baterako azterketa da, baina badira moduak eta moduak eta Gasteizkoan erabilitako biolentzia “proportzionalak” ez du Ertzaintzaren aurpegirik onena erakusten. Zer ote litzateke “ez proportzionala”?

Eskubide zibilei eragiten dien neurrian giza eskubide kontua da gazte horiekiko zigorra. Parte-hartze politikorako dagoen eskubidea urratzen da nabarmen Auzitegi Nazionalaren zigorrekin, honek  Konstituzio Auzitegiaren bedeinkazioa duen arren. Eta euskal gizarteko gehiengo oso handia dago “dena da ETA” doktrinaren aurka.

Behin eta berriz gogoratu behar da: Segi, HB edo Batasunakoa izateagatik bakarrik zigortzen ari dira pertsonak; ez auto bat erre, kale istiluetan triskantzak egin edo etakideekin kolaboratzeagatik… ez, soilik erakunde horietako kide izateagatik. Giza eskubideen ikuspegitik, azken zigorraren sententzia irakurtzea lotsagarria da: Segiko bilerek, pegatinek eta Jarrai eta Segiko kartalek eramaten dituzte gazteak sei urtez kartzelara.

EAJk hasieratik argi adierazi zuen “dena da ETA” estrategiaren kontrako jarrera. Kalera ere atera izan da ezker abertzalearekin batera oinarrizko eskubideen alde. 2013ko urrian EH Bilduk eta EAJk “eskubide zibil eta politikoen begirunea” eskatzen zuen agiria plazaratu zuten elkarrekin Eusko Legebiltzarrean.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzako agiriak giza eskubideen begiruneekiko erreferentziaz beteak dira eta salbuespen legediak bertan behera uzteko garaia dela ere argi zehazten da horietan. Baita ere Ertzaintzak aro berrian giza eskubideekiko begirune eta babesean izan behar duen garrantzia. Orduan, nola ezkontzen dira posizio horiek eta Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren injustizia hauek betearaztearekin? Bai, polizia integralarenak azaltzen du Estatuaren ikuspegia; baina bakea eta normalizazio politikoari dagokion ataletik nola azaltzen du fenomenoa Jaurlaritzak? Ez dago ezer esaterik? Hori da salagarria dena, alderik interesgarrienean ez duela ezer esaten.

Analisian erratu egingo da pentsatzen duenak Gasteizko herri harresi kapitulu berri honek ezker abertzalearen hauteskunde estrategiari erantzuten diola. Epai hau maiatzaren 6an iritsi zen Madrildik, ez zuen ezker abertzaleak jarri hauteskunde kanpainaren atarian. Baina hori baino garrantzitsuagoa, herri harresien dinamika hau ez da atzo goizekoa, berau bultzatzen duten gazte sektoreek berezko bizitza eta estrategia dute, alderdien dinamikatik ihes egiten dute eta haien oinarria Estatuaren injustiziari erresistentzia baketsuarekin aurre egitea da.

Euskal gizarteko gero eta sektore zabalagoen elkartasuna bereganatzen ari dira apurka, eta harrigarriagoa dena, Espainian ere elkartasunaren hariak mugitzea lortu dute. Nork pentsa zezakeen hori duela bost urte.