Aste gutxi barru, Googlen bilaketak egitean, “erosi” botoia ikusiko dugu. Orain arte Amazon, e-Bay eta antzeko atariek eduki dute lidergoa salmenten alorrean, baina laster Google izango dute lehiakide gogor.
Oraingoz “erosi” botoia ez zaio erantsiko bilaketa baten ondorioz era arruntean eskaintzen den erantzun sortari, emaitza-orri horretan nabarmenduta azaltzen diren zerbitzuei baizik. Horretarako, zerbitzu horien jabeek kuota finkoa ordaindu beharko diote Googleri, eta hark denda birtuala eskainiko die.
Googlen urrats horren arrazoi nagusia omen da Amazonen bilatzailea gero eta gehiago erabiltzen dela. Hartara, Googlek arriskuan ikusi du bilatzaileen alorrean duen nagusigoa. Espero dezagun, bederen, lehia hasi berriak abantailaren bat ekartzea erabiltzaileei.